Joseba Barandiaran: "Komunitate aberatsagoa, berdinzaleagoa eta jasangarria lortu nahi dugu"

Babestutako edukia 2023ko aza. 24a, 08:45

Joseba Barandiaran LABORAL Kutxako Finantza Plangintza zuzendaria, erakundeak Arrasaten duen egoitzaren aurrean.

LABORAL Kutxak une gozoak bizi ditu. Baina irabaziez gain, beste helburu batzuk ere baditu erakundeak: langileak, bezeroak eta gizartea zaintzea.

Joseba Barandiaran (Legazpi, 1973) ekonomialaria 2021etik ari da LABORAL Kutxan lanean. Finantza Plangintza zuzendaria da, eta jasangarritasun alorreko ardurak ere baditu Arrasateko kooperatiban.

LABORAL Kutxa kreditu kooperatiba bat da, bankua izateaz gain. Horixe da bere bereizgarria, beste finantza erakunde batzuekin alderatuta?

Hori, eta Mondragoneko esperientzia kooperatiboaren baitakoa izatea.

Hasieran, Aurrezki Kutxa edo Euskadiko Kutxa, Mondragoneko kooperatibentzat finantza erakunde izateko sortua. 2012az geroztik, ostera, Ipar Kutxarekin bat egin eta LABORAL Kutxa da. Aldaketak aldaketa, hasierako helburuei heltzen die gaur egungo LABORAL Kutxak?

Bai, hain justu ere, komunitate aberatsago, berdinzaleago eta jasangarriak lortzea da geure helburua, kooperatiba kultura sustatuz.

"Etorkizunean ere Laboral Kutxa hobe bat izan dadin ari gara etengabe lanean"

Banka eta kapitalismoa eskutik doaz. Bi kontzeptu horiei kooperatiba batuz gero, zein da emaitza?

Banka egiteko beste modu bat, elkartasunetik abiatu eta arduratsuagoa dena.

Kooperatiba bat izanda, erakunde lehiakorra ere bada. Zenbateraino da balioa kooperatiba izatea, lehiakorra izateko?

Egungo finantza erakundeekin lehiatu beharra akuilua da. Batetik, lan bazkidetzak inplikazio handiagoa sustatzen du; aldiz, kapitala handitzeko aukera zailtzen digu bankuekin alderatuta.

Merkatuko finantza erakunde fidagarrienetakoa da LABORAL Kutxa. Zergatik da hori?

Irauteko, sendoa izan beharra dago. Kaudimena zaindu behar da. Gu kooperatibaren behin-behineko jabeak gara. Etorkizunean ere LABORAL Kutxa hobe bat izan dadin ari gara lanean. Eta hori kaudimenean liderrak izanda bermatu nahi dugu.

Aurten, lehen seihilekoan, 109 milioi euroko irabaziak izan ditu, iaz epe berean lortutakoaren bikoitza ia. Urte ona izango da aurtengoa?

Guretzat urte oso ona izango da; 2008ko krisian hasi eta interes tasa negatiboak izan dituen aroaren amaiera. Baina gure nahia da gure bezeroentzat ere urte ona izan dadin: aurreztaileei berriz ere euren aurrezkiak ordaintzeko garaia ere bada hau.

Azken urteetako urterik onena 2023a?

Etekin kontuaren arabera, bai. Baina ez diogu horri bakarrik erreparatzen. Ez da gure helburu bakarra.

"Gure komunitatea ongi badabil, bankuak ere ibiliko gara. Egoeraren ispilu gara"

Ekonomian zaildua, analisi ekonomikoak egitera ohitua… Nola aurreikusten dituzu hurrengo urteak ekonomiaren alorrean?

Egongaiztasun eta zalantza giroan; aldakortasuna etxekotu zaigu: Europako gerraz harago, mundu multipolar batean gabiltza. Hazkundea motelagoa izango da, baina demografiak langabeziaren kezka ere apaldu du. Prezioei tamaina hartu beharko diegu eta interes tasen normalizazioa barneratu.

Banku eta finantza erakunde guztiek izango dituzte irabazi handiak. Diruaren garestitzeak mesede egiten die bankuei eta finantza erakundeei?

Gure lehengaia den aldetik, bai. Baina aurreztaileei ere egin die. Interes tasa negatiboek biziki zailtzen dute finantza bitartekaritza lana. Doako dieselarekin gasolindegia mantentzea zaila litzateke.

Gertuko gerrek, inflazioak, diruaren garestitzeak… ekarri dute bizimoduaren garestitzea. Hainbatetan, herritarrak pobretzea. Kontrara, egoera horrek ekarri du bankuen eta finantza erakundeen irabaziak handitzea. Zergatik da hori? Paradoxikoa da? Ala logikoa da?

Inflazioak zorpetuei egin diezaieke mesede, bankuei edo ekonomiari ez. Interes tasak igotzeak mailegu eskaria txikitzen du, eta, hortaz, epe laburrean mesede dena, erdian kalte da. Gure komunitateak ongi badabiltza, bankuak ere ibiliko gara. Gutxi-asko, egoeraren ispilu gara.

"Gizartean bezala, ingurumenaren alorrena aurrerapausoak eman nahi ditugu"

Bezeroak daude LABORAL Kutxaren erdigunean? Erakunde gardena da bezeroekiko, zentzu horretan?

Langileak, bezeroak eta gizartea; hirurak zaintzea da gure erronka. Ingurukoen aldean erakunde txikia gara, eta gertutasunean egin nahi dugu azpimarra. Gure webgunean eta memorian gardentasuna nabaria da.

Asko aldatu dira bankuen eta finantza erakundeen bulegoak az- keneko urteotan, besteak beste, digitalizazioagatik. Nola egokitu da edo egokitzen ari da LABORAL Kutxa paradigma berri horretara?

Digitala eta aurrez aurrekoa konbinatu nahi ditugu, hibridatu. Gazte jendeak behar batzuk ditu, helduagoek beste batzuk. Bakoitzari berea ematen saiatzen gara.

Eraldaketa digitala nola egin du edo egiten ari da LABORAL Kutxa?

Internet bidezko banka, posta-mail, bizumak… Kalitatezko zerbitzua eman nahi diogu eskakizun digitalak dituenari; ahal dela, besteak ahaztu gabe. Azken 15 urteetan, gainera, marjina estuek gastuak asko zaintzera behartu gaituzte.

Debagoiena eta kooperatibak lotuta doaz; baita berrikuntza ere. Eredugarria da, berrikuntzari dagokionez, LABORAL Kutxa, beste finantza erakunde batzuekin alderatuta?

Gizarte konpromisoan eta gobernantzan aspaldi berritu genuen, Mondragoneko esperientziaren baitan. Orain, ingurumenaren alorrean ere aurrerapausoak eman nahi ditugu, ESG deritzan alor horretan. Txikiak gara, baina ez eskasak.

Non eta nola banatzen ditu, bereziki, irabaziak LABORAL Kutxak?

"Urte ona izango da, baina gure nahia da gure bezeroentzat ere urte ona izatea"

Hasieran aipatu dudan emaitzen banaketa zehaztuta dago, zorrotz araututa gainera, eta horrek sinesgarritasuna ematen digu egitasmo gisa, jasangarritasunaren mesedetan, eta, era berean, erantzukizun handia da guretzat.

Gizarte erantzukizunari inportantzia handia ematen dio LABORAL Kutxak? Zein zentzutan?

Erantzukizun soziala gai zabala eta sakona da, gure finantza-jarduera eta barne antolaketa baitan daudela. Sinplifikatze aldera, laburbilduz eta soilik kanpo gizarte erantzukizunari dagokionez, LABORAL Kutxak bere irabazien %25 gizartera bideratzen du. Arrazoia argia bezain zuzena da; inguruko komunitatean eragin positiboa izan nahi duelako, bertan sortzen diren ekimenetan lankidetzan jardunez. Eta ze irizpide erabiltzen dugun? Nagusiki, honako helburuak lortzen lagunduko duten ekimenak sustatzen ditugu: gure komunitatea jasangarriagoa izatea, aberatsagoa eta, aldi berean, berdinzaleagoa, aniztasuna errespetatuz.

Hortik abiatuta, kultura eta euskara izan dira, betidanik, bultzatu izan ditugun lerro nagusi bi, nahita lehenetsiak, segur aski. Bestetik, komunitatearen kohesioarekin zerikusia duten proiektuak laguntzen ditugu, besteak beste, heziketarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzen ditugu, bereziki ekonomia eta finantza arlokoak. Eta, azkenik, nola ez, Mondragon Korporazioaren esperientzia kooperatiboa bera ere laguntzea dugu xede.

Azken finean, taldeko kooperatibek dituzten helburuekin bat egiten dugunez, gure arteko elkarlanak biderkatu egiten du lortu nahi dugun eragin positibo hori.

Mondragoneko kooperatibentzat finantza erakunde izateko sortu zen LABORAL Kutxa –Aurrezki Kutxa–. Betetzen du funtzio hori?

Bete izan du, noski, eta orain ere betetzen du. Frankismo garaitik gaur arte ikaragarri aldatu da finantza erakundeei eragiten dien testuinguru eta araudia. Baita txanpona ere, pezetatik eurora ez baikara alferrik pasa!

"Langileak, bezeroak eta gizartea; hirurak zaintzea da gure erronka"

LABORAL Kutxak 65 urte egingo ditu datorren urtean, eta helburu zehatz batekin jaio zen: bere inguruan zeuden gabeziei erantzuna ematea, kooperazioaren bitartez, gizarte berdinago, aberatsago eta jasangarriago bat lortzeko. Kooperatiba mugimendu hartan, LABORAL Kutxaren hasierako eginkizuna kooperatiba haiei finantzaketa ematea izan zen, baita kudeaketarako behar zituzten beste hainbat baliabide ere. Denborarekin hazten eta zabaltzen joan gara, eta gaur egun dugun bezeroen oinarria oso zabala eta anitza da.

Horregatik, kooperatibez harago kokatzen da gaur egun gure finantza jardunaren zati handi bat. Baina, zalantzarik gabe, kooperatibak eta kooperatibistak oso presente dauzkagu gure egunerokoan.

Jasangarritasunarekin bat egiten du. Nola kudeatzen du alor hori eta zein urrats ematen ari da erakunde moduan?

Ingurugiroan dugun eragin zuzena dago batetik; hor Leintz Bailarako Ekiolaren kide gara, berbarako. Produktu sorta oso eta berri bat eskaini nahian gabiltza: aseguru jasangarriak edo erantzukizun sozialeko Konpromiso funtsa adibidez. Araudi aldetik, familia eta, batez ere, enpresen inguruko informazio eskakizunei erantzun nahian gabiltza. Araudi zabala ari da Europa lantzen jasangarritasun alorrean eta guzti-guztioi eragingo digu. Gure negozioa bezala, planetak ere jasangarri behar du. Osterantzean, akabo.

LABORAL Kutxa, zifratan

Caja Laboral-Euskadiko Kutxa 1959an sortu zen, sortzen hasi ziren Arrasateko enpresa kooperatiboen babes eta laguntza gisa. 2012an, Ipar Kutxarekin bat egin zuen, LABORAL Kutxa sortuz. Gaur egun, 1.993 langile ditu; horietatik, 1.825 lan bazkideak dira. 280 bulego ditu, guztira, Hego Euskal Herrian eta Espainiako 11 probintziatan –Madrildik iparraldera– banatuta. Iaz, 150,5 milioiko irabaziak izan zituen. Irabazi horiek honela banatu zituen: erdia, derrigorrezko erreserbetara; %15, Kooperatiben arteko Elkartasun Fondora; %10, Hezkuntza eta Sustapen Fondora; eta, gainerakoa, laurdena, bazkideen artean –kooperatiba zein langile–; hori ere erakundearen kaudimena sendotzeko gelditzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak