Erronka demografikoak, teknologia berriak, gero eta kontzientziatuago dagoen gizartea... mundua aldatzen ari da, gero eta azkarrago gainera, eta ULMA Taldeak aldaketa horren parte izan behar du. Betiere, gizartearekiko konpromisoarekin eta hobetzen jarraitzeko grinarekin.
Ziurgabetasun eta aldaketa garaietan, ezinbestekoa da elkarrekin joatea eta Balio Kooperatiboetan oinarritzea. ULMA Taldeak egungo erronkak gaindituko dituen enpresa eredu soziala defendatzen du. Enplegua sortu, berrikuntza bultzatu eta Debagoieneko aberastasun ekonomiko eta soziala lagunduko duen enpresa eredua. Hori da gure erantzukizuna aurreko belaunaldiekiko eta konpromisoa etorkizuneko pertsonekiko.
2.000 enplegu inguru Debagoienean
Aldaketa demografikoak gure gizartearen erronka handienetako bat izango dira. Mundu aldakor eta gero eta lehiakorrago batean, kalitatezko lanpostuak eta sare sozio enpresarial sendo bat sortzea eta mantentzea funtsezkoa da etorkizunerako.
Debagoieneko enpleguaren aldeko konpromiso hori oso presente egon da ULMAn betidanik. Tokiko enpresa batzuen beharrei erantzuteko eta beste batzuen itxierak sortutako beharrei erantzuteko sortu zen ULMA. Enplegua sortzearen aldeko apustu kooperatiboa da.
Jon Arriaran, Ulma Construction: "Taldeko kide sentitzen naiz,e ta nire ideiak eta iritziak kontuan hartzen dira"
62 urteko ibilbidean, ULMAk lanpostuak sortzen jarraitu du, bere jatorrizko negozioak hedatuta eta jarduera berriak sortuta, gaur egun ULMA Taldea osatzen duten 9 negozioetara iritsi arte. Guztira, 5.600 langile baino gehiago ditu, eta horietatik 2.000 inguru Oñatiko lantokietan dabiltza. Kooperatibaren jarduerak etengabe hazten jarraitzen du. Horren erakusle dira ULMA Agricolak Garibain duen lantegi berria eta ULMA Packaging-ek Zubillaga auzoan duena handitu izana.
Hala ere, enpleguaren aldeko konpromiso horrek inoizko erronka handienetako bat du gaur egun: talentua erakartzea eta geratzea, hain zuzen. Horretarako, ULMAren eredu kooperatibo, sozial, ireki, dinamiko eta ekintzailea balio segurua da. Pertsonetan oinarritutako proiektu berritzaileen bidez lan aukerak eskaintzen dituen eredua.
Aipatzekoa da, halaber, genero-berdintasuna ere ULMAren balioen parte dela, eta, horregatik, taldea osatzen duten negozio guztietan, berdintasun-planak eta ekimenak lantzen dira, industria-sektorean emakumeen talentua balioetsi eta ikusarazten dutenak, eta berdintasunaren, normalizazioaren eta hizkuntza ez-sexistaren inguruko prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzen dutenak. Lan hori Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astean aitortu berri da, non Euskalit Kudeaketa Aurreratuaren erakundeak eta Emakundek ULMA nabarmendu zuten, zehazki Packagingeko negozioa, berdintasunaren arloan jardunbide egokiak dituzten hiru enpresetako bat den aldetik. Zehazki, emakumeek industria-sektorean duten bokazio teknikoa ikusarazteko egindako lana.
Berritzeko grina
Aurrerapen teknologikoek hamaika aukera sortu dituzte, baita erronkak ere. Berrikuntzaren abangoardian egoteak eta lehiakorrak izateko aukera berriak bilatzeak modu etikoan jardutea du erronka.
ULMAn, berritzea eta lehiakorrak izatea Debagoienean eragin positiboa izatearekin lotuta dago. Beti izan dugu ikuspegi hori. 60ko hamarkadako lehen aldamio modularretatik eta ontziratze makinetatik abiatu, eta jarduera berriak garatzen laguntzeko sustapen jardueren inkubagailu bat bultzatzeraino. Ekimen horren arrakastaren adibide da ULMA Embedded Solutions. Sustapeneko jarduera gisa abiatu zen, eta, gaur egun, ULMA Taldearen barruko beste negozio bat da.
Enpresa sustapenerako eredu horrek bere fruituak ematen jarraitzen du, eta ULMA esparru erabat berrian sartzera eraman du: osasunarenean. ULMA Medical Technologiesen eskutik, irudiak antzemateko ekipoz, datu medikoen plataformaz eta adimen artifizialeko hainbat algoritmoz osatutako soluzioak garatzen dira. Eta horiek guztiek erraztu egiten dute oftalmologiako gaixotasunen diagnostiko medikoa eta detekzio goiztiarra egiten.
Javier Igartua, Debagoieneko Gurutze Gorria: "Ulma fundazioaren laguntza funtsezkoa da guretako"
Berrikuntza horiek, gainera, gizartean eragin positiboa izatea bilatzen dute, egungo asistentzia prozesuak eta pazientearentzako asistentzia kalitatea hobetuz. Esate baterako, ULMA Medical Technologiesen eta Miranza Talde Medikoaren arteko lankidetzak ahalbidetu ditu erretinako patologien detekzio goiztiarreko kanpainak, eta baita Abre sus Ojos GKEarekin batera behar handiena dutenei arreta oftalmologikoa errazteko egindako lankidetza ere.
Debagoienarekin aurrera goaz
Gero eta kontzientziatuagoa dagoen gizarte honetan, modu etiko eta arduratsuan jardutea legea betetzetik haratago doa.Horregatik, ULMAk, bere Fundazioaren bidez, Debagoienaren garapen ekonomiko eta sozialean laguntzen du. Azken 5 urteetan, ULMAk 4 milioi euro baino gehiago bideratu ditu proiektu sozial eta asistentzialetara, garapen kooperatiboa, ikerketa, ingurumena eta pertsonen zaintza sustatzeko helburuarekin.
Azpimarratzekoak dira hauek: ACNUReko errefuxiatuei laguntzeko ekimenei emandako laguntza; Euskadiko etorkinen osasun laguntza hobetzeko Medicos Mundiren bidez emandakoa; edo Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuekin lankidetzan aritzea, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko eta gehien behar dutenei emateko. Konpromiso hori Caritas eta Gurutze Gorria erakundeetara ere iristen da, esaterako, eta laguntza ematen da horien proiektu eta ekintzetako batzuk mantentzeko eta bultzatzeko.
Gainera, elkartasuna eta garapen kooperatiboa batu dira Mundukide GKEarekin lankidetzan, ULMAko bazkide batek, Lurrik Gabeko Langileen Mugimenduarekin (MST) batera, bere ezagutza eta esperientzia kooperatiboa helarazteko Brasilgo tokiko komunitateei.
Fundazioak egindako ekintza ugarien arteko beste adibide batzuk ere baditugu: kontsumo arduratsurako kontzientziazio kanpainak, eta ULMAko pertsonen arteko lanerako mugikortasun jasangarria sustatzen duen Ekokilometro programa, desplazamendu jasangarri bakoitza erregistratu eta saritzen duen app baten bidez. ULMA-ko 500 pertsona baino gehiago daude izena emanda.
Kirola gizarte osasuntsuago baterako funtsezko zutabe gisa ere oso presente dago Fundazioaren lanean. Horren barruan sartzen dira, besteak beste, kirol ez-profesionala sustatzea Kirolgi Fundazioarekin batera, edo tokiko kirol talde eta ekitaldiei laguntza eta babesletza ematea; esaterako, Aloña Mendi txirrindularitza taldeari edo Oñatiko Mendi Martxari.
Ibon Calvo, Ulma Taldeko lehendakaria
Jasangarritasuna, oinarrian
Azken urte hauetan, jasangarritasuna gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela begi bistan dago, eta ez Europa mailako araudi aldaketetan bakarrik, gizarteko arlo guztietan baizik. Auto elektrikoa, energia berriztagarriak, C02 aztarna, mugikortasun jasangarria eta enpresen taxonomia berdea, besteak beste, gai garrantzitsuenen artean agertzen dira gaur egun. Laster, gure bezeroek, finantza erakundeek eta hornitzaileek jasangarritasuneko arloetan ditugun ekintzen berri zehatza jasoko dute. ULMA Taldea gara, eta, gure historia luzean egin dugun moduan, erronka honi ere erantzun aproposa emateko lanean dihardugu. Jasangarritasunaren ikuspuntutik, ULMA Taldearen proiektu kooperatiboaren berrikusketa egin ondoren, jadanik bagenekienaz ohartu gara, hau da, ULMA Taldearen proiektuak langileen eta ingurunearen beharrak garatzeko eta asebetetzeko helburu nagusia duela. Eta helburu hori lortu ahal izateko, epe luzeko proiektu jasangarria garatu eta sendotu behar dugula; beste modu batera ezinezkoa litzateke. Beraz, azkenengo 60 urteetan bizi dugun ULMA Taldearen proiektua inoiz baino gaurkotuagoa eta indartsuagoa dago. Benetan berri pozgarria. ULMA Taldean bagoaz aurrera!