Berrikuntzetara moldatuz, erronketan begirada

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 4a, 10:30

Hogei urte bete berri ditu Goienaren atari digitalak, eta, orduz geroztik, hainbat izan dira eginiko aldaketak. Urtez urte iritsi diren berrikuntzetara moldatuz aritu da, baina begirada etorkizunean jarrita izan du aldi berean, datozen erronketan.

Webguneak berrikuntza ugari izan ditu azken urteotan, eta horietako bat da, hain justu, albisteak irakurri ez ezik, entzun ere egin daitezkeela, Elhuyarrekin batera garatutako elkarlan bati eskerrak. Ahots sintesia –pertsona baten ahotsa– erabiltzen da horretarako, eta Tokikom elkarteko beste hedabide batzuetara ere zabaltzen ari da aukera. Are gehiago, transkripzio eta azpititulatze automatikoak egiteko aukera ere badu Goiena.eus-ek Tokikomek bideratutako Vicontech-ek garatutako proiektuari esker. Hala, emaitza findu ahala, gero eta bideo gehiago izango dira entzun bakarrik ez, idatziz ere erakutsiko direnak.

Gertutasuna hizpide

Goienak hasieratik du helburu gertukoa izatea, komunitateari zabalik egotea eta berarekin elkarlanean aritzea; bada, horretan dabil atari digitala ere. Debagoieneko elkarte, eragile zein norbanakoek leiho bat zabalik dute edozein edukiren berri emateko eta ekarpenak egin ahal izateko. 2024an, gainera, Komunitatea leihoaren itxura aldatu egingo da, erakargarriagoa eta erabilterrazagoa izan dadin. Bien bitartean, ordea, indarrak batzen jarraitzen du, eta kirol elkarteei zuzendu zaie azkenekoz. Hain justu, berriki sortu de Matx ekimenak bere lekua izango du komunitatean, eta dagoeneko ikusgai dago Kirolak atalean. Futboleko, saskibaloiko eta eskubaloiko taldeen informazioa erakusten du, partidetako emaitzekin batera.

Tokiko merkatariengandik eta ostalariengandik ere gertu egon nahi du Goienak, eta 0KM Gida gunea dago horretarako. Aurten, gainera, berritasunak izan ditu webgunean, Eskaintzak eta Jaso Ta Jan atalak gehitu baitzaizkio. Hala, zuzenean igo ditzakete eskaintzak bezeroek zerbitzuen berri jaso dezaten.

Aplikazioa eta sare sozialak

Erabiltzaileek, ordea, atari digitalaz gain, badituzte beste bide batzuk ere landutako edukien berri izateko: Goiena aplikazioa, kasurako. 2021ean iritsi zen debagoiendarren eskuko telefonoetara, eta ikus-entzunezkoak, zero kilometroko zerbitzuak eta Goienakideak lehenesten ditu. Notifikazio pertsonalak ere bidaltzen ditu, norberaren interesak ezagututa. Baina urrats gehiago egitea da xedea, eta, beraz, 2024an eguneratu egingo da.

Horrez gain, sare sozialak ere ohiko bide dira informazioa jasotzeko. Twitter eta Facebook bidez zabaltzen jarraitzen du Goienak webgunean argitaratutako guztia; hala ere, aro digitalean izanik, moldaketak egin ditu. Hala, egun, Instagramen ere bada, indartsu iritsi baitzen; hor hautatutako edukia argitaratzen da. Eta, horrez gain, Tik Token ere bada Goiena. Aurten egin du jauzi sare sozial horretara, gazteengana iristeko asmoarekin.

Kazetaritza era berriak

Kazetaritza egiteko modua ere ez da duela hogei urteko bera, eta erronka berriak izan ditu Goiena.eus-ek eskuartean. Aurten, lehendabizi, garai bateko kazetaritza testuak digitalizatu eta webgunean txertatu dira, erabiltzaileek ikusi ditzaten. 2000.urtearen aurretik izandako bailarako aldizkariak –Arrasate Press, Berrigara, Aretxagazeta, Goibekokale, Kontuola, Txirritola, Urlatik eta Zebarri–, hain zuzen.

Kazetaritza testuetan, gainera, datuak erabiltzen ere hasia da. Batetik, hauteskunde urtea izan da 2023a, eta esfortzu berezia egin da unean uneko datuak azkar jasotzeko, azken orduko informazioa modu grafikoan erakutsi eta azalpenezko testuekin uztartzeko. Eta, horren adibide izan daiteke Saretzen ere, datu kazetaritza egitea baitu helburu, EITBrekin elkarlanean. Grafiko interaktiboak, datuen analisiak adituen eskutik, portada bereziak… edukia beste era batera lantzeko aukera da, BBCk tokiko komunikabideekin batera datu kazetaritzaren gainean egiten duen lanketa oinarri izanik; hein batean, nazioarteko komunikabideekin ikasten jarraitzen baitu Tokikomek.

Eta, azkenik, podcastetan ere arreta jarria du Goiena.eus-ek. Hainbat gairen gaineko gogoetak jasotzen hasita dago Arrasate Irratian; esate baterako, gurasotasunaren inguruan adituei elkarrizketak Guraso.eus-ekin lankidetzan eta azaroaren 30eko greba feminista orokorraren gaineko informazio guztia mugimendu feministako kideen ahotik. Komunitatearen indarraren adierazle ere bada.

Datozen erronkak

Goiena.eus-ek beti du erronkatzat erabiltzaile berriak ekartzea atari digitalera eta dagoeneko daudenak fidelizatzea. Horretarako sinesgarria behar du izan komunikabideak, eta zero kilometrokoa: alegia, errotutako komunitate bat izan behar du, Goienakideekin osatutakoa. Hori guztia lortzeko baina, pertsonalizazioaren alde egin beharra dago, norberaren intereseko edukiak eskaini, gustuko formatuan.

Eremu digitalean, gainera, berrikuntza prozesuak ez du etenik, eta adimen artifizialarekin are eta bizkorrago doaz aldaketak. Horiei adi egon beharra dago punta-puntan jarraitu nahi bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak