Xakean ere jokatzen da Debagoienean

Mireia Bikuña 2024ko urt. 3a, 14:26

Arrasateko San Andres Xake Taldeko ume bat, jokatzeko gertu.

Hiru xake talde daude bailaran: Bergarako Xake Taldea, Aretxabaletako Arlutz eta Arrasateko San Andres Xake Taldea. Hiru klubetako ordezkariak lehiatuko dira urtarrilean hasiko diren txapelketetan. Era berean, hiru klubek ematen dituzte xake eskolak, taldeen etorkizuna bermatze aldera.

Puntua aldizkariaren 393. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Abenduaren 26tik 30era, 22. Arrasate Hiria Xake txapelketa jokatu zen Arrasaten. 32 jokalari lehiatu ziren oso errotuta dagoen txapelketan. Horietatik lau, debagoiendarrak: Arrasate-Arlutz taldeko Asier Etxagibel, Aitor Alcaide, Txema Hernando eta Aitzol Lazkano. "Txapelketa txikia da, gehienez 32 jokalari ditugulako. Baina plaza guztiak betetzen dira. Jokalariek maitasun handia diote, eta erreferentea da Euskadin. Ez da makro-txapelketa bat, baina jokalariak oso gustura etortzen dira. Gainera, banatzen ditugun sariak aspaldi izoztuta ditugu, aurrekontu kontuengatik. Beraz, ez dira nazioarteko jokalariak edo maisu handiak etortzen. Sariaren zenbatekoak ez ditu erakartzen. Horrek txapelketa irekiagoa izatea eragiten du, irabazleari dagokionez", dio Arrasateko San Andres Xake Taldeko presidente Txema Hernandok.

Iaz egon zen Gipuzkoan bizi den nazioarteko maisuren bat edo beste, baina, ezustean, Juan David Becerra kolonbiarrak irabazi zuen. Aurten ere egon da lehian. "Bost eguneko txapelketa izan da, eta irekia, gainera. Hau da, isiltasun arauak beteta, edonor etor daiteke partidak ikustera. Jokalarien etxekoak egiten diren moduan, herritarrek ere badute aukera zuzenean ikusteko".

Azterketarik ez

Nazioarteko maisu eta maisu handi dira xakean erabiltzen diren kontzeptuetako batzuk. Punta-puntako jokalariak dira haiek.Xaketik bizi direnak. "Hemen ez dago azterketarik. Txapelketetan lortutako postuek emandako puntuekin sailkapen bat egiten da. Baina nazioarteko maisu edo maisu handi izateko, txapelketa inportanteak irabazi behar dira, edo izendapen hori duten beste jokalari batzuk gainditu", dio Aretxabaletako Arlutz taldeko kide Aitor Alcaidek. Bailaran ez dago maila hori duen jokalaririk.

Fran Miguel, erdi-profesional

Profesional izatetik gertuen egon dena Fran Miguel aretxabaletarra izan da. Fide (Nazioarteko Xake Federazioa) maisu titulua dauka. Titulazio rankingean hirugarren maila. Erdi-profesionala dena. "Profesional ez direnen artean Fide titulua dutenak dira maila handien dutenak. Munduko rankingean 3500.a ere izan nintzen bere garaian", gogoan du Miguelek. 20 urterekin xakeko profesionala izateko aukera izan zuen mahai gainean. Alde onak eta txarrak baloratu zituen eta ezetz erabaki zuen. "Orain moduan, lehen ere oso zaila zen xaketik bizitzea. Profesionalak ziren askok eskolak eman behar zituzten eroso bizi izateko. Gainera, garai hartan unibertsitateko ikasketak bukatzear nituen, eta bide horretatik jarraitzea erabaki nuen. Oso-oso ona izan behar duzu xaketik bizi ahal izateko. Oso zaila da".

Beasainen bizi da egun, baina Arrasate-Arlutzeko kide izaten jarraitzen du. Urtarrilean hasiko den txapelketan hark jokatuko du lehen taula, irekierakoa.

Federazioaren egoitza, Bergaran

Debagoienean hiru xake talde daude: Bergarako Xake Taldea, Aretxabaletako Arlutz Taldea eta Arrasateko San Andres Xake Taldea. Hirurek parte hartuko dute Euskadiko Xake Federazioak antolatzen duen liga txapelketan, urtarriletik aurrera. Euskadiko Xake Federazioaren egoitza Bergaran dago, Zabalotegi dorrean, eta Miguel Angel Muela da presidentea. Kantabriarra jaiotzez, baina bergararra adopzioz. Bizitza osoa darama xakeari lotuta. "Kirol hutsa baino askoz gehiago da. Pertsonaren hainbat gaitasun indartzen laguntzen du, eta egunerokotasunerako erabilgarri diren tresnak ematen dizkie bai umeei eta baita hirugarren adinekoei ere", esan du Muelak.

Osasunaren Mundu Erakundeak dio xakean jokatzeak estres handiko egoera baten ostean "lasaitzen" laguntzen duela, trebetasunak eta garapen mentala suspertzeaz gain. Egindako hainbat ikerketen arabera onura asko ditu xakeak: Alzheimerra prebenitzen laguntzen du, planifikatzen irakasten du, memoria garatzen, kontzentratzeko gaitasuna eta koefiziente intelektuala handitzen, besteak beste.

Neska gutxi

Ezaugarri asko ditu xakeak. Gauza on asko, baina gabeziak ere bai. Bat, nahiko kezkagarria. Neskatila gutxi animatzen dira xakean jokatzera. Monica Calzzeta da munduko txapelduna eta Miriam Parkhurts Casas Euskadikoa. Erreferenteak badituzte, beraz. Baina unea iristen denean, ez dira animatzen. "Gabezia orokorra da. Herri mailako klubetan neska gutxi ditugu, eta ez dakigu zergatik. Akaso, ez dira mutilak bezain lehiakorrak. Kolaboratiboagoak dira. Ez dakigu zeintzuk diren arrazoiak, baina neskatila gutxi daude", esan du Arrasateko San Andres Xake Taldeko kide Ekaitz Mendizabalek.

Umetan, ezin lehiatu

Euskal Autonomia Erkidegoan ezin daiteke lehiatu kadete mailako kirolaria izan arte. Baita xakean ere, horrek dakarren guztiarekin. Izan ere, beste erkidegoetan txikitatik hasi daitezke lehiatzen. Desabantaila horren kontrako borroka latza egin du Federazioak. Gaur egun, baimen bereziekin, 12 urterekin txapelketetan parte har daiteke. "Zerbait aurreratu dugu, baina ez da nahikoa. Desabantailan hasten gara beste erkidegoetako jokalarien aurka jokatzen dugunean. Haurrak direnetik hasten dira lehian besteak", esan du presidenteak.

Bergarako Xake Taldea

Etorkizuna bermatzeko ahaleginean


Xake eskolako hainbat ikasle, Jabi Martinez irakaslearekin.

Tradizio handia dauka xakeak Bergaran. Duela 50 urte baino gehiago hasi ziren xakean. Gorabehera askoren ostean, "bizirik" jarraitzen du taldeak, hein handi batean, xake eskolari esker. "Duela hiru urte konturatu ginen gure jokalari gazteenak 30 urte zituela eta beste klub batzuetan jokalari oso gazteak zeudela. Etorkizuna bermatze aldera hasi ginen eskolarekin", esan du Yon Suinagak.

Hiru talde

Urtarrilean hasiko diren txapelketei begira beste talde bat sortu dute. Hala, guztira, hiru dituzte Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko: bi bigarren mailan eta bestea hirugarren mailan. "Berpizten doa kluba. Jokalari batzuek urteak daramatzate; beste batzuk berriz sartu gara; eta gaztetxeko gazte-talde indartsua datorkigu. Han hasi ziren xakea praktikatzen eta txapelketak egiten, eta elkartu egin gara".

Aretxabaletako Arlutz Xake Taldea

Klubeko ateak zabalik dituzte, etenik barik


Arlutzeko jokalari gazteak, Lasarekin eta Alcaiderekin.

Aitor Alcaide xakean hasi zen Alkar kultura elkartean baitan, 10 urterekin. Dagoeneko 43 urte bete ditu federatuta. "Gorabehera handiak izan ditu xakeak Aretxabaletan. Hasierako urteetan 30 bat pertsonak praktikatzen genuen. Ostean, gutxi batzuk geratu ginen. Pandemian, Gambito de dama serieari esker, asko izan ziren xakearekin hasi zirenak. Arlutzen ez genuen igoerarik nabaritu".

Ateak zabalik

Egun, "osasuntsu" daude. Klubeko ateak zabalik dituzte eten barik. "Etorri eta jokatu. Martitzenetan egoten gara lokalean, eta ateak zabalik daude. Zortzi taula ditugu, eta datozen guztiek dute aukera jokatzeko. Asier Lasa eta biok egoten gara, aholkuak eta laguntza ematen", dio Alcaidek. Aretxabaletan hamabi neska-mutikok dihardute, eta beste hamar xakelari daude federatuta

Arrasateko San Andres Xake Taldea

Jokalari gazte mordoarekin lanean


Mendizabal, eskolak hartzen diharduten neska-mutiko batzuekin.

Aretxabalen eta Bergaran moduan, San Andres Xake Taldearen helburu nagusia klubaren etorkizuna bermatzea da. Alegia, jokalari gazteak erakartzea. Ikasturtea indartsu hasi dute: hamasei neska-mutikok dihardute Ekaitz Mendizabal monitorearen aginduetara. "Azken hamar urteetan xake eskolak ematen ditugu, eta aurten inoiz baino ume gehiago ditugu. Harrituta gaude, egia esan. Baina haiek dira etorkizuna. Esperientzia aberasgarria izaten dabil. Gainera, gogotsu eta motibatuta ikusten ditut. Ikasteko gogoz".

Bi talde

Arrasatearrek aretxabaletarrekin egiten dute bat txapelketetan parte hartzeko, Arrasate-Arlutz izenarekin. Halaxe lehiatuko dira urtarrilean hasiko den liga txapelketan: gorengo mailan eta lehenengo mailan. Guztira, hamalau jokalari federatu dituzte San Andres Xake Taldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak