Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 29 esnekigilek Euskal Esnekigileen Elkartea eratu berri dute. Hain zuzen, esnegileen, gaztagileen eta jogurt-egileen apustu bateratua da, gazta onduak, freskoak, jogurtak, esne pasteurizatua, gurina eta abar ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten artzainak, behizainak, ahuntzainak eta transformatzaileak batzen di- tuena; haien artean dira Debagoieneko Ama Txo eta Gomiztegi. Sektoreko ekoizleekin batzartu, bilerak egin eta eman beharreko pausoak zehaztu dituzte.
Elkartea duela urtebete jarri zuten martxan bost ekoizlek, eta tartean zen Ama Txo; ekoizleen artean babesa izateko jarri zuten abian. "Hutsune bat ikusten genuen. Elkarrengandik ezer gutxi genekien, eta, gabezia berberak genituela ikusita, sektorearentzat onurak ekarriko zituen elkarte bat eratzea erabaki genuen", adierazi du Txomin Alberdik, Ama Txoko gaztagileak. Urtebeteko epean bost ekoizle izatetik 29 izatera igaro dira, eta denbora horretan batu da Gomiztegi ere. "Ideia zein zen komentatu zigutenean ondo iruditu zitzaigun. Horrek bide emango digu talde moduan babesa izateko, esperientziak trukatzeko eta beste ganaduzain eta ekoizle batzuk ezagutzeko", dio Gomiztegiko Ekain Muruak.
Era berean, elkarteak sektoreko profesionalen interesak ordezkatuko eta gauzatuko ditu administrazioaren aurrean, eta osasun-agintaritzarekin koordinatzeko bitartekaritza eskainiko die ekoizleei. Gainera, formakuntzak eskaintzeko asmoa ere badute, ekoizleen prestakuntza mailan eragiteko. "Modu horretan, onurak lortu nahi ditugu ekoizleak garenontzat. Pauso horiek emanda kontsumitzaileen zein administrazioaren aurrean batasun bat erakutsi nahi dugu", adierazi du Alberdik.
Ekoiztutakoa ezagutzera eman
Elkartea osatzen duten kideek, guztira, 105 produktu ekoizten dituzte. Batzuek esne propioa erabiltzen dute; beste batzuek, aldiz, euskal jatorriko esnea erosi eta eraldatzen dute. Hala, aitzindaria da elkartea; izan ere, lehen aldiz batu dira hiru abeltzaintza-espezieren esnekiak ekoizten dituzten profesionalak. Hori dela eta, Gomiztegiko Ekain Muruak dioenez, "konbentzituta" dago eurek ere "goi mailako" produktuak ekoizten dituztela, eta hain ezaguna den Idiazabalgo gaztaren marka horretaz gain badaudela beste batzuk; eta kalitatezkoak, gainera. Hain zuzen, horixe da elkartetik plazaratu nahi dutena. "Errekonozimendu bat eduki nahi dugu. Jendea kontziente izatea gure produktuak erosten dituenean egiteko modu bat, gertukoa, eta bizitzeko modu bat eta filosofia bat dagoela horren atzean", dio Muruak.
Euskal Esnekigileen Elkartearen helburu nagusia ez da komertziala, baina sakonean edo zerrendaren amaieran dagoena da. Egindako lana ezagutzera emateaz gain, ekoiztutako produktuen salmentan eragina izatea ere badu helburu moduan. "Ez da helburu nagusia. Gu ere hor gaudela erakutsi nahi dugu, baina guztiaren amaieran helburu komertzial bat ere badu elkarteak. Sektoreari bultzada eman diezaiokeelakoan gaude", adierazi du Ekain Muruak.
Ateak zabalik
Elkartetik argi utzi nahi izan dute ateak zabalik daudela ekoizle berrientzat. Gainera, elkarteko kide izan nahi duenak ireki berri duten webgunean izango du informazioa, eta, bestalde, egiten duten lana ezagutzeko interesa duen ororentzat ere balio du.