Debagoieneko turismo beharrak izan ditu hizpide Gipuzkoako Foru Aldundiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 15a, 12:04

Azahara Dominguez, ezkerretik hasita hirugarrena, Debagoieneko ordezkari batzuekin.

Bailarako udal ordezkariekin eta turismo eragileekin batzartu da Azahara Dominguez diputatua, Debagoieneko turismoaz jarduteko: indarguneak eta beharrak izan ditu hizpide. Jasangarritasuna ere aipatu du.

Debagoienean izan da Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, udaletako ordezkariekin eta turismo eragileekin batera, bailarak dituen turismo beharrak ezagutzen. "Diputatu naizen aldetik, kezkatzen nau garatzen ditugun jarduera politikoek herritarren ongizatean eragina izateak, eta hori funtsezkoa da turismoa bezalako arlo batean", adierazi du Dominguezek. Haren arabera, eskualde bakoitzaren "indarguneak eta beharrak" bertatik bertara ezagutzea du xede, eskualdeko eragileekin harreman zuzena izanda.

Dominguezekin batera, batzarrean izan dira Iñigo Garcia Turismo zuzendaria, Gorka Artola Bergarako alkatea, Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkatea, Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkatea eta Debagoieneko Mankomunitateko presidentea, Aritz Igeltz Antzuolako alkateordea eta Xabier Igartua Oñatiko Turismo zinegotzia. Are, parte izan dira Angel Mari Etxabe Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Ekonomikoko eta Turismo Batzordeko ordezkari politikoa, Juan Miguel Dorronsoro Arantzazuko santutegiko frantziskotar komunitateko zaindaria, eta Leire Parra eta Ines Caceres Debagoieneko turismo teknikariak.

Jasangarritasuna oinarri

Topaketa hauetan, beraz, Dominguezek azpimarratu du "zuzena eta etengabekoa" izan dela harremana. "Funtsezkoa da lurralde osoan dauden beharrak ulertu ahal izateko, baina baita estrategia egoki bat bultzatzeko ere, bisitarien fluxuak hobeto eta orekatuago bana daitezen, bai urtean zehar, bai lurralde osoan". Gainera, erantsi du garrantzia eman nahi izan diotela jasangarritasunari ere, turismo eredua halakoa izan dadin garraio publikoaren aldeko apustua eginda. "Herritarrek mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egin dezaten lan egiten dugu, garraio publikoa beren egunerokoan ez ezik, bisitatzen gaituztenean ere erabiliz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak