Jose Maria Arizmendiarrieta euskal apaizak eman omen zituen lehen pausoak kooperatibagintzaren arloan. Mondragon Korporazioko enpresa kooperatiboen sustatzailea izan zen, eta, ordutik, hainbat dira Debagoienean zabaldu dituzten kooperatibak, euren proiektuari bide ematera ausartu diren ekintzaileak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kooperatiben Kontseiluak emandako azken datuen arabera, 3.616 kooperatiba daude guztira hiru lurraldeetan, eta Patxi Olabarria presidenteak nabarmendu du "indartsu" dagoela "euskal kooperatibismoa". Haren arabera, "enpresa egiteko" beste modu baten ezaugarriak baloratu dira COVID-19az geroztik, eta, gainera, "kalitatezko enplegua" sortzeaz gain, "berrikuntzan" inbertitzen dutela uste du. Bada, tartean dira Debagoieneko kooperatibak ere.
Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak bildutako datuak aintzat hartuz gero, bazkide dituzten 1.400 kooperatibetatik 105 dira bailarakoak: Antzuolan, hiru; Aramaion, bost; Aretxabaletan, hamabi; Arrasaten, berrogei; Bergaran, hamahiru; Elgetan, bi; Eskoriatzan, sei; eta, Oñatin, 24. Industria, irakaskuntza, osasuna, zerbitzuak… askotarikoak dira dituzten lan jardunak, baina helburu berdintsuak dituzte, Kooperatiben Kontseiluaren arabera, sei baitira balio kooperatiboak: autolaguntza, autoerantzukizuna, demokrazia, berdintasuna, ekitatea eta elkartasuna.
Bailarara jauzi
Finantzak, industria, banaketa eta ezagutza dira Mondragon Korporazioa aritzen den eremuak, baina banaketak du pisu gehien: %55. Guztira, 68.743 pertsonak osatzen dute korporazioa, eta horietako bat da Ander Etxeberria Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduraduna. Bada, azaldu duenez, Arrasateko Kooperatibagintza Esperientzian dabiltza jardunean egun, munduan "asko" direlako proiektuaren berri izan nahi dutenak: "Beraien begiz konprobatzera datoz. Kontuan izan Mondragon 'ezinezkoa' dela; enpresa egiteko modu tradizionalei desafioa da". Alabaina, nabarmendu du ez dela horrela, eta euren eredua dela horren adibide: "Jabeak langileak dira, eta bakoitzak boto bat dauka batzar nagusian: ordainsari diferentzia haien artean txikia da, beste enpresa batzuekin konparatuz, eta lana sortzea da hel- buru nagusia, horrela gizarteari ekarpena eginez. Gainera, kooperatibek beraien artean indarrak batuz, izugarri ahaltsua den sistema osatzen dute".
Bada, badago Mondragonen esperientzia kooperatiboa jorratzen duenik ere: esate baterako, Lanki, Mondragon Unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegia. Bertako kidea da Ainara Udaondo, eta kooperatibismoaren gainean ikertzen eta hezkuntza ikastaroak ematen dihardu, lantaldeko kideekin batera, ikerketa, aholkularitza eta hezkuntza baitituzte oinarri. Hori gogoan, adierazi du hiru direla euskal kooperatibismoan azpimarratzen diren ideiak, "kanpotik" begiratuta. "Aniztasun kooperatiboa, lan elkartuko kooperatiba kopurua eta inter-kooperazioaren praktika". Are gehiago, erantsi du kooperatibak "erakunde sustraituak" direla inguruotan, eta "gizarte eraldaketarako bokazio argia" dutela.
Eroski Taldea
Mondragon Korporazioko parte da Eroski Taldea ere. 29.000 langile baino gehiago ditu egun, baina 610 frankizia-denda baino gehiagotako langileak gehitu behar zaizkio. 8.800 inguru dira langile bazkideak, eta 64 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz. Rosa Carabel da zuzendari nagusia, eta azaldu du "bizi kalitatea, osasuna eta kontsumitzaileen ongizatea hobetuko dituzten ondasunak eta zerbitzuak gizarteari eskaintzea" dela taldearen egitekoa. Haren arabera, kooperatiba izaerak "indartu" egiten ditu euren balioak, "elkartasunarekin eta lankidetzarekin" lotuak: "Bi alderdi nabarmenduko nituzke: gure izaera kooperatiboa eta jendearengandik gertu egoteko obsesioa". Era horretan, erantsi du lau direla Eroskiren eredu kooperatiboaren bereizgarriak: "Justua dela, demokratikoa, berdintasuna eta aniztasuna bultzatzen dituela eta ekitatez banatzen duela aberastasuna".
Laboral Kutxa
Eroskiren eran, Mondragon Korporazioko partaide da Laboral Kutxa ere, eta Joseba Barandiaran da Finantza Plangintza zuzendaria, Jasangarritasun arloko ardurak ere badituen arren. Azaldu duenez, hasierako helburuei heltzen die: "Komunitate aberatsagoa, berdinzaleagoa eta jasangarria lortzea, kooperatiba kultura sustatuz". Haren arabera, langileak, bezeroak eta gizartea "zaintzea" dute erronkatzat, eta berrikuntzan ere arreta dute jarrita. Hain justu, beste finantza erakunde batzuekin alderatuta izan ditzakeen ezaugarriak aipatu ditu. "Gizarte konpromisoa eta gobernantza aspaldi berritu genuen, Mondragoneko esperientziaren baitan. Orain, ingurumen alorrean ere aurrerapausoak eman nahi ditugu. Txikiak gara, baina ez eskasak". Azpimarratu duenez, besteak beste, Leintz Bailarako Ekiolako kide dira, eta produktu sorta "oso eta berri bat" eskaini nahian dabiltza, hala nola "aseguru jasangarriak edo erantzukizun sozialeko Konpromiso funtsa". "Gure negozioa bezala, Lur planetak ere jasangarria behar du izan".
Fagor Taldea
Hor da Fagor Taldea ere. Zortzi kooperatibaz osatuta dago, eta "indartsu eta osasuntsu" daudela diote. Automozioa, makina-erreminta, ostalaritza eta sukaldaritzako ekipamenduak, aeronautika, eguzki energia eta jabetza industriala sektoreetan ari da lanean, eta Joxean Alustiza da presidentea. Haren arabera, 2013an entzun zen "kooperatibismoaren amaiera" izan zitekeela Fagor Etxetresnak-en itxiera, ez zirela gai izango gertatutakoari aurre egiteko, baina uste du buelta eman ziotela egoerari. "Izan genuen gaitasuna eta abiadura erantzun bat emateko, eta baita ondorioei irtenbide bat emateko ere".
Hamar urte igaro dira ordutik, eta hainbat izan dira Fagor Taldeak eginiko aldaketak. Are gehiago, erronkak ere ez dira duela hamarkada bateko berberak, eta, hain zuzen, horren berri eman du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Fagor 2030 izeneko iraunkortasun estrategia dute eskuartean, bost ardatzetan banatuta: negozioa eraldatzea, gobernantza eredu demokratikoa hobetzen jarraitzea, enpresa kultura aurreratu bat garatzea, ekoiztutako produktuek ingurugiroan sortzen duten inpaktua murriztea eta eragin nahiko luketen lurraldeak iraunkorrak izatea. "Gu, batez ere, Debagoienean gaude kokatuta, eta gure ekarpena, bereziki, eskualde honetan da. Askotariko eragileen arteko lankidetzan sinesten dugu, eta komunitatearen autoeraketan".
Ulma Taldea
Ulma Taldean ere gogoan dute jasangarritasuna, Ibon Calvo lehendakariak nabarmendu duenez. Haren arabera, "gero eta garrantzi gehiago du" jasangarritasunak, eta "gai garrantzitsuenen artean" ageri dira, besteak beste, auto elektrikoa, CO2 aztarna, energia berriztagarriak, mugikortasun jasangarria eta enpresen taxonomia berdea; bada, hori aintzat hartuta, jakinarazi du euren bezeroek, finantza erakundeek eta hornitzaileek jasangarritasunean dituzten "ekintzen berri zehatzak" jasoko dituztela. "Erronka honi ere erantzun aproposa emateko lanean dihardugu. Jasangarritasunaren ikuspuntutik, Ulma Taldearen proiektu kooperatiboaren berrikusketa egin ondoren, jadanik bagenekienaz ohartu gara". Zehazki, nabarmendu du Ulma Taldearen proiektuak "langileen eta ingurunearen beharrak garatzeko eta asebetetzeko helburu nagusia" duela, eta hori erdiesteko "epe luzeko proiektu jasangarri garatu eta sendotua" behar dela. "Ulma Taldearen proiektua inoiz baino gaurkotuago eta indartsuago dago".
Horren berri izateko, datuak eman ditu taldeak. Gaur-gaurkoz, bederatzi enpresa ditu, 5.600 pertsona dabiltza lanean, eta 81 herrialdetara zabalduta du bere merkatua. Mundua aldatzen ari dela uste du Ulma Taldeak, eta aldaketa horien parte izan nahi duela, "betiere, gizartearekiko konpromisoarekin eta hobetzen jarraitzeko grinarekin". Hala, enplegua sortzea, berrikuntza bultzatzea eta Debagoieneko "aberastasun ekonomiko eta soziala lagunduko duen enpresa eredua" ditu oinarri nagusienetako batzuk.
Langileen parte-hartzea
Askotarikoak dira enpresa ereduak eta jarduteko erak, baina Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaren hitzetan, langileen parte-hartzean jarri behar da arreta. "Lurraldeko ehun ekonomiko eta industrialaren indargune handi bat da. Errealitate horrek garrantzi handia du orainaldian, baina, batez ere, etorkizuneko balio garrantzitsua du, gure ehun ekonomikoa eta industria fisikoa bultzatzen laguntzen baitu". Haren arabera, beharginen parte-hartzeak "enpresen lehiakortasuna" hobetzen du, "enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa" sortzen du, eta, gainera, "funtsezko tresna da konpainien errotzea areagotzeko". Horretarako, ordea, erakundeen partaidetza kultura ere gogoan izan du. "Sakondu egin behar dugu, egungo munduak planteatzen dizkigun eraldaketei berme handiagoz aurre egin ahal izateko".