Donostiako Egia auzoko Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimena abiapuntu hartuta, antzerako egitasmoak jarri zituzten martxan Euskal Herriko beste 20 herritan, eta "tokian tokiko ekimen arrakastatsu" horiek ardatz hartuta sortu zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskarara aldatu eta euskarara ekartzeko helburuarekin; Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijoren esanetan, euskara gehiago erabiltzeko, euskarari eusteko eta euskarari bide emateko: "Askotan aipatzen dugu: euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasa nahi dugu Euskaraldiarekin".
Ordutik, Euskaraldiaren hiru edizio egin dira –2018an, 2020an eta 2022an–, eta egitasmoaren balorazio positiboa egin du Urkijok: "Euskaraldiaren sorreratik esan dugu epe luzeko proiektua dela. Askotan, maratoia dela diogu, ez esprint bat. Badakigu ekarpen bat dela, baina, aldi berean, ez duela konpontzen euskararen auzia". Argi dauka Euskaraldiak ekarpen hori ezin duela bakarrik egin, eta beharrezkoak dituela Korrika, euskara elkarteek, euskaltegiek nahiz ikastolek egiten duten lana, edo hizkuntza politikak.
Azken edizioaren emaitzak
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta egitasmoaren koordinatzaileak nabarmendu du atera duten ondorioetako bat dela Euskaraldia eraginkorra dela: "2022ko abenduan balorazioa egin genuenean aipatu genuen ariketa jendartean egonkortu, finkatu eta normalizatu zela sentitzen genuela, eta azken aldiaren ikerketak baieztatu digu hori". Hori horrela izan denaren adibidetzat jarri du 2022ko partaideen %85,2k ezagutzen zutela Euskaraldia lehen ediziotik.
Ahobizi eta belarriprest rolak, berriz, jokaerarekin lotzen direla dio: "Hizkuntza jokabideak nagusitzen dira %60,2an rolak hautatzeko arrazoien artean. Badakigu eta badirudi oraindik hizkuntza gaitasunak pisu handia duela rol bat edo beste hautatzeko orduan, baina hori ere garrantzitsua da rolak ulertzen ari eta hizkuntza jokabideekin lotzen direlako".
Ariguneei dagokienez, 8.610 izan ziren 2022ko edizioan izena eman zuten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. 2020arekin alderatuta, Ariguneek %3,6 egin dute gora. Adierazi du Ariguneen funtzionamendua ondo ulertu dela; hiru entitatetik bik hala erantzun du: "Ariguneek babesa eskaintzen dute, taldetasun sentsazioa areagotzen baita. Gehiago dira taldean erosoago sentitzen direnak bakarka baino. Ahobizi eta belarriprest-ak adostasun batera heltzen dira, eta adostu dute Euskaraldian elkarrekin parte hartzea. Hori da egiten duten ekarpena". Era berean, esan du ikerketak erakutsi diela Euskaraldia egonkortzen ari dela eta jendeak ulertzen duela zer den ariketa.
Euskaraldiaren eraginkortasuna
Urkijok adierazi du Euskaraldiaren helburua bete dela azken edizioan ere: "Iruditzen zaigu azpimarratzeko datua dela ikustea ikerketak esaten duela parte hartu dutenen bi herenek intentsitate ezberdinetan ohiturak aldatu dituztela".
150.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuen parte azken edizioan: "Ekimen masiboa da. Partaide askoren inplikazioa ez da ariketak dirauen denbora tartera mugatzen. Antolaketa lanetan, hainbat pertsona aritzen dira, eta horrek euskararen aldeko mugimendua indartzen du". Balioa eman die herrietan osatzen diren batzordeei; koordinatzailearen hitzetan, horiek baitira egitasmoaren motorra.
"Gipuzkoak eta Bizkaiak egin dute ekarpen kuantitatibo handiena" partaide kopuruari dagokionez; hamar herritarretik zortzi gipuzkoarrak edo bizkaitarrak ziren. Datuei erreparatuz, esaterako, parte-hartzaileen %45,1 dira gipuzkoarrak. Alde kualitatiboari buruz ere mintzatu da: "Ikerketak adierazten digu ia egoera guztietan ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten dela euskaraz Euskaraldiaren aurretik; hori normala da, baina gehiago egiten da ariketaren ondoren ere. Hala ere, ikerketak esaten du aldaketa handiagoa izaten dela ingurune erdaldunagoetan. Kualitatiboki ere datu garrantzitsua da, benetan, eragina inguru erdaldunagoetan ematen dela".
Izango du beste edizio bat
Hiru edizioen ostean, laugarrena egingo da. Hurrengo edizioari dagokionez, ordea, ezer gutxi aurreratu du Urkijok: "Euskaraldiak izango du laugarren edizioa, hori ziur. Gainera, laster izango duzue horren berri. Baina, momentuz, horraino irakurri dezaket".
2022ko edizioaren ondoren, sakon hausnartu dute: "Aipatu daiteke hirugarren edizioaren ostean, balorazioa egiteko orduan, ikusi genuela beharra hausnarketa prozesu potente bat egiteko. Gogoeta prozesu sakona egin dugu ordutik, Euskaraldiaren inguruan dauden norbanako eta eragile ezberdinekin, erakunde publikoekin… Euskaraldia urrunago geratzen zaien eragile eta norbanakoekin ere egon gara, eta hortik jasotakoak oinarri hartuta ari gara momentu honetan laugarren edizio hori irudikatzen".