Eneko Barberenak irabazi du Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 5a, 14:08

Multinazionalen hizkuntza politika egokirako hainbat gako lanarekin Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariaren garaile izan da Eneko Barberena Mondragon (Arrasate, 1983) idazlea. Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako sarien banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango da, Donostian.

Barberenak lanean jaso du enpresa multinazionalek duten hizkuntza aniztasunaren erronka, kudeatu beharreko zerbait dela dio, "berariaz eta era gardenean". Horregatik, uste du egoerak eskatzen dituela hizkuntza politika on bat eta lingua franca baten ezarpen esplizitua. 2.000 euro jasoko saritzat.

Hona hemen Barberenaren lanaren laburpena:

"Demagun Madrilen egoitza duen banku Espainiar handi batek erabakitzen duela fusionatzea Lisboan egoitza duen Portugalgo egoitza duen batekin. Zein izango litzateke euren arteko lan hizkuntza? Gaztelania? Portugesa? Biak? Hirugarren hizkuntza bat, demagun, ingelesa? Eta Alemanian egoitza duen enpresa baten kasuak zer leku eduki behar du alemanak Euskal Herrian kokatutako plantatan? Eta euskarak? Gaztelaniak? Ingelesak? Nola eta non jasotzen dituzte enpresek hizkuntzei buruzko
eraentzok?

Gezurra badirudi ere hainbat eta hainbat kasutan hau ez dago behar den bezala jorratuta eta horrek eragin kaltegarriak ekarri ahal dizkie enpresei. Hizkuntza aniztasuna kudeatu beharreko zerbait da, berariaz eta era gardenean. Hango euskara planak, hemengo ingelesa ikasteko erraztasunek eta haratagoko bezeroen demandak asetzeko hizkuntza aurreikuspenek behar dute lotura sendoa eduki. Horregatik, konplexutasun handiko egoerak hau eskatzen du nire ustez: (1) Hizkuntza politika on bat, konpainia osoa aintzat hartuko duena. Eta (2) Lingua franca baten ezarpen esplizitua, hizkuntza aniztasun testuinguruan".

Beste bi sari ere bai

Bigarren saria Garikoitz Goikoetxea Etxeberriak jasoko du, 1.300 euro hain zuzen ere. Euskararen geografia berria du izena lanak eta azken datu soziolinguistikoen arabera euskararen geografia berria proposatzen du.
 
Eta hirugarren saria, Jone M. Hernandez Garcia eta Marta Luxan Serranorendako izango da, 1.000 euro. Hiztunaren genero nahasmendua. Hizkuntza gutxituak, euskara eta generizazio prozesuak izenburupean generoak hiztunen kategorizazioan eta errepresentazioan duen eragina landu du.
 
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango da, 17:00etan, UPV/EHUren Donostiako egoitzako Txillardegi aretoan –Karlos Santamaria liburutegia–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak