Angel Larrañaga: "Osasunik bermatzen ez duen gizartea, gizarte bidegabea da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urt. 4a, 14:23

Angel Larrañaga Bolinaga.

Osasungintzaren transferentzia negoziatzeko bileretan izan zen. 'Osakidetza' hitza ere berak asmatutakoa da. Argi du, ordea, lorpenik handiena osasun sistema orokorra eta unibertsala eraikitzeko lantaldean emandako urratsak izan zirela.

Puntua aldizkariaren 393. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Lasai bizi da Bedoñako baserrian Angel Larrañaga Bolinaga (Bilbo, 1946). Oso bestelakoak izan ziren Osakidetza sortzeko urteak, duela 40 urte. Diktadura osteko lehen Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoetako bat izan zen; Osasun sailburua, besteak beste.

1979ko abenduan onartu zuten Gernikako Estatutua. Carlos Garaikoetxearen gertukoa zinen ordurako.

Lan handiko urteak izan ziren, eta, horrekin batera, ilusio handikoak. Autonomia Estatutua onartzearekin batera jaso genituen hainbat transferentzia; horien artean, osasungintzarena.

Nola hasi zinen zu osasungintza kontuetan?

Laboral Kutxako pertsonalburu moduan, Lagun Aroko kontseiluko kide nintzen. Osasun-laguntza eta pentsio sistema antolatzen genituen kontseilu hartan. Arrasaten zegoen ospitaleko kudeatzaile izendatu ninduten ondoren. Klinika pribatua zen eta Lagun Arok hainbat zerbitzu zituen kontratatuak, baina funtzionamendua ez zen egokiena. Nire egitekoa izan zen unitate mediko baten irizpidearen araberako funtzionamendua garatzea. Halakoetan nenbilela jaso nuen Carlos Garaikoetxearen deia. Esan zidan osasungintzaren transferentzia negoziatzeko lantaldean behar ninduela, eta Fagor kooperatibatik ezagutzen nuen Andoni Monforterekin batera negoziazio haietan egotea egokitu zitzaidan. Lehenengo, Eusko Kontseilu Nagusiko kide gisa [autonomia aurretik garatu zen erakundea]; eta gero, Eusko Jaurlaritzako kide gisa. Monforte izan zen lehen Osasun sailburua eta ni sailburuordea. Erreleboa hartu nion karguan pare bat urtera.

Zer-nolako osasun arreta zegoen orduan?

"OSASUNGINTZA KAOSA ZEN; MILA ERAKUNDE ETA INSTITUZIOTAN BANATUTA ZEGOEN"

Osasun arreta mila erakunde eta instituziotan banatua zegoen. Espainian ere ez zegoen gizarte- segurantza orokorturik; oso hasierako urratsetan ziren. Kaosa zen, baina zegoena hartu genuen. Bi ospitale nagusi zeuden hiriburu bakoitzean: bat gizarte-segurantzarena eta bestea Aldundiarena. Igualatorio kirurgiko batzuk ere bazeuden, eta klinika pribatuak. Kontuak kontu, transferentzia pasa zigutenean, 20.000 langileko egitura baten kargu egin ginen, eta aurretik aipaturiko ospitale eta azpiegituren kargu ere bai. Dena den, buelta handia eman nahi genion antolaketa sistema hari. Transferentzia negoziatzerako, bagenekien irizpide unibertsaleko eta orokorreko osasungintza garatu nahi genuela. Osasun-arretak denendako izan behar zuen berdina, ez bakarrik ordaintzeko gaitasuna zutenendako. Eta izan behar zuen hobea.

Erresuma Batuan garatzen ari ziren National Health Service hartu zenuten oinarri, ezta?

Lehen urratsetan ziren, baina gu baino aurreratuago zeuden eta, bereziki, interesatzen zitzaigun garatzen ari ziren laguntza unibertsalaren kontzeptua. Bilboko kontsularen bitartez bidaia bat antolatu genuen Londresera eta National Health Serviceko arduradunekin batzartu ginen. Egia esan genien hasieratik: gobernurik gabeko herria ginela, laster jasoko genuela transferentzia eta gustatu egiten zitzaigula eraikitzen ari ziren eredua. Nahi beste galdera egiteko aukera izan genuen, eta lankidetza harremana sortu zen. Bidaia oso emankorra izan zen.

Zeintzuk izan ziren hartu zenituzten lehen erabakiak?

Gauzak ez ziren egun batetik bestera aldatu, noski. Alde batetik, antolaketa berri bat garatzeko neurriak hartu genituen; osasun egitura bakarra behar genuen, eta herritar guztiei arreta emango ziena. Euskadiko osasun-mapa ere egin genuen, konturatu ginelako zerbitzu gehienak hiriburuetan zeudela eta handik kanpo ez zegoela ia ezer. Gipuzkoaren kasuan, esaterako, klinika pribatu bat zegoen Arrasaten eta beste bat Tolosan. Hala, eskualdeetako ospitaleen garapena hasi zen. Eta sortu genituen baita ere larrialdi-zerbitzuak. Ordura arte, ez zegoen horrelakorik. Gogoan dut nola Tolosako klinikarekin negoziatu genuen larrialdi- zerbitzuena. Klinika pribatua izaten jarraitu zuen, baina hitzarmen bat sinatu genuen diru baten truke larrialdi-zerbitzuak eskaintzera derrigortzen zuena. Hala, funtzio publikoa betetzen zuen klinika pribatua izatera pasa zen.

Eta horrela joan zen garatzen Osakidetza. Hitza zuk asmatutakoa da, ezta?

"TRANSFERENTZIA NEGOZIATZEKO, ARGI GENUEN OSASUN-ARRETAK UNIBERTSALA BEHAR ZUELA"

[Barre] Nik proposatu nuen, bai, eta onartu egin zuten. Bi hitzen elkarketa da: osasunerako kidetza. Hau da, osakidetza.

Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Lan handiko urteak izan ziren. Gogoan dut 08:00etan irteten nintzela etxetik eta 21:00etan edo 22:00etan heltzen nintzela egunero. Beti bidaiatzen, beti bileretan... Baina ba al dago halako gauzak eraikitzeko beste formularik? Nik ez dut ezagutzen. Ez zegoen eraiki nahi genuen osasungintza sistemaren antzerako eredurik beste inon. Zailtasunak zailtasun, ilusio handiko urteak izan ziren; autonomia eraikitzen ari ginen, jendea gogotsu zegoen, arlo pribatuan lan egiten zuten medikuek ere lan handia egin zuten osasun sistema unibertsal baten alde... Behin eta berriz eskatuta ere lortu ez genuena Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren transferentzia izan zen. Oraindik ere eztabaida horretan daude.

Aurten bete dira 40 urte Osakidetza sortu zela. Ze balorazio egiten duzu?

Nire ustez, inguruko osasun-arreta onenetakoa dugu. Akats asko ditu, baina inguruko osasun- arreta sistemekin konparatuz argi ikusten da gurea antolatuagoa eta entrenatuagoa dagoela. Larrialdiak benetan dira larrialdiak, zerbitzuen arteko antolaketa dago, eta asistentzia-sareak ondo funtzionatzen du. Akatsak daude, leku guztietan bezala, baina ondo funtzionatzen du. Erresuma Batuko zerbitzua eta zerbitzu frantsesa ezagutzea egokitu zait, eta benetan uste dut ez dugula zertan inbidiarik sentitu. Nire ustez, gure sistema pixka bat hobea da.

Kritikak entzuten dira. Ez dute oinarririk, zure ustez?

Beti egongo da zer hobetu, eta baliteke Osakidetzak tarteka muskulua, egoerei erantzuteko arintasuna eta antolaketa-gaitasuna galtzea. Nire ustez, egoera puntualak dira. Azkenean, enpresa bat da eta funtzionatuko du zaintzen den neurrian. Antolaketa perfektua ez da existitzen. Beti topera funtzionatzea ezinezkoa da.

Aurrekontua handitu beharko litzateke?

"AKATSAK DITU, BAINA EUROPAKO ARRETA ZERBITZURIK ONENETAKOA DUGU, ETA OHITU EGIN GARA"

Benetan uste dut ez dela diru kontua; zerbitzu garestienetakoa dugu. Uste dut gehiago duela ikusteko zerbitzuak hartu duen dimentsioarekin. Erraldoi bihurtu da, eta kudeaketa zailtzen du horrek. Askotariko profesionalak daude eta askotariko zerbitzuak ematen dituzte, eta, batzuetan, handitasun horretan galdu egiten da perspektiba; galdu egiten da asistentzia gizatiarra emateko bokazioa. Gaur egungo Osakidetzako arduradunek ondo dakite zeintzuk diren antolaketa eta funtzionamendu arazoak. Berriz diot, ez da diru arazoa. Eta gehiago esango dut: bada jendea une jakin batean larrialdietan hiru orduz itxaronarazi badiote sekulako haserrea hartzen duena. Hori da Europako osasun onenetakoa izatera ohitu garelako. Ohitu egin gara, eta uste dugu beti izan dela horrela. Belaunaldi berriek, esaterako, ez dute aurrekoa bizi izan eta ez dute daukaguna neurri egokian baloratzen. Baloratzen du neurri egokiagoan lehen zer zegoen eta zer egin den dakienak. Jaio eta dena egina aurkitu duenak uste du mundua horrelakoa dela, baina ez, mundua ez da horrelakoa. Pixka bat atera besterik ez dago ikusteko benetan zer dagoen eta zer daukagun.

Zenbateraino da garrantzitsua osasuna gizarte batean?

Biztanleria osasuntsu dagoenean eta ingurune ekonomikoak laguntzen duenean, osasun- arazoak eraginkortasun eta bizkortasun handiagoz artatzen dira. Osasunik bermatzen ez duen gizartea gizarte bidegabea da. Nire ustez, berdintasuna osasun-arretatik hasten da.

Gai potoloak izan dituzu esku artean. Orain, zertan ematen duzu denbora? Zeintzuk dira zure zaletasunak?

[Barre] Erretiroa hartuta nago eta Bedoñako Otamendi baserrian bizi naiz. Arbasoen etxea da, amaren jaiotetxea, eta hemen ditut etxeko lanak, ortu txiki bat, txakurra... Lasai bizi naiz. Gustura. Nire hamarretakoak egiten ditut; tarteka, lagunekin elkartzen naiz... Ez naiz aspertzen.

Bilbon jaiotako arrasatearra zara zu.

Bai, eta beti izan da horrela. Umetan ere opor egun gutxi batzuk nahikoa aitzakia ziren Bedoñara etortzeko. Hau da nire mundua. Gustatu egiten zait hemen bizitzea. Sentsazioa dut oinak lurrean bizi naizela hemen. Batek pentsa dezake bere lurrean bizi dela, baina lur hau nirea baino gehiago ni naiz lur honetakoa.

Baduzu harremanik ardura politikoak izan zenituen garaiko jendearekin?

Oso gutxi, egia esan. Batzuetan, jasotzen dut bateren baten berri, baina ez askotan. Bedoñako baserri batean bizitzearen ondorioa ere izan daiteke. Donostian edo Bilbon biziko banintz, akaso, bestela izango litzateke.

Sentsazioa duzu ardura handiko erabakiak hartu behar izan dituzula?

Egin behar nuena egin izanaren sentsazioa gelditu zait niri. Une hura tokatu zitzaidan bizitzea, eta han egon nintzen, nirekin batera han egotea tokatu zitzaien beste guztiekin batera. Ez ginen gainerakoak baino azkarragoak edo argiagoak. Gauzak eraikitzeko eta aurrera ateratzeko grina genuen eta lanerako prest geunden. Gogoan dut, baita ere, urte haietako ilusio olatu ikaragarria. Hori oso kutsakorra zen. Esan nahi dudana da jendeak ez zuela lan egiten txaloak edo garaikurrak pilatzeko; izan ere, dena zegoen eraikitzeko. Gaur egun, ez dut ilusio bera ikusten euskal gizartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak