Indarkeria matxista ozen salatu dute gaurkoan Debagoieneko herrietan, hainbat izan baitira bortizkeria matxistari aurka egiteko kalera atera diren herritarrak. Eguerdiko hamabietan hasita egin dituzte mobilizazioak Elgetan, Aramaion eta Oñatin, eta dozenaka lagun elkartu dira. Bergaran, berriz, Martxanterak talde feministak antolatuta, 12:30ean ekin diote manifestazioari, Munibe plazatik. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak leloa izan da nagusi, baina alboan izan dituzte bestelako aldarriak ere, hala nola arrazismorik eta kolonialismorik gabeko bizitzen aldekoa eta emakume helduei eginiko tratu txarren aurkakoa.
Bada, Arrasaten ere berdintsuak izan dira aldarriak. Lelope berdinean antolatu du elkarretaratzea mugimendu feministak, eta pentsiodunak izan dira hitza hartzen lehenengoak, andre helduen aurkako indarkeria matxista salatu asmoz. Ostean, eragile feministak hartu du hitza. Haren arabera, bortizkeria matxista "ez da ausaz gertatzen den zerbait", emakumeen aurkako "biolentzia estrukturala" baita. "Baditu bere helburuak eta funtzioak, bereziki genero rol, mandatu, zapalkuntza eta lanak patriarkatuak nahi bezala betetzen direla bermatzeko helburua du, muxu truk egin nahi ez duguna beldurragatik egin dezagun". Hain justu, kapitalismoaren jokatzeko era jarri dute erdigunean, "bizitza sostengatzeko beharrezko zaintza lan guztiak doan edo era oso prekarioan egiten direla ziurtatzen baitu". Are gehiago, erantsi dute genero biolentziari, biolentzia arrazista eta koloniala gehitu behar zaizkiola, helburu argi batekin: "Lan banaketa are eta gehiago prekarizatzeko".
Mugimendu feministak gogoan izan ditu zaintza lanak ere, azaroaren 30ean egingo den Greba Feminista Orokorra gogoan izanda. "Emakumeko zaintza lanak gure gain hartu ahal izateko izaten dugun prekarietate ekonomikoak bikote harremanetan sortzen duen dependentzia ekonomikoak, harreman toxikoetatik aldentzeko zailtasunak areagotzen ditu". Are, ez dute ahantzi emakume migratuen egoera ere, "hein handi batean zaintza enplegua sostengatzen dutenak" direla nabarmenduta. "Bereziki internen %95 andre migratuak baitira. Askotan biolentzia handia jasaten dute lanean dauden etxeetan eta prekarietate eta egoera irregularrak egoera oso zaurgarrian uzten dituzte". Bada, hori aintzat hartuta, Atzerritartasun Legeak "emakume migratuen gainean ezartzen duen biolentzia" salatu nahi izan dute. "Legearen eta interna figuraren berehalako abolizioa eskatzen dugu".
Hori dela eta, Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia egin dute feministek. "Denon bizitzak erdigunean jartzeko garaia delako, denok gure ardura hartu dezagun, azaroaren 30ean dena geldituko dugu!".
Itaiaren mobilizazioa
Deba Bailarako Itaiak ere mobilizazioa egin du Arrasaten, Herriko Plazan, 12:00etan hasita. Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki lelopean, bortizkeria matxistaren aurka "indarrak batzeko" dei egin dute. "Argi dugu gaurdanik egin behar diogula aurre eta indarkeria matxista amaitzeko baldintzak eraiki behar ditugula". Halere, hori instituzioetatik etorriko ez dela nabarmendu dute. "Agerian geratzen ari da instituzioetatik martxan jartzen dituzten berdintasun politikek ez dutela emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko inolako asmorik". Hain justu, Soilik baietz da baietz legea izan dute aipagai, alderdi politikoek bortizkeria matxistarekiko ustez duten jarrera salatzearekin batera. "Politika horien atzean alderdi politiko bakoitzaren eta bertako burokraten interes politiko eta pertsonalak ezkutatzen dira, inondik inora ere ez emakume langileon interesak".
Bada, "instituzioen politiken fartsatik kanpo" antolatzea izan dute aldarri, hiru eginbehar gogoan: "Emakume langileon azpirakuntza eta gure aurkako indarkeria matxista normalizatzen duen industria kulturari eta instituzioei aurre egin behar diogu. Horrez gain, bortxa matxista jasan duen emakumeak beharrezkoa duen babes material, sozial eta ekonomikoak bermatuak izan behar ditu". Eta, azkenik, erasotzaileen aurka "jarrera irmoa" izan behar dela azpimarratu dute. "Emakume langileok ezin gara gure zapalkuntza kudeatzearekin konformatu, eta, beraz, gaurdanik martxan jartzen dugun borroka prozesu bakoitzak norabide horretan ekarpena egin behar du, indarkeria matxista amaitzera eta gizarte sozialista eraikitzera bidean baldintza politikoak eraikiz". Hala, norabide horretan aritzeko asmoz, azaroaren 30ean kalera irteteko deia egin dute. "Aldarrikapena ez da hutsala, guztiok bizi aukera berak izateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu (…) Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatzeko mobilizatzeko dei egiten dizuegu".
Euskal Herriko Mugimendu Feministak –Denon bizitzak erdigunean dinamika– eta Itaiak, ordea, deialdi ezberdinak egin dituzte. Hego Euskal Herriko herri gehienetan goizez egingo dituzte mobilizazioak feministek eta arratsaldeetan, berriz, hiri eta herri nagusienetan. Itaiak, berriz, hiriburuetan egingo ditu; kasu honetan, bailaratik Donostiakora joango dira.
Arratsaldeko mobilizazioak
Aretxabaletan, 18:30ean egin dute elkarretaratzea Herriko Plazan, eta autodefentsa feministaren aldeko aldarria izan da nagusia kartelean. Dozenaka lagun elkartu dira. Eskoriatzan, berriz, ordu erdi geroago, 19:00etan, egin dute elkarretaratzea. Hala ere, ez da ohiko dinamika izan, Eskoriatzan indarkeria matxistarengatik jarritako salaketa kopuruen berri eman ostean, taldeka banatu eta galdera batzuk erantzun behar izan baitituzte bertaratutako herritarrek. Antzuolan ere ordu berean egin dute, eta eguneroko bortizkeria matxista salatzeaz gain, greba feminista orokorrerako deia egin du Andramanuelak emakume taldeak.