Bost euroko deskontua Eusko Label izenpeko behiki-haragietan

Julen Murua Mesonero 2024ko ots. 2a, 17:34

Debagoieneko ia herri guztietan egongo da eskuragarri deskontu-bonua; guztira, hamar harategitan.

Kalitate ziurtatuko behiki-haragia modu arduratsuan kontsumitzea sustatzeko kanpaina jarri du abian HAZIk, Bonokela du izena kanpainak eta bi milioi euroko aurrekontua izango du. Ukrainako gerrak eragin handia izan du lehengaien prezioen igoeran, eta horrek, era berean, baldintzatu egin ditu elikaduraren balio-kateko hainbat jarduera. Elikadura kontsumo arduratsuaren alde egiten du kanpaina horrek, eta, horretarako, herritarrentzat eskuragarri izango dira Bonokela izeneko deskontuak.

Bost euroko deskontua

Bonokela deskontu-bonuak kanpainan parte hartzen duten harategi parte-hartzaileetan banatuko dira, eta hango bezeroek Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako behiki-haragia erostean egiten duten hamabost euroko erosketa bakoitzeko bost euroko deskontua izango dute; alegia, hamar euro ordaindu beharko dituzte erosketa horietan. Kanpainak urtarrilean hasi eta ekainera bitartean iraungo du, eta hilabete bakoitzean astebetez egongo da eskuragarri; urtarrilekoa astelehenean hasi zen, hilaren 29an, eta bihar arte arte egongo da deskontuak erabiltzeko aukera –otsailak 3–. Kontsumitzaileek zuzenean euren ohiko harategietan erosketak egitean eskuratu ahal izango dituzte deskontu-bonuak, kanpaina martxan dagoen aste espezifikoetan. Eusko Labeldun behiki-okela erostean automatikoki aplikatuko zaie deskontua. Parte hartzeko, erabiltzaileek formulario erraz bat bete beharko dute bonu fisikoetan euren datu pertsonalekin, edo afiliatuen txartel komertzialak erabili beharko dituzte, horrelako txartelak dituzten establezimendu laguntzaileen kasuan.

Kanpaina ez da soilik harategietan egongo eskuragarri; izan ere, Eroski, Uvesco Taldea, Carrefour, Alcampo, El Corte Ingles eta Supercor etxeetako haragiek ere izango dituzte Bonokela deskontuak.

Bailaran eragina

Deskontu-bonu horiek Euskal Herri osoan zeharreko harategietan egongo dira eskuragarri –guztira, 94–, eta horien artean, hamar Debagoienekoak dira: Aramaion, Bixente L. Azpilikueta harategia; Antzuolan, Gabilondo Arregi harategia; Arrasaten, Agirre-Etxe eta Landaluze harategiak; Bergaran, Leturia harategia; Elgetan, Barrenengua Okelak harategia; Eskoriatzan, Altuna Anaiak harategia; eta Oñatin, Garai, Jesus Odriozola eta Antxon harategiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak