Hamargarrenez dator Errigoraren ekimena

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 24a, 07:53

Errigorako kideak 2023ko kanpaina aurkezten. (Argazkia: Errigora)

Hamar urte bete ditu Errigorak. 2013an jarri zuten abian, lehenengoz, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina; horren helburuak ziren Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzea eta zonaldeko euskalgintzari ekarpena egitea. Asmo horiei jarraituz, aurtengo kanpaina ere dagoeneko abian da.

Hamar urteotan 130.000tik gora saski bete dituzte Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. "Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dugu —1.800.000 euro!— saskiek emandako mozkinekin. Eta, kanpainak joan kanpainak etorri, Errigoraren komunitatearen argazkia betez joan da ekimenera batu garen boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin.", adierazi dute Errigoratik.

Argazki erraldoia

Ohi legez, udazken betean etorri da aurtengo Euskarari puzka kanpaina, "sentsibilitate eta komunitateko kide guztiak bereziki batzen dituena, ekoizleengandik hasi eta euskalgintzako bidelagunenganaino". Hamargarren urteurrenean, gainera, Errigoraren komunitatearen argazki erraldoia atera nahi dute urteurrena ospatzeko: "Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko".

Saski bakarra

Aurtengo saski-eskaintzak hastapenetakoari keinu egin gura dio, eta horregatik, 50 euroko saski bakarra osatu dute: "Originala: sorrerako saskiaren modukoa eta aldi berean joera berrikoa; biribila: zortzi ertz izan arren, Errigora dena, garena, biltzen duena (ekoizle taldea, euskalgintzarako ekarpena, auzolangileen emana,...) eta biderkatzailea: sinpletasunetik, parte izateari eta izan nahiari dei egiteko ahala duena". Saskiak eskatzeko epea azaroaren 9an bukatuko da.

Saski horretan batuko dituzte 23 ekoizleren ohiko bederatzi produktu ekologiko. Ekoizleak honako hauek dira: Ablitasgo kooperatiba, El Alcaravan (Argedas), El Agricultor (Lerin), Aristu (Irunberri), Axuribeltz (Iturgoien), Azanza (Abartzuza), Azpea (Irunberri), Biosasun (Discastillo), La casa del aceite (Cascante), Bardea (San Isidro del Pinar), La Churta (Allo), Ebrón (San Adrian), Enara (Arroitz), El Escolar (San Adrian), Gobeiaberri (Lodosa), Hazialdeko (hainbat herri), Iturri (Arroitz), Lezaun (Lakar), Martinelli (Beriain), Mendiko (Oibar), El Molinero (Arroitz), Monasterio de Cascante eta Urrutia (Uxue).

Saskiaren prezioa, 50 euro, produktu horiek dendan erosiz gero izango luketen prezioen parekoa da, eta kasu honetan, %25a euskalgintzarako ekarpena da. Hain zuzen ere Argia (Tutera), Erentzun (Biana), Ibaialde (Lodosa), Ager eremuko AEK, D ereduko lerroetara eta Agerraldia-ren ekimenak finantzatzera bideratuko dute.

Erosketak

Errigoraren webgunearen bitartez eska daitezke saskiak. Dena den, ohiko bideak ere erabil daitezke, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia beteta eta baita herriz herri kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez ere, euskara elkarteak, esaterako. Horrez gain, hamar urteotan eskaria egin duten pertsonei gutuna helaraziko diete. Eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 9a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak