Pentsamendua, gogoeta kritikoa eta filosofia bultzatzeko ekimenak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 31a, 12:36

Joxe Azurmendi Katedrak hilaren 13an Arantzazun eginiko topaketako irudi bat.

Euskal pentsamenduaren egoeraz eta erronkez hausnartzeko, Joxe Azurmendi Katedrak topaketa egin zuen hilaren 13an Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Filosofia euskaraz eta Euskal Herritik sustatzeko aukerak eta ekimenak aurkeztu dituzte.

Joxe Azurmendi Katedrak, pentsamendua, gogoeta kritikoa eta filosofia bultzatzeko asmoz, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, 5.000 euro gordineko bi diru laguntza emango ditu 2023-2024 ikasturtean Filosofia: Zientzia, Gizartea, Teknologia masterra egiteko. Azaldu dutenez, laguntza jasotzen dutenek gai filosofiko baten inguruan eta euskaraz idatzi beharko dute Master Amaierako Lana, katedrak bultzatu nahi dituen ikerketa lerroak hobetsiko dituztela aurreratu arren. "Hala nola, 1956ko Belaunaldiaren pentsamendua, nazioarteko eragina euskal pentsamenduan eta honen transmisioa, hizkuntza eta kulturaren teoriak edota naziogintza eta estatugintza".

Horrez gain, instituzio berdinekin batera, 2023an aurkeztutako bi Gradu Amaierako Lan sarituko dituzte. Euskaraz izan beharko dira eta aipaturiko ikerketa lerroekin bat egiten dutenak hobetsiko dituzte.

Oihenart Aforismoen lehiaketa

Katedrak, EHUko Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin eta Donostiako Udalarekin batera, Oihenart Aforismoen hamaikagarren lehiaketa jarri du abian. Euskaraz idatzitako pentsakizun labur eta originalenak hautatuko dituzte bi kategoriatan: 25 urtetik behera eta gora. 500 euroko saria eskuratuko du talde bakoitzeko irabazleak, eta, bigarrenak, 250 eurokoa. Gaiari dagokionez, Joxe Azurmendiren Azken egunak Gandiagarekin saiakerako esaldi bat izango da: "Entzutea arimako jarrera sakon bat da. Zeure ezaskitasuna apalki ezagutzea, barnea konfiantza osoz ireki, gure baitaratzen utzi munduari, hustu gure nia eta leku egin etortzen zaigun munduarekin neure ni berria egiteko: izadia gure baitan hartzea da eta geu harengan eraldatzea".

Parte hartu nahi izanez gero, azaroaren 5a baino lehenago aurkeztu beharko dira egindako lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak