30 zentimetro inguruko elur geruzak mendi inguruetan

Hasier Larrea 2024ko urt. 7a, 10:42

Elur arriskua dela eta, abisu horia astelehenera arte luzatu du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak. Bailarako mendi batzuk zuritu egin dira, eta herriguneetan eguraldi aldakorra egiten du.

Atzo heldu ziren urteko lehen elur malutak bailarara, Urbia eta Arantzazu aldera batipat, eta gaur geruza potoloagoa aurkitu dute lehen orduan bertaratu diren mendizaleek: "30 zentimetro ingurukoa". Ohartarazi dutenez, "zail" dago Aizkorrira igotzea. Izan ere, elur-kota 800-900 metro inguruan kokatu zen atzo, eta 700-900 metrora jaitsi da gauean. 1.000 metrotik behera elurra egiteko arriskuak astelehen goizera arte iraungo du, eta, horregatik, beste egun batez luzatu dute alerta horia, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Tarteka, euri-zaparradak

Bestela, euri zaparradak eta aterruneak nagusitu dira asteburuan zehar Debagoieneko txoko gehienetan. Ostiraletik domekara bitartean, 40 litro baino gehiago erregistratu dira estazio meteorologikoetan: 55 litro Arrasatekoan, 43 Urkulukoan, 41 Elorregikoan eta 47 Oñatikoan. Hala, Urkuluko urtegiaren betetze-maila %70ekoa da gaur-gaurkoz.

EAEko zenbait mendatetan kateekin zirkulatzeko abisua helarazi du gaur goizaldean Trafiko Zuzendaritzak, izotzagatik: esaterako, Opakuan, Azazetan eta Herreran. Bailarako mendateetara ez da izotzik iritsi, nahiz eta Gorlan prest duten, badaezpada, elurra kentzeko makina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak