'Bonben zaldunak' lana, Golden Blend-en eskutik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 30a, 10:02

Ezkerretik eskuinera, Alatz Etxebarriarteun, Xabi Iñurrieta, Antxon Arregi eta Julen Garmendia. Irudia: Golden blend

Hiru bergararrek eta antzuolar batek osatutako taldeak azaroaren 2an aurkeztuko du bere lehenengo diskoa, Antzuolako gaztetxean. Duela hiruzpalau urte hasi ziren elkartzen, baina orain dela urte eta erdi erabaki zuten grabatzen hastea. Kanta "oso pertsonalak" biltzen ditu.

Musika egiteko asmoz, duela hiruzpalau urte hasi ziren biltzen Xabi Iñurrieta –gitarra eta ahotsa–, Alatz Etxebarriarteun –gitarra eta ahotsa– eta Julen Garmendia –baxua eta koroak– bergararrak eta Antxon Arregi –bateria eta koroak– antzuolarra, aurrez elkar ezagutzen zuten arren. Ibilbidea, ordea, "oso irregularra" izan dute, geldialdiekin, duela urte eta erdi abesti batzuk zituztela ikusi, eta diskoa grabatzeko erabakia hartu zuten arte. Bada, horren emaitza da Bonben zaldunak lana. Azaroaren 2an aurkeztuko dute Antzuolako gaztetxean, 20:30ean. Aurretik, Jo Ta Be taldea izango da, 19:30ean.

Diskoak biltzen dituen abestiak "oso pertsonalak" direla adierazi du Arregik, hala nola "bakardadeaz, barruko kezkez eta beldurrez" hitz egiten dutela. Diskoaren izenak ere horrekin du lotura: "Bonben zaldunak lehen kantaren izena da. Munduaren amaierari buruz hitz egiten du, nola harrapatuko gaituen gehienok erdian, zerikusirik ez izan arren horra bideratu gaituzten erabakiekin". Beste abestietan ere "antzerako ideiak" errepikatzen dira, eta horregatik erabaki dute lanaren titulutzat erabiltzea. "Ideia ondo borobiltzen du".

Musika estiloari dagokionez, "arazoak" dituzte sailkatzeko. "Bakoitzak gure erreferentziak ditugu, eta gure instrumentuak jotzeko eta ulertzeko modu ezberdinak. Hainbat generotatik pasatzen garela entzun izan dugu: pop edo grunge estilotik, punk-rock klasikoagoraino". Arregiren hitzetan, "ihes" egiten dute ordenagailuarekin sortutako soinuetatik, eta gitarrek, baxuak, bateriak eta ahotsek osatzen dute entzuten den guztia.

Kazalisekin batera

Zarautzeko Fidelena estudioan grabatu dute diskoa, eta Arregik aitortu du grabaketak "beti" direla "zailak". "Batzuentzat lehenengo grabaketa izan ez den arren, instrumentu hauekin eta formazio honetan egin dugun lehenengoa izan da, horrek dakarren urduritasunarekin". Mikel Kazalis musikaria izan dute horretan bidelagun, eta "oso esperientzia polita" izan dela azaldu du antzuolarrak. "Kantuei buruzko iritziak, aholkuak eta iradokizunak eman dizkigu, eta osatzen lagundu digu. Gainera, tentsio momentutan lasaitasuna transmititu digu, prozesu guztia erraztuz".

Orain, beraz, diskoa aurkeztea besterik ez zaie falta. Asmoa da poliki-poliki martxan jartzea eta kontzertu batzuk egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak