Azaroan argitaratu zen, eta, otsailaren iritsierarekin batera, bailarako autoeskoletan banatuko da Ikaslearen eskuliburua B baimena liburua. Bertan, autoa gidatzeko baimena ateratzeko beharrezko materiala agertzen da, eta, ia urtebetez liburua sortzeko lanean aritu ostean, gidabaimena ateratzeko prozesuan daudenek eskuragarri izango dute euskarazko material eguneratua. B baimenaren liburua eskura izateaz gain, modu digitalean ere jasoa egongo da edukia. Horrez gain, A, A1, A2 eskuliburua eta AM gidabaimenaren eskuliburua ere eskuragarri egongo dira.
Eskuliburuek bereizgarri bat izango dute, gaztelerazko liburuetan ere ez dena jasotzen; izan ere, gai bakoitzaren hasieran azalpen-bideo bat izango dute gaian zehar ikasiko dutena ezagutzeko eta, era berean, zailenak izan daitezkeen gaiak beste era batera azaltzeko.
Material faltari erantzuten
"Udalek eta Euskara teknikariek urte askoan zehar eskatu duten zerbait" dela dio Amaia Axpek, Gidabaimenak Euskaraz proiektuaren kudeatzaileak. Duela ia hogei urte, Debagoieneko Mankomunitateak B gidabaimenaren eskuliburua argitaratu zuen, baina bospasei urteren ostean "zaharkituta" gelditu zela dio Axpek. Garai hartan autoa gidatzeko baimena euskaraz ateratzen zutenen kopurua gaur egungoa baino handiagoa zela dio, eta ordutik "eguneraketa egiteko eskaera" jasotzen ari direla ere aitortu du.
Gidabaimena euskaraz atera nahi zutenei ere "gazteleraz ateratzeko gomendioa" egiten zieten autoeskolek, euskarazko material duinik ez zegoelako. Gaur egungo ikasleek ere jarraitzen dute izaten azterketa euskaraz egiteko aukera, baina material falta eragozpen handia izan da haientzat.
Jarraipena eman beharra
"Ez dugu nahi eskuliburu hau atera eta guztia amaitzea; jarraipena eman nahi diogu". Hori da Axpek dioena aurrerantzean egin behar dutenaren inguruan. Urteko lehenengo hiruhilekoan material guztia autoeskoletara eramatea da helburua, eta Aste Santutik itzultzean sentsibilizazio-kanpaina orokorra egingo dela aurreratu du Axpek, "ikasleek autoeskoletako materiala euskaraz ikasi dezaten". Era berean, Eusko Jaurlaritzak urteetan zehar gai horri "lehentasun eta babes handia" eman diola adierazi du, eta euskarazko materiala sortzeko erabakigarria izan dela aitortu.