'La ermita' filma zinema aretoetan estreinatzear

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko aza. 13a, 13:57

La ermita filmeko lantaldeko kide batzuk, horien artean, Jon Olivares eta Maia Zaitegi. Argazkia: Sitges jaialdia.

Azaroaren 17an estreinatuko dute Osintxuko Jon Olivares eta Maia Zaitegi aktore arrasatearrak parte hartzen duten La Ermita filma zinema aretoetan; Debagoienean hurrengo asteetan izango da kondaira batean oinarritutako beldurrezko filma ikusgai.

Orain dela urtebete, Nafarroan eta Donostia aldean errodatu zuten Carlota Peredak zuzendutako La ermita filma, eta han izan ziren Osintxuko Jon Olivares eta Arrasateko Maia Zaitegi aktoreak.

2019an Cerdita lanagatik film labur onenaren Goya saria irabazi zuen Peredarendako estreinako lan luzea da, eta baita Olivaresendako eta Zaitegirendako ere. "Esperientzia oso polita izan da, giro oso ona izan dugu. Maiarekin eta beste taldekideekin lan egitea plazer hutsa! Maiarekin hainbat errodaje-egunetan izan nintzen eta oso ondo konpondu ginen, baita haren gurasoekin ere. Plazera eta ohorea da gazteak ibilbidea egiten dutela ikustea", kontatu du Olivaresek.

Jon Olivares: "Maiarekin eta beste taldekideekin lan egitea plazer hutsa izan da"

Zortzi urteko Arrasateko aktoreak eta haren familiakoek ere asko gozatu dute filmean parte hartzen. Hala kontatu du Maia Zaitegiren aita den Ikerrek: "Esperientzia oso berezia izan da, Maiari bere bizitzako aspektu desberdinetan garapen pertsonal izugarria izateko aukera eman diona: istorioak berak suposatu duen bizitzarako ikaskuntza; bizi behar izan dituen emozio desberdinak bizitzea; ekipo baten parte izatea eta guztion lana behar-beharrezkoa dela ikustea; grabaketa baten momentu on eta dibertigarriak ikustea, baina baita diziplinaz kontziente izatea eskatu diotenak ere. Gainera, izan dituen bide-lagunak bikainak izan dira, esaterako, Olatz Beobide bere coach-a izan da eta pribilegio hutsa izan da haren eskutik, pertsona bezala eta profesional bezala, mundu honetan murgildu ahal izatea. Asko ikasi du Beobiderekin aspektu guztietan. Era berean, ekipo guztia, oso humanoa izan da, eta asko babestu dute uneoro. Inguruan izan dituen aktoreak profesionalki txapela kentzeko modukoak izateaz gain, pertsonalki ere halakoak direla erakutsi dute. Guretzako, zoramena izan da etxeko errutina guztiz apurtu duelako, baina esker hitzak baino ez ditugu inguruan izan ditugun guztiontzat. Zainduak izan gara denok!".

Maia Zaitegi eta Belen Rueda la Ermita filma errodatzen. Argazkia: Filmax.

Jaialdi "handietan"

Sitgeseko Beldurrezko Zine Jaialdian aurkeztu zuten urriaren 13an eta Donostiako Beldurrez- ko eta Fantasiazko Jaialdian, pasa den astean. "Gogo handia nuen Sitgesera joateko, giro oso ona eta sanoa egoten da-eta jaialdian. Sekulako aukera izan da, niretzako, hara joatea, eta lan-taldekoak ere oso pozik daude. Egia da, Sitgeseko publikoa oso beldur-zalea dela, eta film hau ez da horren beldurrezkoa, baina orokorrean kritika onak ari gara jasotzen”, dio Olivaresek.

Iker Zaitegi: "Oso surrealista, baina, aldi berean, oso hunkigarria izan da guretzako"

Zaitegi familiakoendako ere "oso berezia" izan da, bereziki, Sitgeseko jaialdian izatea. "Inoiz pentsatuko ez genituen egoerak bizi izan ditugu eta ezezagunak pizten duen urduritasuna nabaritu dugu etxean. Oso surrealista izan da, baina aldi berean oso hunkigarria ere bai. Donos- tiakoa lasaiagoa izan zen, etxean geunden eta giroa ere gertukoagoa, naturalagoa, eta zinemaldi honetako giroa "ganberroagoa" da, polita", dio Zaitegik.

“Film emozionala”

Herri txiki bateko kondaira batetik abiatzen da istorioa; herriko ermita batekin lotura du. "Ermita horretan medium bat izaten da eta hari laguntza eskatuko dio Emma protagonistak, hildakoekin berba egiten ikasi nahi duelako. Hori da istorioaren muina eta filmaren leloak hala dio: Ez ahaztu inoiz agur esaten", kontatu du Olivaresek.

Asier eta Emma pertsonaiak

Asier pertsonaia gorpuztu du Olivaresek. "Herriko gazte bat da, hippy samarra, antisistema puntu batekin. Asko maite du Emma (Maia Zaitegi) eta hari laguntzeko edozer egiteko prest dago. Pertsonaia oso polita izan da antzezteko".

Emma da Maia Zaitegi, Belen Ruedak antzezten duen emakumearen alaba. "Oso ume ausarta eta nekaezina da Emma. Helburu argi bat dauka eta ez du ezerk ezta inork geldiaraziko. Duen adinerako ume heldua da bizitzea tokatu zaion guztiagatik"

Azaroaren 17an, aretoetan

Aktoreak eta euren gertukoak "gogotsu" daude zinema aretoetako estreinaldirako. Hala dio Zaitegik: "Aurrestreinaldietan murgilduta gaude; azaroaren 14an, Madrilen izango gara, eta irrikaz gaude jendearengan duen eragina ikusteko, kontatzen duen istorioa zoragarria da eta".

Debagoienean ere izango da La ermita ikusteko aukera. Hurrengo asteburuan, esaterako, Oñatin; Arrasaten abenduan eskaintzeko asmoa dute, eta Bergaran eta Aretxabaletan ez dute datarik zehaztu, oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak