Apurva San Juan: "Ekintzaile izateko, norberaren balioak oso garrantzitsuak dira"

Txomin Madina Milikua 2023ko abe. 14a, 14:19

Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteak berriki Arrasaten egin duen jardunaldian parte hartu du gazte gasteiztarrak. Oñatin LEINN gradua ikasitakoa, ekintzailea eta Lup proiektuaren sortzaileetako bat, ekintzailetza eta belaunaldiartekotasuna izan zituen bertan hizpide.

Puntua aldizkariaren 391. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Ikusmen urritasuna dutenei laguntzea helburu izanda beste bi lagunekin batera sortutako Lup proiektuak jasotako Mapfre Fundazioaren saria tarteko, albiste izan da azken hilabeteotan Apurva San Juan (Gasteiz, 1999). Gaztea da, bai, baina egin gura duenaz eta ekintzailetzaz ideia argiak ditu.

24 urte dituzu, eta udaberrian hedabide entzutetsu askotan agertu zineten Lup proiektuarekin. Askok galdetuko dute ea nola lortzen den hori...

Batez ere, lan asko eginda. Mapfre Fundazioaren sarietara ere aurkeztu genuen proiektua, eta, espero barik, irabazi egin genuen; horrek zabalpen handia ematen du. Proiektu ekintzaile bat duzunean, era horretako ekimenetara aurkeztu behar duzu zeure burua, eta denen ahotan egon. Zure istorioa kontatu behar duzu, besteak ere istorio horretaz kutsatu daitezen eta zutaz gehiago jakin gura dezaten. Guk ez genuen hainbeste arreta espero; gainera, irabazia aurretik ere jaso genuen!

Diozu proiektuak zure hiru pasioak batzen dituela: diseinua, hezkuntza eta ekintzailetza. Noiz konturatu zinen horiek pasio dituzula?

Nire ezaugarri bat da pasio asko ditudala. Azken urteetan, aipatutako hirurak uztartu eta horietan modu jarraitu batean aritzeko zortea izan dut. Ekintzailetzarekiko pasioa LEINN gradua egiten hasi nintzenetik dut. 2017an, nire bizitzarekin zer egin erabaki behar izan nuenean, biologoa izateko aukera egin nuen. Baina gero ikusi nuen ez zela niretzat, laborategi batean sartuta egon behar nuela asko ikasteko. Niri, baina, ez zait gustatzen geldi egotea. LEINNera kasualitatez heldu nintzen, eta konturatu nintzen ekintzaile izatea zela nirea. Ez ekintzaile izateagatik, baizik eta mugitzeagatik, ezagutzeagatik, ikasteagatik, munduan gertatzen denarekin uneoro konexioan egoteagatik. Ekintzaile izanda edo beste modu batera, emaitza beti da berdina: uneoro aktibo egotea.

Ikusmen urritasuna dutenei bideratuta dago Lup: testu baten gainean aparailu bat jarri eta irakurri egiten du bertan idatzitakoa. Nola heldu zineten ideia horretara?

"SOZIALKI BERRITZAILEA EZ DEN PROIEKTUA EZ DA EKINTZAILETZA PROIEKTU BAT"

Unibertsitateko lan batetik. Ikasgaietako baten teknologiaren alor bat landu behar genuen: alorra aukeratu, ekintza foku posible bat zehaztu eta konponbidea planteatu. Adimen artifiziala aukeratu genuen; gaur egun, asko hitz egiten da horretaz, baina orduan ez zegoen gaiari buruzko ia informaziorik. Ikusmen urritasuna duten pertsonengan jarri genuen fokua, baina ez ezer bereziagatik. Beti esaten dut ideia on askoren abiapuntua "Zer gertatuko litzateke...?" galdera dela, eta horixe egin genuen guk ere: "Zer gertatuko litzateke adimen artifiziala hartu, eta testuak irakurrarazten badizkiogu ikusi ezin dutenentzat?". Hortik abiatu ginen. Ideia lurrera ekarri eta ikusmen urritasuna dutenengana zabaldu genuen.

Momentuz, proiektua start-up bat da. Zer ibilbide izatea gustatuko litzaizuke?

Mundu guztiak ezagutzea. Ez ezaguna izate soilagatik, proiektu sozial bat delako baizik. Garrantzitsua da ikusmen urritasuna dutenek proiektua ezagutu dezaten aukerak sortzea; hor dago benetan ere gure magia: jendeari laguntzeko ahalmenean. Telebistan asko agertu arren nor garen ez jakiteak ez dio inori ekarpenik egiten: ez guri, enpresa moduan; ezta beharra dutenei ere.

Ekintzailetzaren munduan dena da dirudien bezain polita ala ke-saltzaile asko dago?

Alor guztietan bezala, dena ez da dirudien bezain polita; baina ez ekintzaileen artean, ezta medikuen artean ere! Ke-saltzaile asko dago, noski; ideia irentsaraz dezazun saiatu, eta gero ez da ezer ere gertatzen. Baina zorionez gu moduko jende asko dago, jendeari lagundu gura dioten eta benetakoak diren proiektuak egiten dituztenak. Horrelako proiektuei eman behar zaie ikusgarritasuna; modu horretan, benetakok ez direnek ez dute horrenbesteko garrantzia.

Mapfre Fundazioaren partetik jaso zenuten saria, Berrikuntza Sozialeko sarietako izan zen. Izaera soziala duten proiektuak dira interesatzen zaizkizunak?

Bai, berrikuntza soziala nire DNAren parte da. Berrikuntza soziala alde guztietan egon behar da; ingurumen aldetik jasangarria izateak dakar ekonomikoki eta sozialki jasangarria izatea. Nire iritziz, sozialki berritzailea ez den proiektua ez da ekintzailetza proiektu bat; eredu guztiak sozialki berritzaileak eta sozialki jasangarriak izatera daude bideratuta. Eta nik horretan aritu gura dut, izan Lupen, izan beste proiektu batean.

Interes horren erakusle da baita ere irailera arte Design for Change ekimeneko parte izan zinela.

2021ean batu nintzen ekimenera, eta zuzendari orokor izatera heldu nintzen. Aurrez esan bezala, nire pasio handietako bat den hezkuntzaren munduarekin oso lotuta dagoen proiektu sozial bat da. Lan bat onartzen duzunean, edo ekintzaile izateko, norberaren balioak oso garrantzitsuak dira. Design for Change-n aritzean asko ikasi dut, baita hezkuntza arloko jende oso interesgarria ezagutu ere. Alor horretan jarraitzeko gogoa piztu dit: gaur egun Espainian hezkuntzarekin dauden arazoak ezagutu eta ulertu eta horietan lan egitekoa.

"MUNDU GUZTIAK ESPERIENTZIA HANDIKO JENDE GAZTEA NAHI DU, ETA HORI EZINEZKOA DA"

LEINNen ikasitakotik zer nabarmenduko zenuke?

Unibertsitateko urteak maitasunez, nostalgiaz eta pena puntu batekin gogoratzen ditut; bere garaian nahiko gordina izan zen. LEINN gradua ez da edozeinendako; dirudien baino gogorragoa da. Bidaiak, esperientziak... da saltzen dena, baina benetan ikasten duzuna da zeure burua pertsona moduan hezten. Bizitzaz gutxi eta teoriaz asko irakasten digun hezkuntza sistema batetik irteten gara, eta horixe da hain justu ere LEINNek irakatsi didana: mugitzen, babak heltzetik ateratzen. Mundu guztia ez dago horretarako gertu.

Arrasaten, ekintzailetzaz eta belaunaldiartekotasunaz hitz egin zenuen. Zer onura dakartza?

Niretzat ezinbestekoa da. Design for Change-n ikasi nuen, soilik sortu daitezkeen sinergiak ikustearren, jende gaztea eta ez hain gaztea elkartzen. Hori ikusten dut orain, ni baino askoz ere nagusiagoa den jendearekin lanean ari naizela: esperientzia handiko jendearengandik, euren karguetan urte asko daramatenengandik asko ikasten ari naizela. Gazteok dugun potentziala esperientzia hori argitara ateratzeko gakoetako bat da. Niretzat erabakigarria da lantalde batean jende gaztea eta nagusia batera egotea, esperientzia duena eta ez duena. Amonaren etxean zaudenean bezala gertatzen da enpresan ere: berarengandik asko ikasten duzu, eta alderantziz. 50 urte dituen eta finantzen munduan 30 urte daramatzan pertsona batek nire enpresaren finantza-sistema ulertzen lagundu ahal dit; eta nik berari, marketin ikuspuntutik lagundu diezaiokeen TikTokerako reels-ak egiten.

Gaur egun merezi duen arreta jartzen zaio gaiari?

Ez. Oinarrizko arazo bat dago, jendearen burmuinean txertatuta dagoena, eta da uste izatea jende nagusiak esperientzia izan arren, irudi txarra ematen diola enpresari; eta alderantziz. Mundu guztiak esperientzia handiko jende gaztea nahi du, eta hori ezinezkoa da. Jendeak ez ditu 56 urtetik gorako pertsonak kontratatzen, eta ez dut ulertzen zergatik. Niri inporta didana talentua da, ez adina. Talentua duzu? Badakizu zertaz hitz egiten ari zaren? Bada, aurrera! Gaiaz ez da berba egiten, gizarte moduan gauza askotan ez dugulako behar den moduan aurrera egin.

Belaunaldiez ari garela, nola ikusten duzu zeurea?

"ORAIN DENON AHOTAN DAGO BURU OSASUNA, ETA ZORAGARRIA IRUDITZEN ZAIT"

Kristalezko belaunaldia garela eta horrelakoak esaten dizkigute, baina ni ez naiz hor sartuko. Sektore ezberdinetako nire adin inguruko jendearekin bazkari bat izan berri dut: mediku bat zegoen, abokatu bat... Guztiok ere gauza bat geneukan argi: gauzak aldatu nahi genituela. Horrek itxaropen handia ematen dit nire belaunaldiarekiko. Berriz ere kontzeptu-akats bat dagoela esango nuke, ze ikuspegi dugun belaunaldien artean: nola ikusten ditugun guk nagusiagoak eta nagusiagoek nola ikusten gaituzten gu. Hori berehala aldatu behar da, gizartea belaunaldika polarizatzen duelako, eta horrek beste polarizazio batzuk dakartzalako.

Zure bizitza eta Gasteizko zure lagunen bizitzak alderatuko bagenitu, antzekotasunak edo ezberdintasunak izango lirateke gehiago?

Ezberdintasun asko egongo lirateke. Bakoitzak bere bidea aukeratzen du, eta gehienek ikasten jarraitzea erabaki dute. Asko miresten dut hori. Nire lagunik onenetako bat denak, Farmaziako oposizioak egiteko, 8 edo 12 ordu ikasten ematen ditu egunero. Nik ezingo nuke horrelakorik egin, eta txalogarria iruditzen zait. Ni batetik bestera nabil, eta haiek bizitza askoz ere estatikoagoa dute; horrek ez du esan nahi bata bestea baino hobea denik. Horrek berak munduarekiko dudan ikuspegia asko aberasten du.

Batetik bestera ibilita, baduzu zuretako astirik?

Design for Change-n nuen zuzendari kargua uzteko arrazoietako bat izan zen ez nenbilela nire burua zaintzen. Orain denon ahotan dabil buru osasuna, eta zoragarria iruditzen zait, oraindik ere bide luzea egiteko dagoen arren; baita horren inguruan hitz egiten dugunok ere. Nik neuk ere ez dut nahi dudan edo gogoak ematen didan hori zaintzen. Askotan, nahi dudan gauza bakarra da ohean etzan, Netflix ikusi eta bakean utzi nazatela. Ekintzailetzaren munduan ezinbestekoa da zeure buruari denbora eskaintzea, eta horrek ez du esan gura horretarako bakarrik eta meditatzen egon behar dugunik. Gaur, esaterako, nahiago izan dut, lanean geratu ordez, txeloa hartu eta txelo-eskoletara joan. Horrelakoak egiten ikasten nabil, eta denok egin beharko genuke, bakoitzak ahal duen neurrian.

Non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?

Hori da beldur handiena ematen didan galdera, ez dakidalako! Inork ere ez daki. Dudan bizitza estiloagatik, ez dakit bihar zer egingo dudan ere. Hainbeste espektatiba eta asmo ditut, ezin baitut esan non ikusten dudan neure burua. Hamar urte barru, egiten dudana egiten dudala ere, zoriontsu izan nahi dut; baita 50 edo 100 urte barru ere

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak