2021eko azaroan, Bergarako Udalak etorkizunean makinei euskaraz aginduak emateko xedez, Aroztegi aretoan auzolan digitalean grabaketak egiten aritu ziren. Orduan Bergaran eginiko ekimena Euskal Herri osoan zehar zabaldu da orain, Gaitu izenarekin. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatuta, urriaren 2an aurkeztu zuten kanpaina, Donostiako Tabakalera zentroan.
Euskal ahotsen datu-basea
Mozilla fundazioak martxan jarritako Common Voice ekimena elikatzeko eta euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzeko asmoz sortu da Gaitu kanpaina. Hala, eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea da helburua, baina, hori lortu ahal izateko, teknologia berriei euskaraz irakatsi behar zaie, eta horretan datza proiektua.
Adimen artifizialak euskaraz egin dezan, makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, euskarak testuinguru digitalean dagokion presentzia izan dezan, teknologia arloan duen erabilgarritasuna finkatzeko asmoarekin eta erabilera eremuak handitzeko helburuarekin sortu da Gaitu proiektua, euskal ahotsen datu-basea elikatzeko. Hori guztia lortzeko eta teknologia berriei euskaraz irakasteko, milaka eta milaka herritarri egin die dei Jaurlaritzak, hizkuntzaren eta kulturaren garapenari arlo digitalean ekarpena egiteko. Izan ere, adimen artifizialak euskaraz egin dezan, milaka ahots eta grabazio orduren beharra dago.
Pausoz-pauso
Irizpideak hiru dira: 20 urte baino gehiago izatea, euskaraz jakitea, eta irakurtzen jakitea; horiek betetzen dituen edonork lagundu dezake kanpainan. Izan ere, ahots asko eta askotarikoak behar dira: adin tarte, genero eta mota guztietakoak.
"Hasteko, garrantzitsua da Gaitu plataforma bat dela aipatzea eta ez aplikazio bat. Hori horrela, Gaitu.eus web-orrian sartu behar da lehenengo", azaldu du Eskoriatzako euskara teknikari Mari Karmen Arrietak. Behin web-orrian egonda, Eman zure ahotsa atalean egin behar da klik.
"Plataformak berak bi aukera desberdin eskaintzen ditu parte hartu ahal izateko; erabiltzaileak horietako bat aukeratu beharko du: ahotsa sartu edo balioztatu", dio euskara teknikariak. Ahotsa sartzeko, plataformak emandako esaldiak irakurri eta grabatu beharko dira; bost esaldiko paketeak eskaintzen ditu plataformak, guztiak euskara batuan: "Behar bezala irakurri behar dira esaldiak, ez bada zuzen irakurtzen ez du balioko eta; kasu honetan, euskara batuan dira guztiak". Behin ahotsa grabatuta, entzuteko aukera ere eskaintzen du programak; eta errepikatu nahi bada, erabiltzaileak aukera du.
"Ahotsa sartu nahi ez baina lagundu nahi duenak ere jarri dezake bere alea; izan ere, plataformak besteen esaldiak entzun eta balioztatzeko aukera ematen du. Aurrekoan bezala, bost esaldiko paketeetan datoz esaldiak, eta erabiltzailearen lana izango da horiek entzun eta zuzen irakurriak daudela egiaztatu eta balioztatzea".
Gaitu, bailaran
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela oinarri harturik, Eusko Jaurlaritzak udazkenean euskal ahotsen bilketa masiboa egiteko proiektua jarri zuen martxan. Hori horrela, egun hauetan zehar, Debagoieneko herrietan aurkeztu dute proiektua; hala, herritarrek aukera izan dute eta izango dute proiektuaz gehiago jakin eta ahotsa sartuz parte hartu ahal izateko. Oñatik, Eskoriatzak eta Bergarak Euskararen Egunaren bueltan egitarau oparoa eskaini diete herritarrei, eta horren baitan dago auzolan digitaleko Gaitu kanpaina. Elgetan ere egingo dute.
AHOTS ASKO ETA
ASKOTARIKOAK
BEHAR DIRA: ADIN
TARTE, GENERO ETA
MOTA GUZTIETAKOAK
Eguaztenean, oñatiarrek aukera izan zuten proiektua ezagutu eta parte hartzeko: 16:00etatik eta 19:00etara, Euskaldun Berria gelan izan ziren oñatiarrak hizkuntzaren eta kulturaren garapenean laguntzeko ahotsak sartzen.
Gaurkoan, Eskoriatzako plazan aurkeztuko da kanpaina: "Gure asmoa da pare bat orduz plazan egotea; hala, herritarrei web-orrirako bidea egiten lagunduko diegu, eta bertan Gaitu.eus-en bost esaldi sartzeko eta beste bost balioztatzeko eskatuko diegu", azaldu du euskara teknikariak. Horren ostean, herritarrak aukera izango du etxean "bide erraz" batetik berriz ere nahi dituen esaldiak sartu eta balioztatzeko. "Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako bilketa masiboan gure aletxoa jarri nahi izan dugu; hortaz, herritarrak plazako karpara etorri eta ahotsa sartzera animatzen ditugu, 18:00etatik aurrera".
Bergarara bueltan
2021ean Bergaran eginiko proiektua Euskal Herri osora zabaldu ostean, bueltan da herrira berriz ere. Hala, Bergara izango da Gaitu kanpainak euskararen egunaren bueltan zapalduko duen bailarako azken herria, abenduaren 3an, hain zuzen. Jardunek eta Bergarako Udalak elkarlanean auzolan digitala antolatu dute, 10:00etatik eta 14:00etara. 100 herritarren ahotsa sartzeko helburuarekin, animatzeko deia egin zaie herritarrei.
"HERRITARRAK
PLAZAKO KARPARA
ETORRI ETA AHOTSA
SARTZERA
ANIMATZEN DITUGU"
Parte hartu nahi duen orok hitzordua eskatu beharko du aurrez (ordua ere zehaztu behar da); txanda Bergarako Udalaren web-orrian eskatu behar da, Bergara.eus-en, hain zuzen. Saio bakoitzak ordu erdi iraungo du; beraz, hurbiltzen den bakoitzak denbora hori izango du esaldiak grabatu edo balioztatzeko. Bakoitzak bere mugikorra eta aurikularrak eramatea gomendatzen dute antolatzaileek. Gainera, saioak iraun bitartean haurren zaintza zerbitzua eskainiko zaie parte-hartzaileei; eta parte hartzen duten guztientzat, salda eta txorizoa egongo da.