Euskaraldiko parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko urr. 19a, 14:08

Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak. (Argazkia: Euskaraldia)

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen azken Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta, gaur, ariketa horren emaitzak aurkeztu dituzte. Horien artean nabarmendu dute Euskaraldia "eraginkorra" dela eta gizartean "egonkortu" egin dela.

Aurreko bi edizioetan egin den bezala, 2022koan ere ikerketa lan sakona egin dute eta horren ondorioak aurkezteko bildu dituzte gaur Bilbon, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak; Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta azterketaren eragileak diren Siadeco ikerketa kooperatibako Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun teknikariak. 

"2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte"

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, parte hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina "areagotu" egin da urtetik urtera. Datuei erreparatuz, zehaztu du "2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu" dituztela. Datu bera azpimarratu du Miren Dobaran sailburuordeak, eta honenbestez, euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldia "eraginkorra" eta "tresna egokia" dela esan du. Herrietako batzordeek egiten duten ezinbesteko lana ere goraipatu du Dobaranek.

Parte-hartzea

Siadeco entitateko Jon Arrugaetak eta Unai Oiartzunek parte-hartzeari buruzko datu gehiago eman dituzte. 2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten izena –estreinakoz edo berrespen bidez–. Horietatik % 77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta % 22,4k, berriz, belarriprest rola. Aurreko edizioekiko % 11,1eko jaitsiera erakutsiko lukete datu horiek. Gainera, gazteen izen-emateak egin du bereziki behera eta gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi dela aipatu dute. Adinaren arabera, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du "arrakasta gehien" 2022ko Euskaraldiak –% 34,4 dira adin tarte horretakoak–. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.

Izen-ematean jaitsiera eman arren, Javier Arakamak nabarmendu du edizio guztietan 150.000 izen ematetik gora egon direla, eta hori, zalantza barik, "asko" dela.

Eraginari dagokionez, elkarrizketa elebidunetan aurrerapausoa egin dute parte hartzaileek, hala, "% 44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea".

Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. 2020arekin alderatuta, Ariguneek %3,6 egin dute gora. Nabarmendu dutenez, Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera-datuak "altuagoak" dira, Euskaraldiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Eta, ariketa amaitu ostean ere, altuago mantendu dira. Hala, parte hartutako entitateen % 31,3k lortu du hizkuntza-ohiturak aldatzea.

Ondorio moduan, Arakamak honakoa zehaztu du: "Euskaraldia ekimen ezaguna da dagoeneko eta parte hartzaileek berriz ere parte hartzeko asmoa adierazi dute. Euskararen erabilera handitzeko helburua izan dute aritu direnek, eta datuek erakutsi dute ariketak helburu horretan funtzionatzen duela. Euskaraldia amaitu ostean euskara gehiago erabiltzen dutela, alegia". Orain, laugarren edizioa prestatzen hasteko unea da, eta aurreratu dute gogoeta prozesu bat abiatuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak