Esteban Urzelai oñatiarrak zuzentzen duen Suhar koruak irabazi du Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 5a, 11:40

Suhar Korua, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan. (Argazkia: ataria.eus).

Denera bost sari irabazi dituzte; hain zuzen ere, folklore nahiz polifonia saioak, publikoaren saria, Euskal obra baten interpretazio onenaren saria eta Txapelketako Kutxa Sari Nagusia. Aipatzekoa da Urzelai oñatiarrarekin batera, beste lau debagoiendar daudela Suhar koruan.

Aste honetan jokatu da Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa eta Esteban Urzelai oñatiarrak zuzentzen duen Suhar korua eguaztenean, hilaren 1ean, lehiatu zen. Lehiaketa honetan parte hartu duen euskal talde bakarra izan da.  Atzo izan zen sari banaketa eta bost sari lortu zituzten: lehen sariak polifonia eta folklore saioetan, Publikoaren saria, Euskal obra baten interpretazio onenaren saria Ipar Haize Hotz Zuria abestiaren interpretazioagatik eta Txapelketako Kutxa Sari Nagusia. Azken sari horrekin, 2024ko irailaren 14an Bulgariako Varnan ospatuko den Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusian izango dira.

Aste honetan, Esteban Urzelaik Hemen Debagoiena saioan egindako elkarrizketan adierazi zuen, helburu nagusia ez zela sari bat irabaztea, baizik eta "azken hilabeteotan egindako lan itzela erakustea eta oholtza gainean gozatzea". Taldeak sare sozialetan adierazi duenez, "sinistu ezinik" daude lortutakoarekin eta "denbora luzez" izango dute buruan atzoko egunez bizitakoa.

Esteban Urzelai, saria jasotzen. (Argazkia: ataria.eus).

Era berean, aipatzekoa da Esteban Urzelairekin batera beste lau debagoiendar ere badaudela Suhar koruan; Ignacio Olaizola eta Txomin Maidagan arrasatearrak, Xabier Mugarza oñatiarra eta Aitor Garitano bergararra.

Kontzertu berezia, gaur, Tolosan

Gaur itxiko da Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren egitaraua eta Suhar koruak kontzertua eskainiko du Tolosako San Frantzisko elizan, arratsaldeko zazpietan. Bi zatitan banatu dute emanaldia, eta lehenengoan, bederatzi abesti interpretatuko dituzte; bigarrenean, berriz, zazpi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak