Futbola, gizarteko arazoak aldatzeko tresna

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 21a, 12:00

Alex Remiro Realaren entrenamendu baten. Argazkia: Real Sociedad.

Alex Remiro Realeko atezainak eta Futbol Mas fundazioak sortutako proiektua gure klubetara iritsi da. Mondrak jada martxan du eta Bergarak hilaren bukaeran ekingo dio. Aloña Mendik eta UDAk ere euren klubetara ekarri gura dute.

Alex Remiro Realeko atezainak eta Futbol Mas fundazioak sortutako Familientzako Formazioa proiektua gure taldeetara iritsi da. Mondrak hilaren 26an jarriko du martxan, lehen tailerrarekin; Bergarak egun bat beranduago ekingo dio, eta Aloña Mendi eta UDAk aurrerago egiteko asmoa iragarri dute. Proiektuaren helburua kirola tresna izanik haur eta gazteen ongizatea sustatzea da, eta hiru alderdi lantzen dituzte bertan: erresilientzia-prozesuak, lotura esanguratsuak, eta kohesio eta gurasotasun komunitarioa.

Beste helburuetako bat gurasotasun positiboa sustatzea da, ingurune seguruak eta babesleak sortzeko eta, horrela, haurren eta gazteen ongizate emozionala bermatzeko. Horretarako bi orduko hiru tailer egiten dituzte. Lehen bietan, familian ingurune seguruak eta babesleak nola sortu aztertzen dute, haurren eta gazteen ongizate fisikoa, mentala eta emozionala sustatzeko. Hirugarrenean, berriz, gizarte eta kirol-jarduerak lantzen dituzte, enpatia, talde-lana, komunikazioa, hazkunde mentalitatea eta lidergotza sustatuz.

Arrasaten, hilaren 26an

Denbora da proiektua abian jarri zutela, baina gure bailarara aurten iritsi da. Konkretuki Mondra eta Bergara izango dira lehenak berau aurrera eramaten Mojategiko eta Agorrosineko instalazioetan. Mondra izango da lehena, hilaren 26an arratsaldeko 17:30ean egingo dutelako lehen saioa Mojategin; azaroaren 2an eta 9an, ordu eta toki berean izango dira hurrengo bi saioak. Xabi Etxeberria zuri-moreen klubeko presidenteak garrantzia handia eman dio proiektua aurrera eraman ahal izanari, uste du eta azken urteetan futbol zelaietan "giro arraroa" sortu dela, batez ere harmailetan. "Federaziotik abisuak jaso izan ditugu hainbat klubek gure zelaietan gertatu diren egoera desegokiengatik. Hori dela eta, halako egoerak baztertze aldera, oso interesgarria iruditu zaigu proiektua", dio Etxeberriak.

Era berean, aitortu du hasieran "zalantzak" izan zituztela proiektuarekin, baina bertakoen azalpena jasotakoan ez zuten zalantzarik izan. "Egia esan, ez genuen ezagutzen eta gu ez ginen proiektu honen bila joan; eurak etorri ziren gurera, Debagoienean zabaldu gura zutela esanez eta ea laguntzerik genuen. Hasieran, kosta egin zitzaigun ulertzea zertaz doan, baina behin euren azalpenak jaso ondoren, aukera ezin hobea zela ikusi genuen", adierazi du Mondrako presidenteak. Momentuz, 26an hasiko den tailerrerako, 20tik gora pertsonak eman dute izena, eta Xabi Etxeberriak aitortu du gurasoek "parte hartzeko asmoa" agertu dutela.

Bergaran, hurrengo egunean

Egun bat geroago, hilaren 27an, Agorrosinen egingo dute lehen tailerra Bergara ere proiektu honetara batu baita. Mondrako presidenteak bezala, Iosu Elorza mahoneroen presidenteak ere uste du Alex Remiroren proiektua tresna paregabea dela arazo batzuei aurre egiteko. "Gizartean dagoen arazo bati aurre egiteko baliabidea dela uste dugu klubean. Gaur egun, geroz eta arazo gehiago daude kirol munduan, eta gurasoei horren aurrean prestatzeko balioko dielakoan gaude", dio Elorzak.

Klubean aurretik ere horrelako gaiak landu izan dituzte baina barne mailan, jokalari zein entrenatzaileei bideratuta gehiago. Orain, klubak herrian duen pisua erabili nahi dute gizarteko arazo hauei aurre egiteko. "Herri mailan erreferenteak gara, eta gizarteko gai hauei lehentasuna eman behar diegu. Garrantzitsua da guretzat horrelakoak egitea", adierazi du Bergarako presidenteak. Momentuz, izen-ematea zabalik dute eta klubetik jende ugari erakartzea espero dute, nahiz eta jakitun diren horrelakoetan zaila dela jendea mugitzea.

Aloñak eta UDAk ere bai

Mondrak eta Bergarak egin bezala, Oñatin eta Aretxabaletan ere proiektua euren taldeetara eramateko asmotan dabiltza. Aloña Mendiren kasuan, ekimeneko kideekin berbetan ari dira, eta hilaren 27an gelditu dira bertako kideei klubaren instalazioak erakusteko, ea proiektua Oñatira ekartzeko biderik izango duten edo ez jakiteko. Ondoren, datak zehaztu beharko dituzte izen-ematea zabaldu ahal izateko. Aretxabaletan ere beste horrenbeste gertatzen da. Berba egiten ari dira tailer hauek Ibarran egiteko, eta, datak zehaztea falta bada ere, asmoa 2024ko martxoan egitea izango litzateke.

Tailerren ordutegiak

Arrasaten:
  • Urriak 26, eguena, 17:30ean, Mojategin.
  • Azaroak 2, eguena, 17:30ean, Mojategin.
  • Azaroak 9, eguena, 17:30ean, Mojategin.
Bergaran:
  • Urriak 27, egubakoitza, 17:30ean, Agorrosinen.
  • Azaroak 3, egubakoitza, 17:30ean, Agorrosinen.
  • Azaroak 10, egubakoitza, 17:30ean, Agorrosinen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak