Otsailaren 8an, Goiena telebistak bereizmen handirako (HD) jauzia egingo du. 2023ko urtarrilaren 17an Espainiako Gobernuak onartu zuen errege dekretuak jasotzen du telebista-kate guztiek, estaldura eremua edozein dela ere, emisioak bereizmen handira aldatu beharko dituztela 2024ko otsailaren 14a baino lehen. Lurreko Telebista Digitalaren bidez (LDT) –gaztelaniaz, TDT– emisioa jasotzen duten herritarren etxeetan izango du eragina eta bereizmen estandarrean (SD) emisioan dauden kate guztiak desagertu egingo dira. Seinalea kable bidez jasotzen dutenek, aldiz, 2023. urtearen amaieratik ikusten dituzte Goiena telebistako edukiak bereizmen handian.
"Soinu eta irudi kalitate hobearekin ikusiko da Goiena telebista aurrerantzean"
Goiena telebistako zuzendari Oihane Agirrek eman ditu aldaketari buruzko xehetasunak: "Aldaketa egiteko azken eguna otsailaren 14a da, eta guk otsailaren 8an egitea erabaki dugu. Orain arte zenbait katek SDn eta HDn eskaintzen zituzten emankizunak, eta SDko kate hori desagertu eta hutsik geratuko da. Gure kasuan, SDn emititzen genuen, eta orain, HD bilakatuko da. HDk ekarriko du irudiaren eta soinuaren kalitate hobea; punta-puntako telebista esperientzia".
Kalitate oneko esperientzia
Goiena telebistak aspaldi hasi zuen digitalizaziorako bidea, eta produkzio katean ere duela zenbait urte hasi zen HDn ekoizten: "Gure eguneroko jardunean HDn ekoizten ditugu edukiak, baina gero, emisiorako jaurtiketa SDn egiten da eta ekoiztutakoari kalitatea jaisten zaio". Orain, ekoiztutako kalitatean iritsiko dira ikus-entzunezkoak etxeetara eta kalitate hobeagoko soinuarekin eta irudiarekin gozatuko du telebistaren beste aldean dagoenak.
Punta-puntan
Espainiako kate guztiek egin beharreko aldaketa da emisioan jarraitu nahi badute, eta Goiena telebistak emango du jauzia. "Kalitatez gainerako hedabideen mailan gaudelako", zuzendariaren esanetan. "Teknologia eta baliabideak eskura dauzkagu, eta kalitatez beste kateen mailan daude, punta-puntan. Baldintza guztiak betetzen ditugu eta bagara gai bereizmen handian lan egiteko", dio Oihane Agirrek. Gainera, kontuan izan behar da zenbait telebista katek ez dutela HDrako jauzia emango, eta, hortaz, telebistatik desagertuko direla. LDT bidez ikus daitekeen Elizbarrutiko kanalaren –Betania TV– kasua da hori. Zenbait arrazoi medio ez du baliabiderik edukiak HDn eskaintzeko, eta emititzeari utziko dio. "Bailaran gurea izango da tokiko euskal kanal bakarra".
Oihane Agirre, Goiena telebistako zuzendaria: "Baliabideak ditugu eta kalitatez beste telebista kateen mailan gaude"
Telebista, gakoa
Goiena telebista eta gainerako kateak ikusten jarraitzeko, ordea, HD seinalearekin bateragarria den telebista edo TDT hartzailea behar dira. "Gaur egun, telebisten %98 dira bateragarriak. %2 geratuko lirateke telebista ikusi barik", azaldu du Agirrek.
Gehitu duenez, ikus-entzuleak ez dauka ezer egin beharrik: "Normalena da telebistak berak aldaketa detektatu eta SDtik HDra pasatzea. Goiena eta beste kateak ez badira ikusten, gailua ez da bateragarria izango. Kasuren batean, Goiena telebista izan ezik gainerako kateak ikusten badira, telebista berriro sintonizatzeko eskatzen diegu herritarrei". SDren desagerpenarekin zenbait kanal hutsik geratuko dira, eta egokiena izango litzateke sintonizazioa berriro egitea kateak berrantolatzeko.
Dena den, Goiena telebista ikusteko arazoak izanez gero, deitu 943-25 05 05 telefono-zenbakira.
Programazioa
Aste batzuk barru aurkeztuko du Goiena telebistak udaberriko programazioa; baina datozen egunetan zenbait saio itzuliko dira pantailara. Gaur bertan abiatuko da, esaterako, Harira saioa.
Debagoieneko alkateei 2023-2027ko agintaldiko lehen elkarrizketak egingo dizkie Goiatz Aranak eta ikusgai izango da egubakoitzetan 18:30ean, 20:30ean eta 22:30ean. Debagoieneko jai garrantzitsuenetan egongo da aurten ere Goiena telebista, eta zuzeneko lehen saio berezia Aretxabaletatik egingo du, otsailaren 11n, Aratusteetako giroa jaso eta zuzen-zuzenean ikus-entzuleen etxeetara iristeko. Otsailaren 9an, aldiz, Bergarako Musika Bandaren eta Orkestra Sinfonikoaren Aratusteetako kontzertua jasoko du eta goiena.eus-en eskainiko du zuzenean.
Bestalde, Agirrek aurreratu du otsailaren amaieran bueltan datozela Kontu kontari saioaren bigarren aldia eta Galdegazte-ren hamargarrena.
Ohiko galderak
Hemen daude jasota aldaketak ekar ditzakeen galderen erantzunak:
• Noiz aldatuko da Goiena telebista SDtik HDra?
LDT bidezko seinalea jasotzen dutenen kasuan, 2024ko otsailaren 8an. Kable bidez jasotzen dutenek 2023aren amaieratik jasotzen dute seinalea HDn.
• Noiz emitituko dira LDTko kate guztiak HDn?
2024ko otsailaren 14rako aldaketa egin beharko dute. Epe horren ostean, SDn dauden kateak desagertu egingo dira.
• Zer behar dut Goiena telebista eta beste kateak HDn ikusteko?
HDrekin bateragarria den telebista. Telebisten %98 dira bateragarriak.
• Zer egin behar dut Goiena telebista eta beste kateak HDn ikusteko?
Aldaketa bakarrik egingo da. Zenbait kate desagertuko direnez, hutsik gera litezke telebistan kanal batzuk. Litekeena da berriro sintonizatu behar izatea telebista edo kateen hurrenkera berrantolatzea.
• Zertan nabarituko dut telebista HDn ikustea?
Irudiaren eta soinuaren kalitatea hobea da.