Zerbitzu publikoetako grebak eragina izango du bailaran

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 25a, 07:30

Oñatiko Zubikoa kiroldegia itxita, gaur goizean.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek deitu dituzte lanuzteak sektore publikoan, uste baitute zerbitzuek "okerrera" egin dutela, eta, horrek, "ezinbestean", eragin zuzena duela herritarrei eskainitako arretan.

Debagoieneko zerbitzu publikoetako langile batzuek ere bat egin dute grebarekin, eta beraz, ez dute zerbitzurik eskainiko. Arrasateko, Bergarako, Antzuolako, Elgetako eta Oñatiko udaletako beharginek, esate baterako, bat egin dute grebarekin, eta itxita egongo dira, besteak beste, udal bulegoak, euskaltegiak, liburutegiak, ludotekak eta kirol instalazioak.

Bergaran, esaterako, Agorrosin Ekintza Gunea itxita egongo da, eta irekita Labegaraietako kiroldegia eta Udal Pilotalekua. Oñatin, gutxieneko zerbitzuak agindu ditu Udalak eta ondorioz, udaletxeko HAZ bulegoa zabalik izango da, dokumentuen erregistroa egin eta deiak jasotzeko bakarrik, udaltzaingo zerbitzuaren %100 bermatuta egongo da eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, ezinbesteko denean. Zubikoa kiroldegia eta kultur etxea itxita egongo dira. Bestetik, udalak azpikontratatutako zerbitzuak normaltasunez beteko dira: herribusa, gaztelekua eta ludoteka martxan izango dira.

Bailarako gainontzeko udalei dagokienez, Aramaiokoa eta Eskoriatzakoa ez dituzte itxiko, eta Aretxabaletan ez dute lanuzterako prozesurik abiatu.

Eskola publikoetan ere eragina izango du grebak, baina, aurreikuspenen arabera, ez udaletan bezain bestekoa. Gainera, atzo ere greba deituta zegoen hezkuntzan, eta zentro batzuetan zerbitzu minimoetan aritu ziren lanean; esate baterako, Antzuolako Herri Eskolan eta Kurtzebarri institutuan. Gaurkoan, berriz, bailarako ikastetxe publikoetako zuzendariek azaldu dutenez, ez da zehazki jakinekoa zenbatek egingo duten bat lanuzteekin; batzuetan, ordea, bai. Elgetako Herri Eskolan eta Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxean, adibidez, bat egin dute grebarekin, eta zerbitzu minimoekin dabiltza lanean; Aramaion, %75ak; Antzuolan, %50 inguruk; eta Oñatiko Urgain ikastetxean eta institutuan ere bat egin dute langile batzuek.

Debagoieneko ospitalean eta anbulatorioetan ere ez da jakinekoa zenbatekoa izango den grebak izango duen jarraipena, baina ESIko arduradunek aurreratu dutenez, zerbitzu minimoak egongo dira.

Zaharren egoitza publikoei dagokienez, berriz, Eskoriatzako Jose Arana egoitzan eta eguneko zentroan ohiko lanaldia egingo dute; langile bakar batek ere ez du greba egiteko asmorik adieraz. Arrasateko Iturbide egoitzan ere ez dute grebarik egingo; eta Mizpirualden, berriz, bilduta daude arduradunak.

Bateratzeko erabakia

Orain arte, protestak arloka egin izan dituzte langileek, baina sindikatuek adierazi dutenez, ez dute hitzarmenik berritzea lortu; beraz, borroka dinamika bateratzea erabaki dute. Era horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tokiko administrazioetako 152.000 langile publiko daude deituta gaur greba egitera, sindikatuek nabarmendu duten arren Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak direla-eta, "milaka langile greba eskubidea egikaritu ezinik" geldituko direla". Erakundeen "koherentzia falta" salatu dute; haien arabera, zerbitzu publikoek "gainbehera nabarmena" izan dute azken urteetan, baina agintariei "soilik" greba dagoenean axola zaie zerbitzuaren kalitatea.

Besteak beste, adibidetzat aipatu dute osasungintza publikoan larunbatetako zerbitzua eskainiko dutela, eta ez jai egunetakoa. Hezkuntzan, berriz, unibertsitatez gaindiko ikastetxe publikoetan, azaldu dute hezkuntza etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko duela zentrora; lehen, zuzendaria eta sarrera kontrolatzen zuena joan behar ei ziren.

Aldarriak mahai gainean

Modu batera edo bestera izan, prest daude aldarriei eusteko, azpimarratu baitute zerbitzu publikoek "okerrera" egin dutela, eta horrek eragina duela herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan. Beraz, egoera hobetzeko, langile publikoen soldata %10 igotzeko eskaria egin dute, argudiatuta "azken bi urteetako erosahalmena berreskuratu beharra" dagoela. Horrez gain, lanpostuak kontsolidatzeko eta behin-behinekotasuna %8ra bajatzeko ere eskatu dute. Baina baita gauza gehiago ere: erretiro kontratuak bermatzea; pribatizazioa amaitzea; lan kargak murriztea; euskararen ezagutza bermatuko duten formakuntzak emateko planak adostea; langileen osasun kudeaketa publikoa ahalbidetzea; 32 orduko lanaldia zehaztea eta bestelako lanaldi murriztuak bermatzea; eta berdintasunerako benetako urratsak ematea.

Funtsean, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek uste dute "soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak" Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko liratekeela, baina Madrilen hartzen direla erabakiak. "Borondate politikoko" kontua dela azpimarratu dute, nabarmenduz "Gernikako Estatutuaren arabera, Jaurlaritzak duela horretarako eskuduntza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak