Baserritarrek 1960. urtean sortutako nekazaritza kooperatiba izan zen LANA 90eko hamarkadara arte. Orduan bihurtu zen kooperatiba industrial, eta, gaur egunera bitartean, erreferente bilakatu da egurraren sektorean, batez ere, iberiar penintsulan. Oñatin dute fabrika nagusia, baina Txekian ere badute beste bat, non kooperatibismoaren izaera zabaltzen saiatzen diren. Egurraren sektorean liderrak izaten jarraitzea dute helburu, baina erantzukizun sozialari garrantzia berezia ematen diotela azpimarratzen dute Mirari Zilaurren lehendakariak eta Itsaso Larrauri pertsonen arduradunak.
Itsaso Larrauri: "Gure harrobia hezkuntzan dago, eta kooperatibaren etorkizuna ere bai"
Eragileekin lankidetza
LANA Kooperatibaren identitatean barneratuta dago beste eragile batzuekin lankidetza sustatzea eta haiei laguntza ematea. Bide horretan, etengabe parte hartzen dute bailarako zein inguruetako gizarte, kultura, hezkuntza eta kirol proiektuetan. "Azken urteetan horren aldeko apustua egin dugu, batez ere kirol arloan, inguruko eragileak ikusarazten laguntzeko eta hainbat herritako elkarteei lagundu ahal izateko", dio Mirari Zilaurren LANAko lehendakariak.
Formakuntza landuz
LANAren beste erronketako bat da etorkizunean kooperatibaren parte izango diren profesionalak heztea eta haiei kooperatibismoa sentiaraztea. Horretarako, hezkuntzako hainbat alorretan ere jarduten dute, formakuntza espezializatuko pertsonak hezteko eta enpresara erakartzeko. Lan horretan, lankidetza aktiboa dute unibertsitateekin, prestakuntza-eskolekin eta institutuekin; zenbait dirulaguntza banatzen dituzte. "Gure harrobia eskoletan dago, baita gure kooperatibaren etorkizuna ere. Laguntza horiekin, prestakuntza horretan inbertitzen dugu, geroz eta profesional prestatuagoak beharko ditugulako etorkizunean", dio Itsaso Larrauri LANAko pertsonen arduradunak.
Kooperatibismoa zabalduz
LANAren historian bi mugarri daude kooperatiba izaeraren garrantzia nabarmentzeko. 1990eko hamarkadako eta 2007ko krisialdietan enpresa egoera larrian egon zen, baina bai kanpotik jasotako laguntzari eta baita barruan enpresak egindako lanari esker, gaur egun dagoen egoerara iristeko aukera izan dute. "Egoera horietan, egoera zail guztietan, oro har, kooperatiba izatea oso garrantzitsua da guretzat", dio Zilaurrenek.
Mirari Zilaurren: "Kooperatiba izango ez bagina, Lana itxita legoko gaur egun"
Hori dela eta, LANAren parte direnek ere kooperatibista izaera sentitzeko lanean jarduten dute. "Bazkide egiten direnei LANAren parte izatera pasatzen direla sentiarazten saiatzen gara, enpresa barrutik biziko dutela ikusarazten", aitortu du Larraurik. Lanketa bera egiten saiatzen dira Txekian duten fabrikan, nahiz eta han ezinezkoa den kooperatiba sortzea. Edonola ere, erronka, partekatzen duten proiektu bateko kide direla sinetsaraztea dela azpimarratu dute biek.
Berdintasunera bidean
LANA kooperatibatik uste dute jendearen pertzepzioa dela gizonezkoek soilik egin dezaketen lana dela. Horretarako berdintasun programa bat jarri zuten martxan duela hiru urte. "Etorkizunera begira emakume gehiago izatea nahiko genuke", dio Larraurik.