Dagoeneko alderdi politiko ia guztiek aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako euren lehendakarigaia zein izango den, Ahal Duguk eta Sumarrek izan ezik. Bi alderdi horiek hauteskundeetara aurkeztuko diren modua ere kolokan dago; hainbat hilabetez negoziazioetan aritu ostean, ez baitute zehaztu batera edo bananduta aurkeztuko diren. Alderdi moreak barne-hauteskundeak egitea defendatu du, eta Miren Gorrotxategi proposatzen du lehendakarigai gisa. Sumar Mugimenduak, berriz, Alba Garcia aurkeztu du alderdiaren ordezkari gisa. Lehendakarigaiaren aukeraketak desadostasuna sortu du bi alderdien artean, eta, era berean, barne-hauteskundeetan jarraitzea eta oraindik lehendakarigaia zein izango den ez jakitea ere eragin du. Egun, beraz, guztiak erabaki gabe jarraitzen du eta ez dago erabakita Ahal Dugu, Sumar Mugimendua, Ezker Anitza eta Equo Berdeak alderdiak batera edo bananduta aurkeztuko diren.
Ordezkaritza, kolokan
Ahal Dugu alde batetik eta Sumar Mugimendua, Ezker Anitza eta Equo Berdeak beste aldetik aurkeztea "aukera bat" dela dio Eva Abuinek, Arrasateko Ahal Duguko ordezkariak, eta, era berean, gai horren gaineko iritzi kontrajarriak daudela ere aitortu du: "Alderdian batera joan ezean ordezkaritza lortzea oso zaila izango litzatekeela esaten dutenak daude, baina baita irudia defendatu behar dela defendatzen dutenak ere". Alderdiak bananduta aurkezteak euren Legebiltzarreko ordezkaritza desagerrarazi dezake; horren harira, Abuinek dio "oso tristea" izango litzatekeela "elkar ez ulertzeagatik espazio politiko hori desagertzea".
Juan Luis Merinok, Ezker Anitza-IU Gipuzkoako arduradunak, bestalde, adierazi du alderdien arteko koalizioa lortzea "zaila" dela gaur egun, "Ahal Duguk eta Sumarrek norberaren ideiei eusten jarraitzen dutelako". Hala ere, Merinok aitortu du "egoera zaila izan arren negoziaketak ez daudela hautsita", eta, edonola ere, Ezker Anitzak "batasunaren eta koalizioaren aldeko apustua" egingo duela azaldu du, eta negoziaketa horietatik irten nahi duenak "bere eskubidea" duela ere nabarmendu du. Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe gelditzeak "nagusiki Ahal Duguri" eragingo diola dio Ezker Anitza IUko ordezkariak, eta, ondorioz, erabakia haiena dela azpimarratu du, eta "indar politiko bat Legebiltzarretik kanpo gelditzen denean botoak berreskuratzea oso zaila" dela ohartarazi.
Soka hausteko zorian
Negoziaketen bitartez ez dute akordiorik lortu, eta "soka haustear" dagoela aitortu du Merinok; eta Abuinek, berriz, akordioa "bidean" dagoela. Kontuak kontu, gaur egungo egoerak dio alderdien arteko akordioa ez dela iritsi, eta Ahal Duguko ordezkariak aitortu du "orain arteko elkarrizketak zailak" izan direla "Sumarrek beste hautagai bat" aurkeztu nahi izan duelako, baina, era berean, adostasuna lortzen "azken momentura arte" saiatuko direla aitortu du. Merino zorrotzago agertu da gai horren harira, eta adierazi du haren ustetan "ego eta kontu pertsonalak" oztopo handia izan direla akordioa lortzeko bidean".
Bailaran eraginik ez
EAEn eta Espainian gertatzen ari denak, baina, "bailaran eraginik ez" duela izango adierazi dute Abuinek eta Merinok; hala, koalizioko kideen arteko harremana "ona" dela adierazi dute.