'Emantzipa' Programaren Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko abe. 26a, 13:26

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntzak arautzen dituen Emantzipa Programaren Dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Hilean 300 euroko zuzeneko laguntza izango da, 25 eta 29 urte bitarteko gazteendako, bi urtetan. 2024ko otsailaren 20tik aurrera egin ahal izango dira eskaerak.

Laguntza jasotzeko interesa dutenek 25 eta 29 urte bitartean izan beharko dituzte laguntza eskatzeko unean. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon beharko dute, gutxienez, eskaera egin baino urtebete lehenagotik, edo, bestela azken 10 urtetak EAEn hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute.

Diru-sarrerei dagokienez, berriz, 3.000 euro eta 28.000 euro arteko diru-sarrerak izan beharko dituzte; edo 34.000 eurotik beherakoak, aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotearekin batera egiten bada. Emantzipatu egin direla egiaztatu beharko dute laguntza eskatzen dutenek etxebizitza libre baten errentamendu- edo salerosketa-kontratua aurkeztuta eta ohiko bizileku iraunkorra izan beharko da.

Ezin izango dute laguntzarik jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat (Bizigune eta ASAP programak barne) edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat duten gazteek, ez eta etxebizitzaz gozatzeak hilero diru egiaztagarririk ez badakar ere.

Bateragarria zenbait laguntzekin

Dekretuan jasota dago Emantzipa Programako dirulaguntza bateragarria izango dela Gaztelagun programarekin, diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerekin, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriekin eta etxebizitzareko prestazio ekonomikoarekin, gizarte-larrialdietarako laguntzekin eta alokairu-gastuak ordaintzen laguntzen duten udalen edo Administrazio Publikoen beste laguntza batzuk jasotzearekin.

Prestazio honen helburu zuzena gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da, bultzada baten bidez, beharrezkoa eta egokia denean. Kontuan izan behar da Euskadiko gazte gehienak 30 urte inguruan edo adin horretatik aurrera emantzipatzen direla. 25-29 urteko gazteek zailtasun handiagoak dituzte. Adin-tarte horretan, emantzipatutako pertsonen ehunekoa % 32,8tik behera dago.

Emantzipa Programaren 2024ko aurrekontua 53 milioi eurokoa da. Aurreikuspenen arabera, lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok jasoko dute laguntza hori.

Informazio gehiago GAZen

Esan bezala, Emantzipa Programako laguntza 2024ko otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango da. Dena den, dagoeneko egin daitezke kontsultak hurrengo komunikazio-kanaletan. 646 10 91 26 telefono zenbakiaren bidez –WhatsApp bidez edo dei bat eskatzeko telefono zenbakia adierazita–, gaz@euskadi.eus helbide elektronikora idatzita, GAZ komunitate birtualean eta GAZek Bilbon duen bulegoan –Sabino Arana, 50–. Informazio gehiagorako kontsultatu www.gazteaukera.eus ataria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak