Debagoienean lan arloa euskalduntzea helburu

Miren Arregi Amasorrain 2023ko abe. 2a, 10:00

Bergarako 'Harixa' egitasmoa oinarri, lan mundua euskalduntzeko Debagoien osorako proposamena landu dute Jaurlaritzak eta Bergarako udalak. Dagoeneko bi bilera egin dira herri guztietako udal ordezkariekin, eta asmoa da 2024an abiatzea.

Lan mundua euskalduntzeko planak Debagoieneko herrietan garatzeko proiektua martxan da. Zentzu horretan, Jaurlaritzako, Aldundiko eta eskualdeko udal ordezkariek bi lan bilera egin dituzte dagoeneko, bata urrian eta bigarrena azaroan, eta oraingo hilabetean burutuko dute hirugarren bat. Helburua da Debagoieneko herrietako enpresek euskara sustatzeko urratsak ematea, lan mundua ere euskarazko eremu bihur dadin.

Harixa egitasmoa oinarri

Enpresa planak Debagoien mailan garatzeko proposamenak iaz Bergaran abiatu zuten Harixa egitasmoan du abiapuntua. Egitasmoa Bergarako Udalak bultzatu zuen, lan-mundua ere euskarazko eremu bilakatu asmoz. Eta hain zuzen ere, azken hori da Debagoien osoan landuko denaren oinarria. Bergarako alkate Gorka Artolarendako pozgarria da Bergaran duela urtebete martxan ipinitako proiektua erreferentzialtzat hartzea. "Bergaran, egitasmo honen bueltan, 38 eragilek sinatu zuten hitzarmena. Lan handia dugu oraindik, eta elkarlana beharrezkoa izango da konpromisoak betetzeko. Eskualde mailako plan indartsu bat abian jartzea Bergararako ere oso lagungarri izango litzateke".

Bergarako Udalak eta enpresek iazko urrian sinatu zuten hitzarmena, eta horren bitartez hainbat konpromiso hartu zituzten euren gain. Besteak beste, enpresa bakoitzean euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egitea, urteko egitasmo ezberdinak zehaztea edota hitzarmena sinatu duten enpresen artean euskara lehenestea dira horietako batzuk. Sinatu duten erakundeak egoera desberdinetan dauden lantegiak dira. "Batzuk urte asko daramate euskara planekin, eta beste batzuk hutsetik hasiko dira. Langile kopuruak eta langileen euskararen ezagutza ere desberdinak dira batetik bestera", dio Estepan Plazaolak, Bergarako euskara teknikariak. Hitzarmena sinatu duen enpresa bakoitzak bere ibilbidea finkatuko du, eta konpromiso berriak hartzen joango dira. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du.

2024an Debagoienera

Esan bezala, Harixa egitasmoak hartutako bideari jarraikiz sortu zen proposamena bailara osora hedatzeko asmoa. Hitzarmenaren gidaritza daraman Bergarako lan-mahaiak hasieratik pentsatu zuen Bergararako ere oso onuragarria izango litzatekeela egitasmoa bailarara hedatzea, eta horren haritik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Harixa-ko ordezkariak harremanetan izan dira, Debagoien osorako plana lantzeko. "Jaurlaritzari egoki iruditu zitzaion Bergaran landutako proposamena; izan ere, lan munduan euskara sustatzeko Jaurlaritzaren plan estrategikoan aurreikusita dago enpresetan euskara planak bultzatzea. Hala, urrian eta azaroan Debagoieneko Mankomunitatean udal ordezkariekin egindako bilerak Jaurlaritzak berak gidatuta egin dira", azaldu du Plazaolak. Asmoa da 2024an Debagoieneko gainontzeko herrietara zabaltzea egitasmoa.

Lana euskalduntzea, gako

Lan mundua euskalduntzeko ahaleginak ez dira berriak. Debagoieneko hainbat enpresak urteak daramatzate euren jarduna euskaraz izan dadin lanean. Elay eta Fagor erreferente dira horretan, eta aipatzekoa da EMUN aholkularitza enpresa, lantegietan euskara planak bideratzen espezializatua. Hala ere, lan-munduan euskararen presentzia ahula da oraindik ere. Badira hiru hamarkada gure herrietako gazteek ikasketak D ereduan egiten dituztela. Eskolaz kanpoko zenbait alorretan ere –aisialdia, kultura, kirola...– aurrerapauso nabarmenak egin dira azken urteetan, eta nagusiki euskaraz funtzionatzen dute. Lan munduan, aldiz, euskararen presentzia nabarmen ahulagoa da, eta, aldiz, ezinbestekoa da euskararen sustapenerako eta bizitzaren arlo guztietan euskaraz bizi ahal izateko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak