Gurutze Gorriak egoera zaurgarrian dauden ikasleei laguntzeko programa abiatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 25a, 15:20

'Eskola arrakasta' programako saio bat. Irudia: Gurutze Gorria

Bergarako Udaleko gizarte zerbitzuekin aritzen da lankidetzan, eta 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Eskola-laguntza ematea da helburua.

Egoera "ahulean" dauden familietako gazteei laguntzeko asmoz, Debagoieneko Gurutze Gorriak bosgarren aldiz abiatu du Eskola arrakasta programa. "Urte hauetan zehar hainbeste gazteri laguntzeko gai izan gara; horrek, Debagoieneko Gurutze Gorriak bere osasun, gizarte eta elkartasun jarduera guztietan sustatzen dituen boluntarioen indarra eta dinamismoa erakusten du", azpimarratu du Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak.

Ikastetxeekin "lankidetza estuan" garatzen da proiektua, eta xedea da parte hartzen duten gazteen "komunikazio gaitasunetan eragitea, hizkuntza menperatzea eta pentsamendua garatzea". Hala ere, gaitasun emozional eta afektiboen garapenean ere eragin nahi du, eta horretarako, lehen helburuetako bat "konfiantzazko gune bat sortzea" da.

Zereginak moldatzen

Boluntarioei esker dago martxan proiektua, eta, hain justu, horietako bat da Elena Ibarrondo. Bada, egiten duten lana izan du hizpide: "Batzuetan, hizkuntza oztopoak gainditzen lagundu behar dugu, ingurunea ulertzeko gaitasuna garatu eta eskolak berak planteatutako erronkak garatu; beste batzuetan, tableten bidez trebetasun digitalak garatu behar ditugu, edo eskolako lanak egiten lagundu behar diegu". Haren arabera, une bakoitzean "erabilgarriena" izan daitekeena eskaintzen saiatzen dira, batzuetan zer erantzun asmatzen ez duten arren. "Orduan, Gurutze Gorriko beste kide batzuei galdetu eta laguntza eskatzen diegu; laguntza eskatzea ere normalizatzen dugu".

Egun, sei boluntariok osatzen dute proiektua, eta koordinatuta daude euren artean asteko saioak antolatzeko. Hala ere, irekia da taldea. "Ez da aldez aurreko prestakuntzarik edo esperientziarik behar. Pertsona bakoitzak nahi duen neurria laguntzen du, egin dezakeen ekarpenaren arabera", azaldu du Igartuak.

Beraz, proiektuan honetan zein besteren batean parte hartu nahi izan ezkero, aski da Gurutze Gorriak Elorregin duen zentroarekin harremanetan jartzea, 943 765 576 telefono zenbakira deituta edo altodeba@cruzroja.es helbidera mezu bat bidalita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak