Aritz Otxandiano: "Askotariko eragileen arteko lankidetzan sinisten dugu"

Babestutako Edukia 2023ko aza. 24a, 08:15

Aritz Otxandiano Kanpo, FAGOR Taldeko iraunkortasun arduraduna, Arrasateko bulego orokorretan.

Euskal Herriko industria kooperatiba talde handiena da FAGOR, eta onartua du Fagor 2030 izeneko iraunkortasun estrategia. Enpresa eredu berri baten aldeko apustua da eta erronka esanguratsuak markatzen ditu. FAGOR Taldeko iraunkortasun arduraduna da Aritz Otxandiano Kanpo (Otxandio, 1979).

Zein egoeratan da gaur egun FAGOR Taldea?
Orokorrean egoera onean gaude; lan bolumen eta aurreikuspen onekin. Kooperatiba guztiak irabazietan daude, eta pandemia aurreko zifretan gaude salmentei, lanpostuei eta irabaziei dagokienez.

2022an, 1.819 milioi euroko salmentak izan genituen, eta irabaziak 46 milioi eurokoak izan ziren. FAGOR Taldeko kooperatibak erreferente dira jarduten duten sektoreetan, eta horrek eragina du emaitzetan.

Fagor 2030 izeneko iraunkortasun estrategia onartuta dauka FAGOR Taldeak. Azaldu iezaguzu zer den Fagor 2030?

"Gure proiektu kooperatiboa gaurkotzeko aukera da iraunkortasuna"

Bost konpromisoren bueltan ardaztuta dagoen FAGOR Taldearen iraunkortasun estrategia da. Testuinguru ekonomikoa zein den ikusita eta lehiakorrak izaten eta enplegua sortzen jarraitu nahi badugu, beharrezkoa izango da negozioak eraldatzea. Hori da, hain zuzen ere, Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren lehen ardatza.

Adibidez, gure negozio batzuk oso lotuta daude erregai fosiletara –gas balbulak, konbustioko autoen bloke motorrak...–. Etorkizunean, antzerako produktuen eskaera jaisten joango da, eta produktu horiek ordezkatzeko eta gure produkzioa egokitzen joateko erronkari helduko diogu. Hasita gaude.

Bigarren ardatzak gure bereizgarritasun garrantzitsuenetakoa den gobernantza eredu demokratikoa hobetzen jarraitzea du iparrorratz, eta hirugarrenak enpresa kultura aurreratu bat garatzea. Lehiakortasunaren ikuspegitik bi faktore dira funtsezkoak: puntako teknologia edukitzea eta pertsonek egiten duten ekarpenak duen balio erantsia. Testuinguru egokiak sortu behar ditugu pertsonak gustura egon daitezen eta haien onena eman dezaten.

Gure produktuek ingurugiroan sortzen duten inpaktua murrizteari ere garrantzitsua deritzogu, eta hori da Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren laugarren ardatza. Gaur-gaurkoz gure jarduera industriala planetaren muga biofisikoetatik kanpo dago. Inpakturik entzutetsuena CO2 isurketena da aldaketa klimatikoaren erantzulea delako, baina badaude beste batzuk ere, eta denak murriztu behar ditugu ahalik eta gehien.

Azkenik, eta bosgarren ardatzari dagokionez, kokatuta gauden lurraldeak ditu jomuga. Eragin nahi dugu lurralde horiek iraunkorragoak izateko. Gu, batez ere, Debagoienean gaude kokatuta, eta gure ekarpena, bereziki, eskualde honetan da. Askotariko eragileen arteko lankidetzan sinisten dugu, eta komunitatearen autoeraketan.

Eta zergatik erabaki duzue iraunkortasuna zuen enpresa estrategiaren erdigunean jartzea?

"Identifikatu behar dira etorkizuneko gizarte iraunkorrak behar dituen produktuak"

Gure proiektu kooperatiboa gaurkotzeko aukera moduan ikusten dugu iraunkortasuna. Aurreko fase historikoetan nagusitutako enpresa ereduetan ulertzen zen akziodunen irabazi ekonomikoak maximizatzea zela inporta zuen gauza bakarra. Hori aldatzen ari da, orokorrean munduan eta bereziki Europan, eta iraunkortasuna enpresan aldaketa horren baitan kokatzen da. Akziodunena interes talde garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Badaude beste batzuk; gizartea, ingurugiroa, hurbileko komunitatea... Askotariko interes talde horien ikuspegia ere kontuan hartu behar da enpresaren estrategia eta jarduna definitzeko orduan. Enpresa ez dago bakarrik balio ekonomikoa sortzeko; balio soziala ere sortu behar du kokatuta dagoen lurraldean, eta ingurugiroan ahalik eta kalte gutxien eragin.

Enpresa ulertzeko modu berri hau askoz ere hurbilago dago kooperatibismoaren printzipio eta balioengandik. Aukera berriak eskaintzen ditu gure enpresa eredua balioan jartzeko eta eguneratzeko. Horretan ari gara.

Beraz, esangura handiko helburutzat duzue planetaren zaintzarena.

Ingurugiroarekin lotutako erronka oso potoloak ditugu; esaterako, larrialdi klimatikoa. Enpresak problema horren parte gara kutsatzaileak garelako, eta tokatzen zaigu soluzioaren parte izatea. Horregatik, Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren barruan planetaren zaintzak badu pisu espezifiko inportante bat. Ezin liteke bestela izan.

Nola egingo dio aurre FAGOR Taldeak bere jarduera industrialaren deskarbonizazioari?

"Balio ekonomikoa bakarrik ez, enpresak balio soziala ere sortu behar du"

Jarduera industrialaren eta ekoitzitako produktuen inpaktua produktuen bizitza zikloaren analisiaren bitartez neurtzen da, eta hartzen dira kontuan lehengaiak naturatik erauzten direnetik produktua hondakin bihurtu arteko prozesu guztiak. Inpaktuaren neurketa egiteko, hamabost kategoria daude identifikatuta, eta horien artean garrantzitsuenetako bat CO2 isurketak dira. Zertan ari gara? Gure ardura zuzenekoak diren isurketak murriztu nahian ari gara. Horretarako, erregai fosilekin ditugun kontsumoak elektrifikatu behar ditugu, ondoren, elektrizitate hori iturri berriztagarriak erabiliz ekoizteko. Gaur-gaurkoz, gure energia kontsumo osoaren %70 da elektrikoa.

Horrekin batera, kontsumo energetikoa murrizten goaz ahalik eta gehien efizientzia energetikoaren bitartez. Hornitzaileei ere neurriak hartzeko eskatu beharko diegu, baina gaur-gaurkoz beste bi puntuetan zentratu gara. Erronka nagusia da ea zelan hornitzen garen energia elektriko berriztagarriekin. Industria elektrizitate kontsumitzaile handia da. Badakigu horrek gero ze gatazka sozial sortzen dituen. Oro har, ez da energia sortzeko azpiegitura handirik nahi inguruan, baina, aldi berean, ez da gura industriak ematen dituen lanpostuei eta ongizateari uko egitea. Hor dilema bat dago lurralde eta komunitate bezala. Norabide bat hartu beharra dago, eta horretan lagundu gura dugu.

Deskarbonizazioak negozio batzuk eraldatu beharra dakar?

Ezinbestean, eta hor ere adi ibili behar dugu. CO2 isurketarik gabe gas balbula bat ekoitz dezakezu, baina erregai bezala gasa abandonatu behar bada produktu horrek ez du etorkizunik. Eraldaketa hori, gainera, modu progresiboan gertatuko da; izan ere, erritmo ezberdinetan egingo dute munduko zonalde ezberdinek. Nork bere deskarbonizazio prozesua egingo du, eta guk ere modu progresiboan joan beharko dugu egokitzen eraldaketa horretara. Esaterako, lortu ditugu auto elektrikoendako piezak ekoizteko eskaera berriak eta utzi beharko diogu poliki-poliki konbusioko motorren pieza batzuk ekoizteari, baina enplegua ez galtzeko, produktu batzuk beste batzuekin ordezkatzen joan beharko dugu.

"Gobernantza eredua orain 50 urtekoa da; kooperatibak asko hazi dira ordutik"

Gobernantza ereduan sakondu beharra ere aipatu duzu. Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Gure kasuan langileok jabe ere bagara, eta parte hartzen dugu kooperatiben gobernantzan eta administrazioan, langile bat boto bat premisan. Berdin dio zein lanpostu betetzen duzun kooperatiban, denen botoak berdin balio du. Hala, gobernantza demokratikoa bada gure bereizgarri nagusienetako bat. Baina eredu horrek hobeto funtzionatzen du enpresa zenbat eta txikiagoa izanda. Dimentsio bat hartzen duzunean, zaildu egiten da langileek jabe sentimendua garatzea, eta jabe bati eskatzen zaizkion erantzukizun eta lankidetasunez jokatzea.

Horrekin batera, FAGOR Etxestrenak-en erorketatik irakasgai batzuk ere atera ditugu; gaur egun, merkatuaren baldintzak gero eta aldakorragoak dira, eta bizirauteko gakoetako bat da azkar moldatzea izaten diren aldaketa horietara. Horrek esan gura du, esaterako, lehen batzar nagusietan zeuden erabaki batzuk kontseilu errektoreen eskuetan utziak direla.

Gobernantzaren ikuspegitik erronka nagusia alor horietan eragitea da. Gure gobernantza eredu demokratikoari eutsi behar diogu bazkideen jarrera erantzunkidea sendotuz, eta eraginkortasun formulak bilatuz.

Eta nola lortzen da arlo horietan egoki eragitea?

Lehenengo, bazkideen formakuntzan eraginda; kooperatiban sartzen den edozein langilek jakin behar du ez datorrela bakarrik lanpostu bat betetzera, baizik eta enpresa horren jabetzan partizipazio bat daukala eta horrek ardura batzuk ekartzen dituela; eskubideak eta betebeharrak. Eta horretarako ezagutza behar da, esaterako, alor finantzarioan edota kooperatibagintzan. Formakuntza horretan eragin behar dugu.

"Ingurugiroko erronketan, soluzioaren parte izatea tokatzen zaigu"

Aztertu behar dugun beste alor bat da dimentsioarena. Gure kooperatiben gobernantza eredua orain 50 urteko berdina da, eta, ordutik, asko hazi dira kooperatibak. Ikusi behar dugu gure izaera demokratikoa galdu barik ea zelan sinplifika daitekeen gobernantza eraginkorragoa izan dadin; esaterako, tarteko ordezkaritzak txertatuz eta abar.

Erronken artean duzue talentua erakartzea ere. Zein indargune ditu FAGOR Taldeak alor horretan?

Gure ereduak baditu ezaugarri batzuk erakargarriak izan daitezkeenak etorkizuneko belaunaldientzat; izaera kooperatiboa bera da, nire ustez, gure indargune nagusia. Gure enpresetan lan eginda profesionalki garatzeko aukera izateaz gainera, langileak hainbat alorretan ekarpen diferentzial bat egiteko aukera du, tartean gizartearekiko egiten den ekarpen diferentziala.

Belaunaldi berriek xede bat duten enpresak bilatzen dituzte gero eta gehiago; gizarte justuago bat eraikitzeko xedea dutenak, enpresaren parte izateko aukera ematen dutenak, krisi ekologikoari aurre egiteko ekarpena egiten dutenak...

Gero, enpresa handi bat gara, teknologikoki oso garatua eta garapen profesionalerako aukera handiak eskaintzen dituena. Zortzi kooperatiben barruan lekualdatzeak egin daitezke, hazkunde profesionalerako sistema propio bat dugu... Uste dugu FAGOR Taldea leku egokia dela garapen profesionalerako zein pertsonalerako.

Zein alorretako talentua erakarri nahi duzue?

Nagusiki profil teknikoak bilatzen ditugu. Hala, lanean dihardugu Mondragon Unibertsitatearekin eta ikastetxe ezberdinekin STEM arloko ikasketak sustatzeko, hasi batxilergotik eta unibertsitateraino, ikasleek horrelako ikasketak erakargarri ikusteko, eta, tartean, emakumeek. Gure kooperatibetan gutxiengoa dira gaur-gaurkoz. Historikoki industriaren munduan emakumeen presentzia ez da handia izan. Badihardugu alor horretan ere eragin nahian.

Gizarte konpromisoa eta komunitatea ere aipatu dituzu.

Fagor 2030 iraunkortasun estrategiak bost konpromiso ditu, eta bosgarrenak eragiten die gu kokatuta gauden lurraldeari eta komunitateari. Gure helburua da laguntzea hiri eta komunitate iraunkorrak lortzeko bidean, eta horretarako palanka nagusiak dira, gure ustez, askotariko eragileen arteko lankidetza eta komunitatearen autoeratzea.

"Fagor Taldea leku egokia da garapen profesionalerako zein garapen pertsonalerako"

Gure kooperatiba guztien egoitza nagusiak Debagoienean kokatuta egonik, Debagoiena 2030 ekimeneko sustatzaile nagusietako bat da FAGOR Taldea, eta horra bideratzen dugu gizarte-funtsaren zati esanguratsu bat. Guretzat D2030 ekimena oso garrantzitsua da. Bailara honetan badaude beste bailara askotan ez dauden baldintzak benetako lankidetza publiko, komunitario eta kooperatibo baten bitartez hainbat erronkari benetako erantzun bat emateko; lankidetzan oinarritutako erantzun bat, komunitatearen autoeratzea bultzatzen duen erantzun bat...

Ekimen konkretuetara etorrita, hori zertan islatzen da?

Debagoiena 2030 markoaren barruan energia berriztagarrien komunitateak ari dira sustatzen herri guztietan. Hor daude, esaterako, Leintz bailarako Ekiola, Berener Bergaran edo Ixotzen Elgetan. Trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko logikaren barruan egituratzen diren proiektuak dira guztiak.

Debagoiena 2030 ekimenetik irten den beste prototipo bat Tantai Baso Jabe kooperatiba da. Basoen kudeaketa jasangarri baten alde lan egiteko elkartu dira hainbat baso jabe eta askotariko eragileak. Guretzat apustu estrategikoak dira bai bata zein bestea.

Aurrera begira, zein aurreikuspenekin dihardu lanean FAGOR Taldeak gaur egun?

Irabaziei dagokienez, espero dugu 2023. urtea iazkoarekin alderatuta zerbait gainetik ixtea, eta horrek ahalbidetzen digu enplegu maila mantendu ahal izatea. Bizi dugun ziurgabetasun egoera orokor honen barruan –gerra bat edo beste bat dela, inflazioa dela...– FAGOR Taldearen eta bere kooperatiben egoera ona da. Gure erronkekin, baina etorkizunera begira ditugun perspektibak ez dira txarrak.

Bestetik, hurrengo urtean emango diogu amaiera 2021-2024 aldi estrategikoari, eta hori horrela marko estrategikoa berritzea tokatuko zaigu. Zalantzarik gabe, aldi estrategiko berrian, iraunkortasuna gure estrategiaren erdigunean kokatuko da.

Mugikortasunaren lan lerroa ere abian

D2030 ekimenak lan lerro berri bati ekingo dio laster; mugikortasun iraunkorra. FAGOR Taldean hasita daude lanketa propioa egiten. "Debagoienean desplazamenduen gehiengoa bailara barrukoa da, eta sortzaile handienetakoak enpresak gara; desplazamendu asko eragiten ditugu langileen eguneroko joan-etorriekin, eta desplazamendu horiek iraunkorrago egin behar ditugu", azaldu du Otxandianok. FAGOR Taldeko kooperatiba bakoitzak eginda dauka bere Mugikortasun Plana. Horrekin batera, martxan dute FAGOR Mugi izeneko programa. "Aplikazio bat daukagu, eta auto partikularra ez den beste garraio mota bat erabiltzen duten langileek hainbat pizgarri lortzeko aukera izaten dute". Erronka partekatua FAGOR Taldean argi dute mugikortasunarena erronka partekatua dela, eta mugikortasun benetan iraunkorra lortzeko ezinbestekoa izango dela hainbat erakunderen inplikazioa –udalak, Mankomunitatea, Aldundia...–. Oso begi onez ikusten dute D2030 markoaren barruan gaia aztertzea. "Eskualdeko mugikortasunari buelta bat eman behar zaio".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak