Durangoko Azokaren ateak irekitzeko unea iritsi da

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 6a, 08:42

58. aldia du azokak, eta igandera arte euskal kulturaren "epizentroa" bilakatuko dela adierazi dute antolatzaileek: "Badator sormena, badator magia, badator Durangoko Azokaren fantasia!".

10:30ean ireki ditu ateak Durangoko Azokak, eta 12:00etan izan da inaugurazio ekitaldia, Szenatokian. Antolatzaileek eta erakundeetako ordezkariek hartu dute lehendabizi hitza, eta hitzartzeen ostean sormenak izan du lekua, dantza, pintura eta musika uztartzen dituen Dama arte performancea estreinatuta. Amaia Lejarreta artista plastikoak eta Janire Etxabe dantzari bertikalak koloreztatu dute eszenatokia.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "unibertso berezi bat da" Durangoko Azoka, "irudimenez eta emozioz josirikoa", "fantasiaren baitan harrapatzeko" gaitasuna ere baduena. Hori gogoan, 265 ekitaldi antolatu dituzte aurten, "anitzak, aktualak eta gazteak" izateko helburuarekin.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta gobernuaren
bozeramaileak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Mireia Elkoroiribe
Durangoko alkateak hitza hartu dute inaugurazio ekitaldian, eta ostean Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak egin du irekiera ofizialeko irakurketa. “Hunkigarria izaten da Durangoko
Azokari hasiera emateko une hauxe, eta aurten ere horrelaxe da. Ilusioz beterik gatoz. Izan
ere, bost egun eder ditugu aurretik, fantasiaz beteriko bost egun. Berriro ere kulturaren
topagune bihurtuko da Durango, eta egitarau oparoa daukagu: literatura solasaldiak,
kontzertuak, zinea, arte eszenikoak, erakusketak, tailerrak, ipuin kontaketak,
mahainguruak...”, azaldu du Mujikak, egitarauko 265 ekintzei balioa emanez. Gainera,
gazteak erakartzeko ahalegina nabarmendu du. “Azoka gaztea, bizia eta freskoa izango da
aurtengoa. Eta ikaragarri pozten gaitu horrek. Gazte ugari izango ditugu erakusmahaietan
lan berriak erakusten, baita aurkezpenetan edo zuzenekoetan parte hartzen ere. Eta gazte piloa espero dugu bestaldean ere, zaleen artean, egitarauko ekintza asko haientzat prestatu
ditugulako. Gazteok, zuena ere bada Durangoko Azoka, eta gurekin nahi zaituztegu!”, egin
die dei Mujikak.

Ekintza nabarmenak

Ahotsenea guneko solasaldiei dagokienez, Esti Martinezek, Oihane Amantegik eta Bernardo Atxagak liburu bana aurkeztuko dute, musika eskolan. Zuzeneko musika ere izango da, ordea. Nogen taldea izango da lehena Ahotseneako oholtza gainera igotzen, 11:00etan, eta ondoren iritsiko dira beste taldeak. Are gehiago, goiena.eus-en musika emanaldi horiek guztiak, eta gainontzeko egunetakoak, zuzenean ikusi daitezke.

Irudienean, berriz, dokumentalek izango dute protagonismoa. Gure Zirkua proiektuari buruzko lanaren aurrestreinaldia izango da lehendabizi, baina izango dira emanaldi gehiago: Bidasoa 2018-2023 eta Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat, esaterako.

Kabia plaza digitalean teknologia berrien eta errealitate birtualaren munduan barneratzeko aukera izango da; Saguganbaran, imajinaziorako txokoa izango dute haurrek eta familiek; eta, azkenik, Szenatokian, arte eszenikoak plazaratuko dira. Mikel Martinezek, adibidez, Euskaldungak bakarkako obra estreinatuko du.

Debagoieneko sortzaileek ere izango dute tokia azokan; hemen jasota zeintzuk, noiz eta non izango diren.

Dena den, egitarauaren xehetasun gehiago izateko, Durangoko Azokaren webgunean sartu daiteke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak