Saltokietatik harago, Debagoieneko askotariko lanak pantaila handian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko abe. 5a, 12:41

Durangoko Azokan izango diren Debagoieneko sortzaileen lan berriak.

Abenduaren 6an hasi eta 10era bitartean egingo dute 58. Durangoko azoka, eta Fantasia da! leloa aukeratu dute; kulturaren aurtengo plaza "mamitsua, aktuala, aniztasun handikoa eta gaztea" datorrela iragarri du Gerediaga elkarteak.

Askotariko 950 argitalpen berri izango dira eskuragarri, 257 erakusmahaitan banatuta, eta 265 ekitaldi baino gehiago izango dira aukeran, Landakoguneaz gainera, Durangoko txoko ezberdinetan kokatuta dauden zazpi gunetan banatuta.

Eskualdeko ikus-entzunezkoak

Zugaza zinema aretoan kokatuta dagoen Irudienea gunea Debagoieneko sortzaileen erakusleihoa izango da aurten ere. Musikan oinarritutako dokumentalak izango dira erakutsiko dituztenen artean, esaterako, Arrasateko Perlata taldearen Punkaren beste aldea eta Oñatiko Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldeak ekoitzitako Arnasaldiak. Horrez gainera, eskualdeko zinegileen film laburrak ere izango dira ikusgai: Arrasateko Iban Del Campok Kimuak katalogoan duen Sorbeltza eta Aitor Alberdi Bergarako zinegileak ekoitzi duen Vida i miracles d'una papallona izenekoa. "Grabaketa zaharrak bilatzeko aspaldiko zaletasuna dut, eta, halako batean, orain dela gutxi hil den Mallorcako Orestes Perezek eta haren emazte Trinidad Jaumek egindako altxorrarekin egin nuen topo. Izugarriak iruditu zitzaizkidan lana zein egileak, eta lana nik ekoiztea proposatu nien. Irudieneko aurkezpenean izango da Trinidad Jaume ere", azaldu du Alberdik.

Oñatiko Xup taldekoak ere "gogotsu" daude ekainean estreinatu zuten Beita websaila aurkezteko. Hala dio taldeko Danel Teranek: "Lehenengo kapitulua erakutsiko dugu, aurretik aurkezpen txiki bat eginda, eta solasaldia ondoren".

Askotariko diskoak

Musikari dagokionez, "produktuen hazkundea" nabarmendu du Gerediagaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak, eta zerrendan badira Debagoienekoak ere; horien artean, egubakoitzean argia ikusi duen Oñatiko Mila Modu taldearen Kenopsia. "Zazpi kantu batzen ditu, eta teklatuaren doinuak ere badira, kide berria batu dugu-eta taldera", dio Xabier Yaniz abeslariak. Elkar-en standean izango da eskuragarri. Eskualdeko autoekoiztutako bilduma gehiago izango dira, esaterako, Musikazuzenean eta Tough Ain’t Enough Records saltokietan CD zein binilo formatuetan. Bitxia da, era berean, Potx eta Lotx pailazoek euren standean salduko duten Zapata magikoa. "Eskuz egindakoa da, eta barruan pendrive bat dakar non Aireportuan ikuskizuna eta gure ibilbidearen dokumentala dauden", diote pailazoek.

Eleberriak eta gehiago

Nabarmentzekoa da, aurten, euskara gaitzat hartuta dauden liburuak; Badihardugu-ren postuan izango dira Debagoieneko udalek babestutako askotariko argitalpenak eskuragarri.

Azoka telebista

Fantasia DA! magazina ekoiztuko dute egunero, eta zuzenean hainbat ekitaldi eskaini ere bai. Edukiak ikusteko bideak hainbat dira: euskarazko toki telebistetan, ETBn, eta, nahieran, Durangokoazoka.eus-eko bideotekan eta Youtuben. Sare sozialetarako propio ekoiztutako edukiak ere izango direla gaineratu dute.

Debagoiendarren aurkezpenak

Abenduak 6

  • Konpost Txerra Bolinagaren taldeak Gap diskoa aurkeztuko du, 12:10ean, Ahotsenea Musika gunean, Plateruenan.
  • Pello Sarasua Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1 filma, 17:00etan, Irudienean, Zugaza zinema aretoan.
  • Eneko Bidegain MUko irakasle lapurtarraren Bichta éder liburuaren aurkezpena, 19:30ean, Ahotsenea Literatura gunean, Musika Eskolan.

Abenduak 7

  • Potx eta Lotx pailazoak Zapata magikoa! ikuskizuna egingo dute, 16:30ean, Saguganbaran, Elkartegian.
  • Annie Ernaux. Itz.: Gema Lopez Las Heras AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak bultzatutako Jokin Zaitegi itzulpen sariketako Emakume izoztua eleberriaren aurkezpena, 17:00etan, Ahotsenea Literatura gunean.
  • Iban Del Campo Arrasatearraren Sorbeltza film laburraren emanaldia Kimuak Laburmetraiak ekimenaren baitan,18:00etan, Irudienean, Zugaza zinema aretoan.
  • Aitor Alberdi Bergararrak ekoiztu duen Vida i miracles d'una papallona film laburra LaburmetraDA ekimenaren baitan, 19:00etan, Irudienean, Zugaza zinema aretoan.

Abenduak 8

  • Xup taldea Beita websaila, 12:00etan, Irudienean, Zugaza zinema aretoan.

Abenduak 9

  • Iker Martinez eta Zaldi Herrenak Arnasaldiak dokumentala, 11:00etan, Irudienean, Zugaza zinema aretoan.
  • Pako Aristi Oñatiko Gure Bazterrak taldearekin elkarlanean argitaratutako Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuan aurkezpena,11:30ean, Ahotsenea Literatura gunean, Musika Eskolan.
  • Perlata Arrasateko musika taldearen Punkaren beste aldea dokumentala, 13:45ean, Irudienean.
  • Etxepe Arrasateko musika urbano taldearen Etxepe Kids diskoaren aurkezpena, 18:00etan, Ahotsenea Musika gunean, Plateruenan.

Abenduak 10

  • Jose Mari Berasategi Iazko Jokin Zaitegi sariketako irabazlea Euskadi sariak- Literatura eta bidaiak mahai inguruan izango da Arantxa Urretabizkaiarekin eta Ander Izagirrerekin, 16:30ean, Talaia Landakogunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak