Latinoamerika ezagutu gabe etxera ezin zirela itzuli ohartuta, hiru hilabeteko bidaia egin dute Aratz Oñederra gatzagarrak eta Nerea Elorza aretxabaletarrak Latinoamerikan. Santiagotik (Txile) Perura hegaldia hartu, eta, handik hasita, Andeetako lurraldeak ondo baino hobeto ezagutu dituzte, Patagoniara iritsi arte. Hiru orrialdetan laburtu dute bidaia, zenbait gomendiorekin, eta hain ezagunak ez diren eta bisitatu beharreko tokiak aipatu dituzte –Hona hemen bidaiako kronika–.
Bihotza beteta
"Esan genezake bizitzako erabakirik onena hartu genuela. Hiru hilabeteko bidaia honetan, izan dugu zer ikusi, ikasi eta zer kontatu. Badira gure emozio aldakorren errudun izan diren milaka istorio, idatzita ere motz geldituko direnak, seguru. Goi lurretan zehar, Perun hasi eta Txile hegoaldera iritsi arte topo egindako herritarrekin zein faunarekin bizitakoa magikoa izan da. Andeetako lurralde garaietan harrera ona egin ziguten familiek; etxean bezala sentiarazi gaituzte. Euskaldunok aimarekin, kitxuekin, diagitekin zein maputxeekin uste duguna baino antz handiagoa dugula ohartu gara".
Hiru hilabeteko bidaia egin dute Latinoamerikan Oñederrak eta Elorzak
Aklimatazio gogorra
Santiago atzean utziz iritsi ziren Perura, eta Liman hasi zuten bidaia Oñederrak eta Elorzak. "Ordubetez Liman egon eta gero, Huaraz-era joan ginen; 0 metrotik 3.000 metrora takada batean. Mendilerro zuria ezagutu genuen; izenak garbi dioen bezala, zuriz estalitako tontor handiz inguratutako paraje hura. Andeetako mendikate zuria parez pare izanda, txiki sentitzen ginen erraldoi haien aurrean, baina han ikusi genuen Vallunaraju; hankak mugimenduan jartzeko aukera paregabea. Ancash eskualdeko kitxua hizkuntzan mendi hark badu bere esanahia, behin mendi puntan geundela ulertu genuena: Ametsetako Mendia. Pixkanaka-pixkanaka, hango arbasoen hizkuntza zaharra ezagutuz joan ginen. Begiz jota genuen beste inguru magiko bat Hatun Machay izan zen. 4.000 metrora dagoen harrizko baso galanta; horregatik, haren izena Kobazulo Handia da kitxuaz.
Bidaian aurrera joan ahala, Titikaka aintziran Bolivia agurtu genuen, eta Argentina osoa ere egin genuen. Argentina iparraldea bidaiari askok gomendatutako heldulekua izan zen; Patagoniaren kontrakoa: pobrezia handia, beroa… Bisitatzeko moduko lekua dela esango nuke".