2016an argitaratu zuen CodeSyntax-ek Mendiak aplikazioa, eta ordu geroztik 50 eguneraketa baino gehiago izan dituela adierazi du, helburuak berbera izaten jarraitu arren. "Euskal mendizaleentzat aplikazio arin eta erabilgarri bat eskaintzea, beren mendi igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko". Hain justu, Euskal Herriko 3.000 mendi ingururen informazioa ematen du, eta berriki gehitu dute aplikaziora Gipuzkoako postontzi guztien inguruko informazioa ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Mendizale Federazioarekin elkarlanean.
Orain arteko datuak
Zazpi urte hauetan aplikazioak 30.000 deskarga baino gehiago izan dituela jakinarazi du CodeSyntax-ek, eta baita euskarazko aplikazio batentzat "marka handiena" dela azpimarratu ere. Are gehiago, erantsi du aplikazioaren bidez 125.000 mendi igoera markatu dituztela mendizaleek, eta 110.000 irudi ere gehitu dituztela datu basera.