Oldarraldiaren aurrean, Bilbora, hizkuntza eskubideak defendatzera

Miren Arregi Amasorrain 2023ko aza. 3a, 14:53

Deialdiarekin bat egin duten eragileetako zenbait ordezkari eta euskararen normalizazioan ari diren hainbat debagoiendar.

"Epaitegien esku-hartzearen aurrean", euskararen normalizazioan aurrera egin eta herritarren eskubideak erdigunean jartzea aldarrikatzeko manifestazioa egingo da bihar, Bilbon, 17:00etan hasita eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta.

Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik iritsi diren ebazpenak areagotu egin dira azken urteotan EAEn eta Nafarroan, Kontseiluak salatu duenez. Ebazpen judizial horien aurka, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta manifestazioa egingo da bihar, Bilbon, 17:00etan, Euskaldunatik abiatuta. Deialdiarekin bat egin dute Euskal Herriko hainbat alderdi politiko, sindikatu, euskalgintzako agente zein herri eragilek. Goienak biharko mobilizazioarekin bat egin duten erakundeetako zenbait ordezkari eta euskararen normalizazioan lanean diharduten hainbat pertsona batu ditu astean. Horiek dira: Roberto Altuna, Oñatiko Udal Euskaltegiko zuzendaria; Oskar Elizburu, Arrasateko AEK-ko zuzendaria; Aintzane Lasa, Arrasateko udal teknikaria; Maider Morras, Arrasateko alkatea (EH Bildu); Josu Leturia, zinegotzia Elgetan (EAJ); Jasone Mendizabal, Topaguneko zuzendaria; Amagoia Lasagabaster (ELA); Ibon Leibar (EHE); eta Ana Sebal (LAB). Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin egingo da manifestazioa.

Udal Legearen baliogabetzea

Biharko hitzorduaren berri, euskalgintzako eta bestelako gizarte eragileetako ehunka kidek eman zuten 2023ko maiatzean. "Ordurako baziren dagoeneko mobilizatzeko arrazoiak eta orduz geroztik areagotu egin dira", azaldu dute astean Euskalgintzaren Kontseilutik. Izan ere, hautsak harrotu zituen Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka uztailaren 6an igorri zuenak. Hark udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, Udal Legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetuz. Are, urriaren 17an, Udal Legearen garapen dekretuaren kontra egin zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) udalendako kolpe latza izan zen uztailaren 6koa; izan ere, Udal Legearen 6.2 artikuluak euskaraz jarduteko modua ematen zien udalei, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egitekoa. Halere, UEMAko udalek euskaraz funtzionatzen jarraitzeko asmo irmoa adierazi zuten. Halaxe hitz egin du Oñatiko alkate Izaro Elorzak: "Euskaraz funtzionatzen dihardugu, gure konpromisoa eta nahia delako". Iraitz Lazkanok, Elgetako alkate ohi eta UEMAko lehendakari ohiak, "oso kezkagarritzat" jo zuen sententzia, eta "oztopatzeko eta zeinek agintzen duen argi uzteko" estrategia baten baitan kokatzen du.

Normalizazioaren kontra

Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelendako ere "ez dira sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko oldarraldia". Bide beretik egin du EHUko irakasle eta legelari Iñigo Urrutiak ere, "neurri horiek guztiak euskararen normalizazioaren kontrakoak" direla uste baitu. "Pribilegiatua den hizkuntza babesten ari dira epaileak. Hori ikuspegi judizial batetik oso arraroa da, hizkuntza gutxitua euskara bera delako", azaldu du.

Manifestaziorako arrazoiak

Euskalgintzaren Kontseiluak biharko manifestaziora joateko hiru arrazoi nagusi aurkeztu ditu astean egindako agerraldian: "Lehenik, botere judizialaren esku-hartzeak salatzeko". Bigarrenik, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, euskara delako egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza. "Euskalgintza aho batez ari da esaten jauzi bat behar dela hizkuntza-politikan". Hirugarren arrazoia da herritarron eskubideak erdigunean jartzearena.

Debagoiena Bilbora

Debagoienean ehunka herritarrek eman dute izena herrietan antolatu diren autobusetan. Leintz bailaratik hiru joango dira; Oñatitik, bat; eta Bergaratik bi pisuko bat eta bigarren autobus bat joango dira Bilbora. Kontseilutik milaka pertsonaren parte hartzea espero dute bihar, eta euskararen normalizazioan lanean dihardutenek ere argi dute. "Edozein hizkuntzak, biziko bada, bera ohiko izango den guneak behar ditu. Udalak, osasun-etxeak, denetariko zerbitzuak… Horietariko gehienetan, gaur egun gaztelania da nagusi, eta epaileen babes osoa dute. Horregatik, oso garrantzitsua da larunbat honetan denok Bilbon izatea eta oraingo oldarraldiaren aurrean nahikoa da esatea", adierazi du Bergarako euskara teknikari Estepan Plazaolak.

17:00etan aterako da, Euskaldunatik

Kontseiluak herritar guztiei dei egin die, bihar Bilbora gerturatu eta euskararen alde manifestatzeko. 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik eta udaletxean bukatuko da. Ibilbidea kantu-jiratako hainbat taldek girotuko dute, eta udaletxera heltzean, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hitzartzea egingo du. Ondoren, Iruñeko Duguna dantza taldeak gidatuta, sokadantza dantzatuko da, Ihintz Iriart, Sustrai Colina, Arkaitz Miner, Lorea Intxaurrandieta, Mikel Urbeltz eta Ander Blaskok lagunduta. Ekitaldia bukatuta, Kontrapas kantuaren kantaldia egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak