Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Antzuola eta, lehen aldiz Soraluzeko pilotariek jokatu zuten abenduaren 26tik 31ra bitartean Gabon Kopa. Antolatze lanak txandaka egiten dituzte, eta aurten, Aretxabaletako taldeak izan du horren ardura. Hala, Iturrigorri frontoia pilotariz eta pilotazalez bete da sei egunetan eta urteko azken egunean jokatu zituzten finalak.
Benjamin mailan, B multzoan, txapeldunak izan ziren Aretxabaletako Amets eta Xabat, Soraluzeko Larrañaga eta Lasari irabazita (16-5). Eta A multzoan, Sugar eta Beñat – aretxabaletarrak hauek ere–, Antzuolako Zabalo eta Aranbururi gailenduta (16-11).
Alebin mailan, B multzoan, Bergarako Urisabel eta Ilarduiak irabazi zien Arrasateko Zugasti eta Orue pilotariei (16-14). Eta A multzoan, Agirre eta Olano –hauek ere bergararrak– izan ziren txapeldunak, Aretxabaletako Urkia eta Zuazori irabazita (16-4).
Infantil mailan, B multzoan, Arrasateko Zubia eta Urien nagusitu ziren, herrikide diren Orue eta Osorori irabazita (18-10). Eta A multzoan, Errasti eta Ibabe aretxabaletarrak izan ziren nagusi, herrikide dituzten Ashan eta Oier mendean hartuta (18-3).
"Pilotariak gustura jardun dute eta antolatzaileok ere pozik gaude txapelketak eman duenarekin", adierazi dute UDAko Pilota Saileko kideek.