2021ean, hitanoa sustatzeko asmoarekin, Appa Hi! aplikazioa sortu zuten Badihardugu euskara elkarteko kideek CodeSyntax-en laguntzarekin. Duela bi urte Oñatin sortutako aplikazioaren bertsio berria eta berrikuntzak aurkeztu ziren martitzenean, Leintz Gatzagako Gatz museoan. Aplikazioak hitanoa ikasi eta praktikatzeko aukera ematen du, bost aste irauten duen ikastaro batean.
Bertsio berria
Oñatiko Ingo Xonau! proiektuaren baitan sortu zen aplikazioa, eta orain arte euskara batuko hitanoa, Oñatikoa eta Eibarkoa egon diren arren, bertsio berrian Leintz aldeko hitanoak sartu dituzte, udal hauen laguntzari esker: Arrasatekoa, Eskoriatzakoa, Aretxabaletakoa eta Leintz Gatzagakoa.
Martitzenean, Leintz Gatzagako Gatz museoan izan zen bertsio eta berrikuntza berrien aurkezpena, eta herri guztietako teknikari eta ordezkariak izan ziren bertan. Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkateak Amaia Arana Arrasateko teknikari eta Udal Euskaltegiko irakasleak eta Aintzane Agirrebeña Badihardugu elkarteko kideak zuzendu zuten hitzaldia, eta beharrezko azalpenak eman zituzten.
Hitanoaren egoera
Dorleta Elkorobarrutiak eman zion hasiera aurkezpen ekitaldiari, eskerrak emanez hurbildu zirenei; eta Debagoien aldean hitanoaren egoera zein den azal- du zuen: "Bai Gatzagan eta baita bailaran ere, esango nuke nagusiak direla hitanoa menperatu eta hitz egiten dutenak, eta ez gazte, ez ertainek ez dutela erabiltzen. Orduan, herritarrei hitanoa hurbiltzeko izugarrizko tresna izango da aplikazioa".
Euskararen erregistroei eman zien paso Amaia Aranak, eta erregistro bakoitzaren azalpena eman ostean, hitanoaren transmisio falta azpimarratu zuen: "Hitanoa komunikaziorako daukagun baliabide bat da; lehengo euskaldunek hika hitz egiten zioten elkarri, baina azken urteetan alde batera utzi dugu, eta zuka tratamendua zabaldu da. Transmisio falta izan dugu".
Hitanoaren barruan, bi hizkera edo tratamendu bereizi zituen Aranak: toka eta noka. Lehenengoa gizonezkoei zuzentzeko erabiltzen da, eta bigarrena, emakumezkoei: "Esan dugu hitanoa galtzear dagoela; hori galtzear baldin badago, egoera okerragoan dago emakumeei zuzendurikoa, noka". Hori horrela izateko hainbat arrazoi zeudela azaldu zuen Udal Euskaltegiko irakasleak, baina hiru azpimarratu zituen: noka hizkera "zakartzat" jo izan dela, "gizonen" hizkeratzat eta "baserritarren" hizkeratzat.
Aplikazioaren azalpenak
Hitanoaren egoera kaxkarra ikusita, herri askotan hitanoa bultzatzeko proiektuekin hasi ziren. Bailaran oso ezaguna egin zen Oñatin sortutako proiektua. Urtero egiten dituzten proiektuetatik sortu zen aplikazio bat egitearen ideia, eta 2021ean Appa Hi! aplikazioa sortu zen", azaldu zuen Aintzane Agirrebeñak.
"HERRITARREI
HITANOA
HURBILTZEKO
IZUGARRIZKO TRESNA
IZANGO DA"
"Hitanoaren oinarriak" ikasteko helburuarekin, aplikazioak bost asteko ikastaroa eskaintzen duela azaldu zuen Badihardugu elkarteko kideak: "Appa Hi! deskargatu eta ikasi nahi den bertsioa aukeratu behar da, eta gero hasten da ikastaroa. Egun bakoitzean, pilula bat zabaltzen da, eta ikasi beharrekoaren azalpenak eta adibideak dakartza, ondoren, galderak erantzun ahal izateko. Pilulak gainditzeko, galdetegiak bete eta gainditu behar dira; gainditutakoan zabalduko da hurrengoa. Gainera, aste amaieran, ikasitakoa laburbiltzen duen galdetegi bat ere erantzun beharko da mailaz pasatzeko. Ezin daitezke pilula guztiak egun berean egin; egun bakoitzean bat irekiko da. Ez da zertan egunero egin; bakoitzak bere erritmora egin dezake".
Aplikazioa hobetzen joango da; adibideak gehitzen eta lagungarri diren azalpenak gehitzen joango dira. "Gehienetan, herri bakoitzak bere adibidea izango du, baina beste herrietakoak ere erakutsiko dira, aberasgarria baita", dio Agirrebeñak.