Legezko aitortza Iñaki Etxabe, Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiarani

Eneko Azkarate Laspiur 2023ko urr. 26a, 20:00

Iñaki Etxabe, Luis Otaño txirrindulariarekin, Kanpanzarren, 1960ko hamarkadan.

Eusko Legebiltzarreko Polizia gehiegikerien balorazio batzordeak beste 66 biktima aitortzea eta erreparatzea proposatu du. Horien artean daude Iñaki Etxabe, Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiaran. Pozik hartu dute berria senideek.

Polizia gehiegikerien 12/2016 Legearen bidez, Eusko Legebiltzarrean sortutako Balorazio Batzordeak hirugarren txostena argitaratu du. Txosten horretan, 66 espediente proposatu ditu batzordeak. Horietako 49k polizia-etxeetan tratu txarrak edo torturak jasan zituzten, eta zazpi Espainiako Poliziak edo eskuin muturreko taldeek –Batallon Vasco Español, Tripe A…– tiroz hildakoak dira.

1975ean eta 1982an

Azken horien artean daude Iñaki Etxabe arrasatearra, eta Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiaran senar-emazte bergararrak. Lehenengoa 1975eko urriaren 5ean hil zuten tiroz Kanpanzarren, bertako jatetxean. Batallon Vasco Español erakunde parapolizialak bere gain hartu zuen erailketa. Agiriano eta Barandiaran, ostera, polizia kontrol batean hil zituzten Gasteizen, 1982ko urriaren 16an.

"Azkenean, badator aitortza"

"Oso pozik hartu dugu berria. Azkenean, badator aitortza; ekonomikoa ere bada, gainera. Estatu Espainiarrak eta Espainiako gobernuak ez digute, oraindik, biktima izaera aitortu; Eusko Jaurlaritzak bai, ordea". Adierazi dio GOIENAri Olatz Etxabek, Iñaki Etxaberen alabak. Ildo beretik erantzun dio Iñaki Agirianok, Victoriano eta Maria Angelesen semeak, GOIENAren deiari. "Berandu dator, 41 urteren ostean, baina pozik gaude. Bada zerbait".

Ekitaldia, martitzenean

Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zuzendaritzak biktima horiei aitortza egiteko ekitaldia antolatu du Kursaalen datorren martitzenean, 18:30ean. Olatz Etxabe eta Iñaki Agiriano han izango dira. Olatz Etxabek, gainera, hitza hartuko du. Agirianok zera adierazi du: "Halako aitortzak eta ekitaldiak oso eskertzekoak eta beharrezkoak dira. Orain, Estatu Espainiarraren aitortzaren zain geratzen da. Uste dugu zerbait ari dela mugitzen, eta itxaropentsu gara".

Aurretik, astelehenean eta martitzenean, Polizia Gehiegikerien Balorazio Batzordeak txostena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak