Debagoienean sortuko diren ZTIM lanpostuen ikerketa egin dute

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 26a, 19:02

Debagoieneko Mankomunitateak eta MUko Goi Eskola Politeknikoak egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloari deritzo ZTIM, eta ikerketan parte hartu duten enpresen %78k adierazi du zailtasunak dituela kontratazio berrien aurrean.

Etorkizuneko ZTIM lanpostuak: Debagoieneko enpresen gaitasun eta prestakuntza beharren analisia izeneko ikerketa egin dute hiru eragileek. Egungo eta etorkizuneko lan-merkatuak ZTIM profesionalak behar dituela nabarmendu dute, eta etorkizunean gehiago beharko dituela gaineratu. "Egungo gizartean garapen eta aurrerapen zientifiko, teknologiko eta digitalaren abiadura azkarra da eta horrek etorkizuneko lanpostu asko gai eta diziplina hauekin erlazionatuta egotea eragiten du. Dagoeneko profil horietako profesionalen beharrean aurkitzen dira Gipuzkoako eta Debagoiena bailarako enpresa asko ere".

Azpimarratu dutenez, lan-merkatuaren aldetik eskaera handia dagoen arren, gero eta gutxiago dira ZTIM ikasketak eta lanbideak aukeratzen dituzten gazteak; are gutxiago, emakumeak. "Beraz, paradoxa handi baten aurrean gaude. ZTIM profesionalen beharra handia den honetan, ikasketa horiek hautatzen dituzten ikasle kopurua ez da nahikoa".

23 enpresak hartu dute parte

Industria sektoreko eta zerbitzu aurreratuko 5.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituzten 23 enpresak hartu dute parte azterketan. Enpresa txikiak eta handiak izan dira, eskualdeko herri gehienetan kokatutakoak eta teknologia maila aurreratua eta erdi-aurreratua dutenak.

Etorkizuneko lanpostuak zehazteko eginiko azterketa honek, langileei eskatuko zaizkien gaitasun teknikoak eta zeharkakoak jasotzeaz gain, prestakuntza beharrak eta talentua topatzeko enpresek dituzten oztopoak ere identifikatzen dituela adierazi dute. Izan ere, enpresen %78k aipatzen du zailtasunak dituela kontratazio berrien aurrean behar dituzten profilak aurkitzeko.

Beste ondorioetako bat da enpresek zailtasunak dituztela lanpostuak modu erakargarrian erakusteko. "Izan ere, diotenez, askotan lan-baldintza gogorren estereotipoei lotuta daude postu batzuk (lan-ordutegi konplexuak, zikinkeria...)". Egoera horren aurrean, galdetutako enpresen % 43k adierazi du zailtasunak dituela bere lanpostuak modu erakargarrian erakusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak