Ander Etxeberria (Arrasate, 1971) Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna da. Otalora jauregian egiten du lan, Aretxabaletan. Tokatzen zaizu MONDRAGON eredua munduan barrena zabaltzea. Baina mundutik ere asko dira Debagoienera datozenak. Munduan pertsona asko dago Arrasateko Kooperatibagintza Esperientzia ezagutu nahi duena, eta MONDRAGONek beti ireki die atea. Otaloran eta kooperatibetan jasotzen ditugu interesdunak: politikariak, kazetariak, ikasleak, ikerlariak, kanpoko kooperatibetako kideak, etab. Guztira, urtean 2.000 pertsona inguru dira. Batzuek ordubete eskas dute; beste batzuk egun batzuetan izango dira gure artean. Beste aldetik, munduan zehar azaltzen dugu MONDRAGONen Esperientzia erakunde diferenteek gonbidatuta: organizazio kooperatiboak, unibertsitateak, merkataritza-ganberak...
Zein asmorekin etortzen dira?
Lehenik, bisitariek MONDRAGON ukitu nahi dute. Aurretik badakite zerbait sistema honetaz: ikusi edo irakurri dute dokumenturen bat ereduari buruz, azaldu diete eskolan edo unibertsitatean… Baina beraien begiz konprobatzera datoz. Kontuan izan MONDRAGON "ezinezkoa" dela; enpresa egiteko modu tradizionalei desafioa da. Nola da posible jabeak langile diren enpresak lehiakorrak izatea? Nola da posible hainbeste kooperatiba diferente sortu izana (finantzak, ezagutza, industria, banaketa)? Bigarrenik, jakin nahi dute eredua kopiatu daitekeen. Politikari guztiek, adibidez, beraien herrialdeetan ezarri nahi dute.
"Nola da posible jabeak langile diren enpresak lehiakorrak izatea?"
Ezinezkoa da?
Esaten da Wright anaiek ez zekitela ezinezkoa zela hegaz egitea, eta hegazkina asmatu zuten. Arizmendiarrieta eta lehen jarraitzaileentzat ere ez zegoen ezinezkorik, eta enpresa egiteko modu berri bat asmatu zuten, kooperatiba berezi bat: jabeak langile dira, eta bakoitzak boto bat dauka batzar nagusian; ordainsari diferentzia haien artean txikia da, beste enpresa batzuekin konparatuz; eta lana sortzea da helburu nagusia, horrela gizarteari ekarpena eginez. Gainera, kooperatibek beraien artean indarrak batuz, izugarri ahaltsua den sistema osatzen dute, bai garai oparoetan eta bai krisi garaian; mekanismo horiengatik ez balitz, desagertuta leudeke kooperatiba asko edo ez lirateke izango gaur egun direna.
Nongoak dira bisitariak?
Kontinente guztietatik datoz. Azkenaldian, asko dira Brasildik, Ameriketako Estatu Batuetatik edo Hego Koreatik datozenak. Mexikotik, Japoniatik, Herbehereetatik edota Finlandiatik ere etortzen dira. Berrogeita hamar herrialde baino gehiago zenbatzen ditugu urtero.
Eredua errepikagarria da beste lurralde batzuetan?
Ohikoa da entzutea MONDRAGONen oinarrian Euskal Herriko auzolan tradizioa dagoela eta nekez eraman daitekeela beste lurralde batzuetara. Hala ere, auzolana munduko leku askotan dago. Hego Amerikako hainbat lurraldetan, adibidez, minga deitzen zaio. Bestalde, hemengo kuadrilla bat hartuko bagenu, inor ez litzateke gai izango bereizteko lagunen artean nor den kooperatiba bateko bazkidea eta nork egiten duen lan beste mota bateko enpresa batean. Batzuk eta besteak antzerakoak dira. Beraz, pertsona normalek lan egiten badute kooperatibetan –pertsona arruntak aparteko gauzak egiten–, pertsona normalak mundu guztian daudenez, zergatik ez erreplikarik? Arizmendiarrietak eta jarraitzaileek barruan zutena arauetan txertatu zuten, estatutuetan; armazoi kooperatibo sendoa eraiki zuten, eta, aldi berean, pertsonen neurrira egindakoa. Horregatik, kanpoko bisitari horietako bat egunen batean kooperatiba bateko bazkide izango balitz, erraz moldatuko litzateke.
"Kooperatibek indarrak batuz, izugarri ahaltsua den sistema osatzen dute"
Berreskuratu duzue pandemia aurreko aktibitatea eta bisita kopurua?
Bai, eta aurretik baino lagun gehiago dator. Bidaiatzea posible ez zenean, lan berezia egin genuen MONDRAGONen Esperientzia Kooperatiboa mundura zabaltzeko; Interneten eskuragarri dagoen Ezagutu MONDRAGON 22 kapituluko seriea grabatu genuen hiru hizkuntzatan. Jende gutxiago hurbilduko zela uste genuen; bai zera! Interesak gora egin du.
MONDRAGONen esperientzia azaltzeko beste modurik baduzue?
Otaloran espazio bat ireki dugu teknologia berriekin MONDRAGONen esperientzia azaltzeko; mugimendu handia dago. Bestalde, Internet bidezko konferentziez gain, kanpotik gero eta gehiago eskatzen digute podcast-etan parte hartzeko.
Kooperatibak: etorkizuneko enpresa eredua?
Inork uste du biharko gazteek ez dutela estimatuko ordainsari ona jasotzea, erabaki garrantzitsuenak hartzerakoan boto bat izatea edota enplegu-segurtasuna? Edo zentzu gehiago aurkituko dutela akziodunentzat lana eginez, norberarentzat, lankideentzat eta gertuko gizartearentzat lana eginez baino?
Ezberdintasunei erantzuteko eredua
MONDRAGON eredua bertatik bertara ezagutzera munduko bazter askotatik datoz Debagoienera: "Asko harritzen dira kaleetan, komertzioetan edo soziedadeetan ikusten duten giro komunitarioaz eta bizitza kalitateaz. MONDRAGONeko kooperatiben ereduak eragina izango du horretan. Jeneralean, Debagoienean dugu, eskualdeei dagokienez, EAEko errentarik altuenetarikoa, Espainiar estatuko langabeziarik baxuena, ikerketa eta garapenean inbertsio mailarik handiena, eta ezberdintasun ekonomiko txikiena. Bisitariek makina bat hobetzeko eta kontraesan identifikatzen badituzte ere, inspirazioa aurkitzen dute: desberdintasun ekonomikoa gero eta gehiago areagotzen ari den munduari erantzuten dion eredua da".