Puntua aldizkariaren 388. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Urtarrilean onartu zen errege dekretu bidez URAk –Uraren Euskal Agentzia– landutako 2022-2027 zikloari dagokion Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa. Bertan sartzen dira Deba arroaren inguruko planak eta neurriak ere.
2022-2027 epealdiko Plan Hidrologikoak aldaketa asko, edo esanguratsuak, dakartza aurrekoarekiko?
Europako zuzentarauek sei urtean behin uraren planifikazioa berrikustera behartzen gaituzte. Zuzentarau horien arabera onartu den hirugarren zikloa da, eta logikoa den moduan badaude aldaketak. Plan hidrologikoek hiru helburu talde dituzte. Hasteko, ingurumenarekin lotutakoak daude; izan ere, egoera onari buruzko Europatik datozen zehaztapenak bete behar dituzte urek, eta Europa osoan oraindik ere horiek lortzetik urrun gaude. Bigarren helburu multzoa uraren eskariarekin lotutakoa da; ingurumenaren bueltako helbururekin bateragarria izanda aseko den eskaria. XXI. mendean, Europan ez da onargarria eskaria emari ekologikoak edanaz asetzea, ingurumena kaltetuz. Euskal Herrian arazo horrek ez du beste tokietan besteko garrantzia, baina egon badaude erronkak. Eta, azkenik, uholdeekin lotutako helburuak daude, eta seguruenez hor dago urarekin Euskal Herrian dugun erronkarik handiena.
Ze aldaketa konkretu egin dituzue?
Plan Hidrologikoak aurreikusten dituen bi erronka garrantzitsuenekin harremana dutenak. Batetik, neurrien programa bat dago; hau da, identifikatu diren arazoei aurre egiteko, administrazioek, bakoitzak bere eskumenekoa den eremuan, egingo dituzten inbertsioak. Baina beste dokumentu garrantzitsuan ere, araudian, badaude aldaketak. Araudia ingurumen-helburuak lortzen lagunduko diguten lege-xedapenek osatzen dute. Neurrien programari dagokionez, ikusten dugu gune batzuetan badaudela uren fisiko-kimikarekin eta adierazle biologikoekin lotutako helburuak betetzen ez dituzten ur-masak, batez ere azalekoak. Hala, ikerketa xehe bat egin da Europako estandarrak betetzen ez dituzten gune horiek zeintzuk diren jakin eta horretarako dagoen arrazoi nagusia –konpondu gabe dauden arazoak– identifikatzeko. Zentzu horretan, identifikatutako arazo bakoitzari erantzuna emango dioten hainbat ekintza planteatzen dira; saneamenduaz eta hirietako hondakin-urez ari gara. Saneamendu sarean eta kolektore sarean hobekuntza batzuk planteatzen dira, baita arazketan ere. Horniketari dagokionez, egoeraren diagnostiko berria egin dugu, ikusteko non ditugun horniketa bermatzeko arazoak. Diagnostikorako egungo egoera eta aldaketa klimatikoarekin lotuta etorkizunean egon daitezkeen eszenatokiak hartu ditugu aintzat. Ur-eskariaren bilakaera jakiteko prezipitazioen gutxitzea bezalako aldaerak kontuan hartzen dituen modelo matematiko bat erabili dugu. Aurreikuspena da, azken 20 urteetan bezala, uraren eskariak behera egingo duela.
"Etxean uraren erabilera arrazional eta arduratsuagoa egiten du jendeak"
Ur gutxiago kontsumitzen dugu?
Askoz gutxiago; biztanleria eta ekonomia-jarduera igo diren arren, azken 20 urteetan duela hamarkada batzuk baino %25 ur gutxiago kontsumitzen dugu. Datu oso positiboa da. Arrazoiak dira, batetik, jendea askoz ere kontzientziatuagoa dagoela eta etxean uraren erabilera arrazionalagoa eta arduratsuagoa egiten duela. Baina arrazoia nagusia da, orain 30 urte ez bezala, gaur egun zaindu egiten direla banaketa sareko ur-galerak. Datu zehatzik ez dagoen arren, estimazioa da 1989 eta 1990 arteko lehortearen aurretik gure urtegi, erreka eta akuiferoetatik hartzen zen uraren %50 galdu egiten zela banaketa sarean zehar. Ordutik, gure kontsortzio eta mankomunitateak uraren banaketa ahalik eta eraginkorrena izateko lanean aritu dira. Egia da uraren kontsumoa modu esanguratsuan gutxitzen dabilela, eta gure kudeatzaileei zor diegu arrakasta. Dena den, banaketa sareko lanak ez dira toki guztietan egin. Aipatutako entitate publikoek badituzte baliabideak era horretako lanak egiteko. Baina badaude uraren kudeaketa euren gain duten herri txikiak, edo, Araban, kontzejuek-eta ez dute baliabide nahikorik konplexuak eta garestiak diren lan horiek egiteko. Argi dago horniketaren kudeaketaren mapa berrantolatu behar dela, horietan ere ardura mankomunitate eta kontsortzio handiena izan dadin; kontua da entitate txiki horiek eskatu behar dutela. EAEn badugu zer hobetu horretan, batez ere Araban.
Planak Deba arroaren sistema jasotzen du. Zeintzuk dira sistema horren ezaugarriak?
Deba arroko horniketa sistema Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen du, eta baliabide tekniko zein humanoen aldetik ondo funtzionatzen du. Eskariaren kontsumoa nabarmen landu da bertan, eta elkarrekin lotuta dauden bi urtegi daude: Urkulu eta Aixola. Zentzu horretan, sistemaren sendotasuna garrantzitsua da. Gure kalkuluen arabera, gaur egungo egoeran ere ez luke aparteko arazorik izango 1989-1990 urteetakoa bezalako lehorte luze batean uren eskariei erantzuteko. Horrek ez du esan nahi ezin denik baliabideen erabilgarritasuna hobetu edo, esaterako, eskariaren kudeaketaren alorrean lanean jarraitu; badakit Kontsortzioa horretan lanean dabilela.
Urkulu une honetan bere edukieraren erdian dago, gutxi gorabehera. Arduratu behar dugu?
"Deba arroko horniketa sistema fidagarria eta indartsua da"
Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan mailarik baxuena duen urtegia da. Hori da oso azkar hasi zen ezohiko uda izan dugulako. Iaz ekainean izan genuen alarma seinaleren bat, baina aurten maiatzean izan da. Dena den, Debaren horniketa sistema fidagarria eta indartsua da. %50eko maila ez da desiragarriena, azken hamar urteetako mailaren oso azpitik dagoelako. Baina erreserben bolumenak urtebete baino zerbait gehiago bermatzen du, baita euririk egingo ez balu ere. Lasaitasun mezua bidali behar da. Bestalde, logikoa den bezala, beharra egonez gero erabilgarri egongo diren beste erreserba batzuk bilatzeko neurriak bultzatzen segi behar da. Badakit une honetan historikoki Bergarak erabili izan duen ur-biltegi batean, Pol-poleko ubidean, lanean ari direla beharra badago horniketara batzeko. Baina zein une hidrologikotan gauden kontuan hartuta, ez dugu gehiegi arduratu behar: agorraldia amaitu dela dirudi eta aurreikus daiteke euria egingo duela.
Plan Hidrologikoak 2039ra begira bi eszenatoki aurreikusten ditu: batean, %5,3 murriztuko da errekek- eta jasoko duten ur kopurua; bestean, %12,1. Zerk eragingo luke hori? Eta ze ondoriorekin?
Mundu mailan, aldaketa klimatikoaren eraginez sortuko diren eszenatoki ezberdinak planteatzen dira: batzuk ezkorragoak dira, eta beste batzuk, gertagarriagoak. Plangintza Hidrologikoan bi egoerak jaso ditugu, eta errekek jasango duten ur gutxitzea kalkulatu ere bai, horniketa sistema batean etorkizuneko arazoak zeintzuk izan daitezkeen edo dagoeneko diagnostikatuta daudenak zenbat okertu daitezkeen jakiteko. Murrizketak ze ondorio ekar ditzakeen? Batez ere udan ur gutxiago izateari buruz ari gara, eta agorraldi garaian %5eko edo %10eko aldea izatea garrantzitsua da. Ur-baliabideetan aldaketa klimatikoak izan ditzakeen eraginak hiru sailetan bana daitezke. Batetik, euri gutxiago egingo duenez, udan ur gutxiago izango dugu. Badirudi udako hilabeteak gehiago izango direla, eta aurtengo eta iazko urteak dira horren adibide. Agorraldi garaiak luzeagoak izango dira: duela hamarkada batzuk udako agorraldiak hiru hilekoak ziren, eta egun lau edo bost hileko udak ari gara izaten. Lehorte egoerak sarriak izango direla ere argiago ari gara ikusten. Bestetik, tenperaturen igoera dago; ez bakarrik airearena, baita urarena ere. Ondorioz, laborantzarako ur gehiago beharko da, eta gure erreka, urtegi eta akuiferoetara ur gutxiago joango denez, baliteke ur eskari batzuk asetzeko arazoak egotea. Eta argi dago udan ur gutxiago egonez gero, uretako ekosistemen gaineko presioa handiagoa izango dela. Bestalde, hondakin-ur urbanoen isuria ere badago: horien arazketa nabarmena den arren, %100 garbitzea praktikan ezinezkoa da, eta, ondorioz, beti egongo da nolabait kutsatuta isuriko den ura. Baina ur gutxiago duen errekara isuriko da, uraren kalitatean arazoak sortuz. Bestelako arazoak ere egon daitezke: errekan ur gutxiago badago eta tenperaturak altuagoak badira, hain ezohikoak ere ez diren hondakin-uren istripuzko isuriak egonez gero, arrainen heriotza gertatu daiteke. Edo ur freskoak behar dituzten arrainei –amuarrainei, esaterako– tenperaturak igotzean, euren habitata murriztuko zaie. Egoera horiek aztertu eta ahalik eta arrisku gutxien egoteko moduak aurreikusi behar dira. Errekek-eta ur gutxiago jasotzea mundu mailako zerbait da, eta horretan zortea dugu, erlatiboki hezea den herrialdea delako gurea eta aldaketa klimatikoak ur-baliabideetan izango dituen eraginak beste toki batzuetan baino tamaina txikiagokoak izango direlako.
"Uraren kalitatean egoera errotik aldatu da, baina bide luzea dugu oraindik"
Ikerketek diote etorkizunean sarriagoak izango direla lehorteak eta uholdeak. URAn ere hori ikusten duzue?
Bai, diagnostiko eta analisi moduan daude jasota, bai Plan Hidrologikoan, eta baita horrekin batera egin den Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean ere. Lehorteena eredu matematikoen bidez sakon aztertu dugun gaia da, eta errefortzuak planteatu dira horren beharra izango dutela ikusi dugun horniketa sistemetan. Uholdeak, bestalde, uraren kudeaketarekin lotuta Euskadin dugun erronka handienetakoa dira, eta, ondorioz, Uraren Euskal Agentziaren ekintza funtsezkoenetakoa uholde arriskuen murriztea da. Zentzu horretan, duela 20 urte baino gehiagotik EAEn garatzen ari garen ekintza lerroekin jarraitu gura dugu. Lehenengo eta behin, lurraren erabilera berriak uholde- arriskuaren arabera ordenatzen saiatzea; ezin ditugu eraikinak jarri, edo erabilera industriala eman, uholdeak egon daitezkeen eremuetan. Gaur egun, zorionez, Plan Hidrologikoan badugu kontu hori erregulatzen duen araudi bat. Beste alde batetik, iraganeko akatsen ondorioz, badaude uholde-arriskua duten eremuetan dagoeneko eginda dauden eraikinak eta industrialdeak. Kasu horietan, duela askotik uholde-eremuetan dauden pertsona eta ondasunak babesteko lan-lerroarekin jarraitu behar dugu, plan ezberdinak eginaz eta kasuz kasu diseinatutako obrekin. Etorkizunera begira lan handia dugu horretan, eta inbertsio handiak ere bai.
Gure errekak prestatuta daude lehorte eta uholdeekin lotutako joera aldaketa horietarako?
Lehorteei dagokienez, Deba arroak eta orokorrean EAEk duten prezipitazio erregimenaren ezaugarriengatik, klima erlatiboki hezean gaude. Era berean, Deba arroan lurrazpiko urendako onuragarriak diren formazio geologikoak daude: prezipitazioak era naturalean filtratzen dituzten hainbat akuifero daude, eta gero apurka-apurka botatzen dute iturburuetatik. Aizkorriko akuiferoa; Udalatxeko kare-haitzetan dagoena; Bergara inguruko formazio bolkanikoetako akuifero oso interesgarria; arroaren bukaeran dagoen Kilimongoa... Horiek iturburuetatik botatzen dutenarekin udan ere emari maila bat mantentzen da, eta hori oso aldekoa da aldaketa klimatikoko egoera batean gure ekosistemen ezaugarriak mantentzeko. EAEn badaude akuifero gabeko guneak, eta, horietan, euria egiteari utzi orduko emaria oso maila baxuan geratzen da.
Eta uholdeetarako?
Kantauri arroak ez du geometriarik onena: arro txikiak dira, inklinazio handiarekin, eta XX. mendean hiriak eta industrialdeak eraiki genituen uholdeetarako lautadetan. Gune horietako batzuetan uholde arrisku garrantzitsua dute, eta URAtik arrisku hori txikitzeko lanean gabiltza. Uholdeekin eta lehortearekin lotutako arriskuak balantza batean jarriko bagenitu, ez dago zalantzarik: arrisku askoz ere handiagoa dugu uholdeekin lehortearekin baino.
Zein da uraren kalitatearen egoera gaur egun?
Kalitatea hobetu egin dela ikusi egiten da: erreka batera gerturatuta ikusten denak eta duela 40 urte ikusten zenak ez dute antzik. Egoera errotik aldatu da. Baina Europako araudia gero eta zorrotzagoa da, eta EAEn, lurrazpiko ur-masen %90ek baino zerbait gehiagok betetzen dute; azalekoen kasuan, %60k. Bide luzea dugu %100ean betetzeko. Aurrera goaz, baina asko geratzen zaigu, eta aldaketa klimatikoak ez digu erraztuko; kontrara!