Tomas Alzola hil da, UDAko lehenengo futbol taldeko azken jokalaria

Mirari Altube Arrese 2024ko urt. 21a, 13:38

Tomas Alzola, 2022an bere etxean, UDAko kideak intsignia jartzear.

Gaur hil da Arrasaten, Tomas Alzola Murua, 100 urte zituela. Jaiotzez aretxabaletarra UDAko lehenengo futbol taldeko jokalaria izan zen, 1946-1947 denboraldian hain zuzen ere. Horregatik, 2022an, UDAren 75. urteurreneko ospakizunen bueltan, aitortza egin zion kirol elkarteak. Arrasateko AGA enpresaren sortzaileetako bat izan zen.

Urrezko intsignia eta lore-sorta jaso zituen Alzolak 2022ko martxoan. UDAko hainbat ordezkari joan ziren haren etxera; argazkian, senideekin batera.

Lehen taldea

Juventud Deportiva Aretxabaleta izenarekin eratu zen UDAko lehen futbol taldea 1946-1947 denboraldian, eta Iturripeko futbol zelaia erabili behar izan zuen hasiera hartan. Hain zuzen ere Iturripen jokatu zuen lehenengo partidu ofiziala 1946ko irailaren 15ean, Ondarroako Aurreraren aurka. Jazinto Azurmendi izan zen lehenengo entrenatzailea eta 28 jokalariren artean Tomas Alzola zegoen.

1946-1947 denboraldiko taldea, Iturripen. (Argazkia: UDA)

AGA enpresaren sortzaile

Sarrailetarako osagaiak ekoizten dituen Arrasateko AGA enpresaren sortzaileetako bat izan zen 1963an, Ayesa eta Goñirekin batera –hortik AGA izena–. Tailer txiki batean eman zituzten lehen pausoak, gaur egun duten egoitzara mugitu arte. Hala, sei hamarkada bete dituzte sarrailetarako osagaiak egiten.

Hileta, astelehenean

Hileta elizkizuna urtarrilaren 22an, astelehena, izango da 19:00etan, Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak