Hitanoaren erabilera, oro har, "eskasa" da Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 11a, 12:59

Euskal Herriko lehenengo hika topaketa egin zuten pasa den urtean, Oñatin.

Badihardugu elkartea hitanoari buruzko inkestak egiten aritu da, eta ondorio orokorrak plazaratu ditu. 4.215 erantzun jaso ditu Euskal Herriko 287 herritan, eta baita bailaran ere.

Hitanoaren egoera aztertzeko asmoz, hitanoaren erabilera eta egoera izan ditu hizpide inkestetan Badihardugu elkarteak, eta, Debagoienari dagokionez, ondorioztatu du Aramaion, Aretxabaletan, Bergaran, Elgetan eta Leintz Gatzagan "eskasa" dela duen egoera eta erabili, berriz, aldi "batzuetan" erabiltzen dela. Oñatin ere "batzuetan" erabiltzen da, baina egoera apur bat hobea da: "erdipurdikoa". Are gehiago, Antzuolan ere egoera bera du, baina beste herri batzuetan baino gehiago erabiltzen da: "sarri". Eskoriatzan eta Aretxabaletan, azkenik, ez dago datu zehatzik.

Euskal Herriko 287 herritako 4.215 erantzun jaso dituzte, eta elkarteko kideek nabarmendu dute ezin dela esan egoera orokorra "oso ona" denik. "Inkesta bete dutenen gehiengoak egoera eskasa edo oso txarra dela dio". Azaldu dutenez, gainera, nokaren egoera tokarena baino "okerragoa" da. "Noka galzorian edo galdua ikusten dutenak %54,3 dira; tokaren kasuan, berriz, gutxiago: %23,1". Alabaina, itxaropena ere badagoela azpimarratu dute, hitanoaren gaineko "interes handia" dagoelako eta herri askotan ari direlako hizkera hori biziberritzeko ekimenak egiten. "Gainera, badirudi garai batean izan zuen ospe txarra gutxitzen joan dela".

Egoera onena, "arnasguneetan"

Hitanoak egoera onena "arnasguneetan" duela aipatu dute elkartekideek. "UEMA osatzen duten udalerri gehienetatik jaso da erantzunen bat, 90 herritatik baino gehiagotatik, hain zuzen ere. UEMAk euskaldun bezala sailkatutako 154 udalerrietako 128tik jaso dira erantzunak: erantzunen %61,5 udalerri euskaldunetatik heldu dira". Hain justu, bailarari dagokionez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira Antzuola, Bergara, Elgeta eta Oñati.

Ikerketaren inguruko xehetasun gehiago nahi izanez gero, hemen kontsultatu daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak