Gipuzkoako Foru Aldundian izan dira udal ordezkariak, garraioaz aritzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 1a, 12:12

Debagoieneko udal ordezkari batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundian eginiko batzarrean.

Diputazioarekin lankidetzan jarraitzea eta mugikortasun antolaketa plan berri baten alde aurrerapausoak ematea adostu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundian izan dira Maider Morras Arrasateko alkatea, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkatea, Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkatea, Ibon Unzetabarrenetxea Elgetako alkatea eta Aritz Igeltz Antzuolako zinegotzia, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako saileko diputatu den Azahara Dominguezekin batera, garraio publikoaren inguruan hitz egiteko. Nabarmendu dutenez, "mugikortasun iraunkorra bultzatzen jarraitzeko" konpromisoa dago batzarraren oinarrian, baina, horretarako, uste dute garraio publikoaren "baldintza egokiak" bermatzea "gutxieneko baldintza" izan beharko litzatekeela.

Hala ere, ez da Gipuzkoako instituzioetan egon diren lehen aldia izan, irailaren 20an ere Debagoieneko autobus zerbitzua hobetzea eskatu baitzuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Are gehiago, ordutik, aldaketa izan dela ere azaldu dute. "Dominguezek kargua hartu zuenetik, hainbat neurri zuzentzaile hartu ditu, eta, ondorioz, datuek erakusten duten eran, azken hilabeteetan kexen kopurua nabarmen jaitsi da".

Lantzen jarraitzeko asmoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak zein eskualdeko alkateek aurrerantzean ere elkarlanean aritzea adostu dute, bailarako udal ordezkarien hitzetan. "Mugikortasunaren berrikuspena eta hobetzea lantzeko lanean jarraitzea" da adostu dutena. "2024ko aurrekontuetan eskualde guztietan mugikortasun plan bat bultzatzeko partida propio bat aurreikusten dela eman du jakitera. Bestetik, udalerriek plan estrategiko hori lantzeko urratsak emango dituzte, larrialdizko beharrak identifikatu ostean".

Begirada, elkarlanean

Alabaina, Debagoieneko kideek nabarmendu dute ez dela elkarlanean aritzen diren lehenengo aldia izan, Oñatiko, Arrasateko eta Bergarako udalek Elorregiko autobus geltokiaren eraberritze proiektua elkarrekin egin zutelako. "Mugikortasun iraunkorrerako erronkak erantzun integrala du beharrezko, eta, horrek, erakundeen arteko lankidetza eskatzen du, Elorregiko autobus geltokiaren eraberritze proiektuan ikusi ahal izan zen moduan". Eta, hain justu, era horretan jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, izan gai honetan zein beste batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak