Euskararen Egunaren bueltan sortu du Kukulaisik Egin Ttap! online lehiaketa. Azaroaren 24tik 30era bitartean haurrekin zein helduekin osatutako 114 talde nor baino nor aritu dira antolatzaileek egunero jarritako zazpi galderen erantzunaren bila. Alegia, erantzun zuzenak ahalik eta azkarren ematen ahalegindu dira. "Quiz dibertigarria sortu dugula uste dugu. Denetariko galderak egon dira: euskararekin lotutakoak, euskal kulturarekin erlazionatutakoak, galdera geografikoak...", azaldu dute bultzatzaileek.
Kukulaisirekin batera hiru elkartek jardun dute diseinu lanetan: Bergarako Jardun, Aretxabaletako Loratu eta Elgoibarko Atxutxiamaika. Gero, beste bost elkarte batu dira ekimenera: Kirikiño Atseden Taldea, Geu Elkartea, Berbaizu Euskara Elkartea, Berbaro Elkartea eta Hitzaro Euskara Elkartea. "Elkarte horiek jarduten duten herriez gain, Euskal Herriko beste herri batzuetako jendeak ere hartu du parte. Hala nola Arrasateko, Beasaingo, Lantziegoko eta Lekeitioko parte-hartzaileak ere izan ditugu".
Gazteengana heltzeko ekimena izan da Egin Ttap! online lehiaketa. "Aisialdi digitalean euskarak presentzia urria du, eta horri erantzuna emateko zein familian jokatzeko modu dibertigarri bat proposatu dugu. Egia esan, pozik gaude lehen edizioak izan duen harrerarekin".
Parte hartzaile gehienendako amaitu da lehiaketa. Atzo erantzun zuten azken galdera sorta eta abenduaren 4an jakingo dute zein talderendako izango diren IrriSarri Land-erako sarrerak. Zozketaz erabakiko da.
Finala Aretxabaletan
Zazpi eguneko online lehiaketaren ostean bi herritan egingo dituzte aurrez aurreko finalak; Aretxabaletan eta Elgoibarren. "Ekimenaren lehenengo urtea izanik proba pilotua da, eta bi herri horietan jokatuko dira finalak". Aretxabaletaren kasuan finala domekan jokatuko da, 17:00etan, Ibarra kiroldegian. "Nork bere erara egingo du finala. Aretxabaletaren kasuan puntuazio handiena lortu duten hamar taldeak sailkatu dira final handirako, eta bakar batek irabaziko du. Tartean, noski, sorpresatxoak egongo dira", azaldu dute Loratu Aisialdi Taldeko Ainhoa Sanchezek eta Beñat Arizabaletak. Aurreko egunotan 31 talde aritu dira nor baino nor Aretxabaletan; guztira 108 lagun. "Oso fin aritu dira guztiak", azaldu dute Sanchezek eta Arizabaletak. Balorazio oso positiboa egiten dute, eta ezer gutxi aurreratu dute etzi jokatzekoa den finalari buruz.
Jarraipen handia
Finalarekin edo finalik gabe Egin Ttap! lehiaketan parte hartu duten elkarteek jarraipenaren inguruko balorazio positiboa egiten dute eta oso pozik daude izandako erantzunarekin. "Talde gehienek fin-fin erantzun dute egunero bidalitako galdera sorta". 2-5 pertsonako taldeak izan dira eta guztietan egon da gutxienez pertsona heldu bat. "Aisialdi digitalarekin zalantza handiak daude Kukulaisiko bazkideen artean; izan ere, teknologiak gure bizitzetan duen presentzia ukaezina da, baina oso aukera gutxi ditugu teknologia berriez euskaraz gozatzeko, eta euskarazko edukiak sortzea garrantzitsua dela uste dugu. Era berean, teknologia modu arduratsu eta hezitzaile batean erabiltzea funtsezkoa dela uste dugu, eta ekimen honen helburua ez zen haurren artean mugikorraren erabilera sustatzea. Teknologia taldean eta heldu baten presentziarekin erabiltzea aukera egokia iruditu zitzaigun. Horrez gain, familiartean euskaraz ondo pasatzeko aukera bat izan dela uste dugu".
Saretuta egotearen garrantzia
Hainbat euskara elkarte dira Kukulaisiko bazkide. Bergarako Jardun eta Aretxabaletako Loratu elkarteetako ordezkariendako oso aberasgarriak izaten ari diren dinamikak sortu dira sare horren barruan. "Kukulaisiko parte izatea elkarteen saretzea ekartzen ari da, eta horrek elkarteak indartu, lagundu, gure artean esperientziak trukatu, formakuntzak jaso eta modu zabal batean lehiaketa hau modukoak antolatzeko aukera ematen du. Garrantzitsuak dira elkarteen artean sortzen ari den elkarlana eta sortzen ari diren proiektuak", azaldu du Bergarako Jardun elkarteko Saioa Garitanok.
Iritzi berekoak dira Aretxabaletako Loratu Aisialdi Taldeko Ainhoa Sanchez eta Beñat Arizabaleta. "Guretzat oso aberasgarria izaten ari da; izan ere, errealitate desberdinak ezagutzeko aukerak eta horrek ematen digun perspektiba irekierak aukera ematen digu gure errealitatera moldatzeko. Gainera, askotariko formakuntzak jasotzen ari gara".
Lehiaketako irabazleak ezagutzeko zain, ikusteko dago ekimenak jarraipenik izango duen. "Azken balorazioak esango du hori, baina baikorra naiz. Uste dut balorazioa positiboa izango dela eta berriz ere martxan jarriko dugula. Hori bai, erakunde publikoen laguntza ere beharrezkoa izango da", esan du Kukulaisiko zuzendari June Furundarenak.