Ane Zabala arrasatearrak irabazi du Hiru Haundiak lasterketa

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 14a, 15:07

Ane Zabala arrasatearra, Araian helmugan gurutzatzen. Argazkiak, Isidor caballero.

Ane Zabala arrasatearra izan da Hiru Haundiak lasterketan emakumezko onena (14.30.02). Arrasatekoak, gainera, sari bikoitza eramango du, beterano mailan ere bera nabarmendu delako, noski. Gizonezkoetan Julen Martinez de Estibaliz arabarra izan da azkarrena (10.44.48), eta nabarmentzekoa, baita ere, Igor Olalde aretxabaletarrak lortutako bosgarren postua (11.32). 

Ane Zabala arrasatearrak irabazi du Hiru Haundiak distantzia luzeko lasterketa. Zabala arratsaldeko 15:00ak baino apur bat lehenago helmugaratu da 14.30.02-ko denbora eginda. Hala, Arrasate-Udalatx edota Ahuntzen lasterketako irabazleak distantzia luzetan ere bikain moldatzen dela erakutsi du. "Ez nuen espero txapela irabaztea, sorpresa izan da. Aste osoan eguraldi iragarpenei begira egon gara denok, ze giro izango genuen jakiteko, izan ere, bagenuen ardura puntu hori", adierazi du helmuga gurutzatu eta segituan egin dioten elkarrizketan. 

Debagoiendar asko lasterketan

Gauerdian hasi dute Hiru Haundiak lasterketaren 23. edizioa, eta mila lagun batu dira Murgiako irteera puntuan, ibilbidearen 101 kilometroak –10.000 metroko desnibel positiboarekin– egiteko gertu.

Eta, parte-hartzaile horien guztien artean debagoiendar asko izan dira. Beheko argazkian, esaterako, lasterketa hasi aurretik talde argazkia egin duten zenbait debagoiendar. Bada, egon da Ane Zabalaz gain lasterketan nabarmendu den bailarako ordezkaririk. Gizonezkoen maila absolutuan Igor Olalde aretxabaletarra bosgarren sailkatu delako (11.32) eta hamabosgarrena izan da Eskoriatzako Iker Galarraga Beitia (12.40). Sailkapen osoa, hemen.

Debagoiendarrez osatutako koadrila argazkia, irteera baino minutu batzuk lehenago. 

Bero zakarrik ez, behingoagatik

Eguraldiari dagokionez lasterkariek tenperatura ona izan dute proba osoan zehar, azken egunotako bero itogarrien beldur ziren korrikalari asko, baina ez dute halakorik izan. Behingoagatik udazken giroa izan dute. Euri apur bat ere egin die, ibilbideko zenbait puntutan, baina orokorrean, giro ona izan dute Gorbeia, Anboto eta Aizkorri inguruetan ibiltzeko. Hori bai, goizean larrialdi zerbitzuetakoek korrikalari bat ebakuatu behar izan dute Anboton, elikopteroz eraman dute ospitalera. Hala, orduotan mendian dabiltzan korrikalariek gauerdira arte dute Araiako helmugara heltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak