Azken urteotako fenomenoak eta aldaketak izan dituzte gogoan biek ere, eta, azaldu dutenez, geroz eta ohikoagoak dira muturreko fenomenoak.
Datuen arabera, euri falta eta bero handia izan da 2022 eta 2023an. Egia al da?
June Ansoleaga: Bai. Azken urteak oso gorabeheratsuak ari dira izaten euri eskasiarengatik, batez ere Euskal Herriko barnealdean, hegoaldean. Bestelakoak diren muturreko fenomenoak ditugu. Urtaroak aldatzen dabiltza. Esate baterako, ez daukagu negu gordin-gordinik edo udaberri euritsurik. Nahiko epelak izaten ari dira azken urteetako lehen hilabeteak, eta geroz eta uda luzeagoak ditugu.
Luzatu egin al da uda?
J.A.: Dagoeneko, hilabete bat, bai. Uda ez da amaitzen irailaren 21ean; normalean urria ere oso beroa izaten dugu. Adibidez, albiste da aurtengo urria inoizko beroena izan dela mundu mailan.
Kezkagarria al da egoera?
J.A.: Argi, eta ez dugu soilik guk esaten, baita mundu mailan ere. Gauzak aldatzen ez badira eta, adibidez, kutsadura maila jaisten ez bada, datozen urteak geroz eta beroagoak izango dira, eta honek muturreko egoera gehiago ekarriko ditu. Euskal Herrian ere hasi gara urterik urte aldaketa nabaritzen.
Muturreko fenomenoak aipatuta, hor dago Ciaran depresiogunea. Uda bero baten ostean lehertu da, bat-batean.
Zuriñe Zulaika: Ciaran depresioguneak haize ufada oso gogorrak, itsaso oso zakarra eta euria ekarri zigun azaroaren hasieran, eta baita lehendabiziko elurra ere. 150 kilometroko haize ufadak ere izan genituen, eta hamar-hamaika metro inguruko olatuak. Ziklogenesi leherkorra izan zen, oso denbora gutxian sortua. Atlantikoan, esate baterako, 48 ordutan egin zuen 5.000 kilometroko ibilbidea.
Geroz eta ohikoagoak izango al dira horrelako fenomenoak?
Z.Z.: Betidanik izan ditugu ekaitza handiak eta uholdeak, baina tenperaturaren igoerarekin eta hezetasunaren handitzearekin, muturreko egoera gehiago izango dira.
Ekaitzak eta euri jasak bai, baina dagoeneko ez du horrenbeste zirimiri egiten…
J.A.: Egia da. Geroz eta gutxiago dugu lehengo zirimiri eterno hori. Nafarroako kasua aztertu dugu, adibidez, eta 1950.urtetik orain arte ikusi dugu Kantauriko isurialdean %20 jaitsi dela prezipitazio kopurua.
Bada, hor daude lehorteak ere. Ba al dago nabarmentzeko zerbait?
J.A.: Arabako hegoaldean eta Nafarroako erdialde-hegoaldean nabari da gehien ur eskasia, eta, ondorioz, lehortea; hain justu, Arabako Errioxa inguruan eta Nafarroako Erriberan. Tenperaturari dagokionez, udan, adibidez, bero boladarik handienak leku horietan erregistratu dira, 40 gradura artekoak.
Heldu al da desertifikazioa eremu horietara?
Z.Z.: Oraindik urrun gaude Iberiar penintsulako barnealdeko lekuekin alderatuta, baina egia da datozen urteetan egoera larritu egingo dela.
Suteak ere badira; gero eta ugariagoak dira Euskal Herriko leku batzuetan.
J.A.: Bai. Adibide bat ematearren, 2022an Nafarroan izan ziren baso suteak aipatuko nituzke. San Martin Unx eta Uxue inguruan sute ikaragarriak piztu ziren. Egun berean bost baso sute, hain justu. Ez da batera ohikoa, baina badirudi geroz eta baso sute suntsigarriagoak izango ditugula. Azken batean, denak du lotura: zenbat eta tenperatura altuagoak izan, orduan eta aukera gehiago baso suteak pizteko. Hala ere, ez du esan nahi urtero gertatuko denik.
Egoera hau guztia iraultzerik ba al dago?
Z.Z.: Tenperaturaren igoera, hirietako kutsadura eta biodibertsitatearen galera kezkatu behar gaituen gai bat da; gizakiak sortutako isurien murrizketa handia izan behar da.
J.A.: Atzera ezin dugu egin, baina neurriak hartu ditzakegu etorkizunera begira; besteak beste, gizakiak sortzen duen kutsadura nola edo hala murriztu behar dugu, baita gure egunerokoan aldaketa txikiak egin ere; horrez gain, biodibertsitatea pentsatu behar dugu eta gure hiriak birpentsatu behar ditugu. Gobernuek hartu behar dituzten erabakiak dira asko, baina guk geuk ere aldaketa txiki-handi horiek egin ditzakegu.