Ane Zabala: "Hiru Haundiak erreferentziazko lasterketa da, oso pozik nago"

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 14a, 16:52

Ane Zabala, azken metroetan. Argazkia: Isidor Caballero.

Arrasateko korrikalariak distantzia luzetan egindako debutean lortu du Hiru Haundiak moduko lasterketa bat irabaztea. Podiumera igo aurretik, aldageletan atseden apur bat hartzen erantzun ditu GOIENAko galderak. 

Ez da gauza makala egin duzuna, lehenengoz distantzia luzeko proba batean, zer eta irabazi

Ezustean harrapatu nau, benetan. Lagunartean etorri gara lasterketara, koadrila polita batu gara eta talde argazkia ere egin dugu hasieran. Eta, nire lehenengo Hiru Haundiak izan denez imajina dezakezun moduan errespetu osoarekin hasi dut lasterketa. Hau da, lasai egin gura nuen halako distantzia luzeak berriak direlako niretako eta ez nekielako gorputzak zelan erantzungo zidan. Bada, lagun batekin hasi dut proba –Isidor Caballerorekin– baina zoritxarrez 30. kilometro inguruan min hartu du eta erretiratu behar izan da. Hortik aurrerakoa bakarrik egin dut. 

Izan dituzu erreferentziak?

Ez, galdetu ere ez dut egin, garbi neukan nire erritmora joan nahi nuela. Anbotoko kontrol gunean esan didate lehenengo emakumezkoa nintzela eta harritu egin naiz. Baina, hortik aurrera ere nire erritmora egin dut lasterketa. Egia esan, lasterketa ia osoa bakarrik egin dut, eta erreferentzia bisual handirik ere ez pentsa egoten denik.

Lehenengo joateak ez du eraginik izan? Esaterako, anoa postuetan gutxiago geratzea...

Ez, oraindik asko geratzen zelako. Landan, esaterako, ez neukan jateko batere gogorik eta nire burua behartu dut zerbait jatera. 

Ze lekutan sufritu duzu gehien?

Elgeako eolikoetan momentu batean konturatu naiz burua apur bat joaten hasi zaidala, kontzentrazioa galtzen. Motxilan sandwich bat neraman eta tarte bat hartu dut berau jateko, eta apur bat onera etortzeko. Eta gero, eolikoak amaitutakoan oso tarte ederra izan dugu, Aizkorrira bidean baso polit batean sartu gara eta momentu ederra izan da.

Gauez egin dituzue ordu asko, zer moduz?

Egunsentia iristeko deseatzen nengoen, eta buruko linterna amatatzeko gogoa neukan. Zortzi bat ordu egin ditugu gauez korrika, eta ez nago ohituta. Entrenamendu saioren bat egin izan dut gauez baina ez naiz horrenbeste ordutan mendian ibili linternarekin. Azkenerako gogaikarri bilakatzen da, argiztatzen ari zaren leku horretara adi egon behar duzulako. Egia da Gorbeia gauez igotzea ederra dela, handik zelan ikusten diren herri eta hirietako argiak, baina gainontzekoan...

Ez zara gaupasa egin duen bakarra izan...

Ez, esan moduan koadrila galanta etorri gara lasterketa egitera, eta horrekin batera etxekoek eta zenbait lagunek ere gaupasa egin dute lasterketa jarraitzen. Ingurukoak hunkituta ikusi ditut helmugan, eta ni ere emozionatu egin naiz. Berezia izan da, eskerrak eman nahi dizkiet lagun eta etxekoei.

Zer suposatzen du Hiru Haundiak irabazteak? Izan ere, beste lasterketa batzuk irabazi dituzu, baina hau berezia da.

Euskal Herriko lasterkariendako erreferentziazko lasterketa da hau, bai. Oso berezia izan da hemen irabaztea, bereziki, distantzia luzeko nire lehenengo lasterketa izan denean.  

Ultra distantzietan debuta egin duzu, etorriko dira gehiago?

Orain momentuan ez dakit zer erantzun [Barreak]. Gaur ikusi dut ondo moldatu naizela eta imajinatzen dut aurrerago ere animatuko naizela besteren bat egitera, baina oraingoz ezin dizut besterik aurreratu. Halako lasterketa baten prestakuntza ez da 20 kilometrotako lasterketa baten modukoa, askoz ere sakrifizio handiagoa eskatzen du. Eta, korrika egitea gustuko dut, baina bizitzan baditut beste gauza batzuk ere gustura egiten ditudanak. Oraingoz, gaurkoaz gozatuko dugu. 

Eguna ez duzu, baina, amaitu...

Ez, lagun asko daude oraindik mendian korrika, eta Araian geratuko gara eurei itxaroten. Batenbati gauez ere egingo zaio eta animatzera geratzea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak