Sasoi bateko kontuak, hura bizi izan zutenekin

Goiena 2023ko urr. 16a, 10:34

Kontu kontari izeneko saio berria estreinatuko du Goienak datorren urriaren 19an, eta bertan, ia mendea bete dituzten pasadizo eta istorioak kontatuko dituzte Debagoieneko hainbat lagunek. Guztira bederatzi egingo dira; herri bakoitzeko bana.

Badator denboraldi berria Goiena telebistara. Badatoz ekoizpen eta saio berriak, askotariko nahi eta gogoak asetzera. Eta denboraldi berrian, orain arte bezala, bidelagun izango ditu Goienak Debagoieneko izate, gustu, lanbide, herri, eta adin desberdineko herritarrak. Hala, datozen hilabeteotan, Goiena telebistak jarraituko du orain arteko saioekin, baina, urriro egiten duen moduan, berriak ere estreinatuko ditu.

Urriaren 19an, estreinaldia

Hain justu ere, datorren eguenean, urriak 19, saio berrietako baten estreinaldia izango da Goiena telebistan. Kontu kontari izenburupean, gure herrietan bizi-esperientzia handia metatua duten pertsonak izango dira protagonistak. Duela zortzi-bederatzi hamarkada jaioak, ume eta ez hain ume zireneko garaietako pasadizo eta istorio mordoa kontatuko dituzte saio berrian. Pozak, minak, gosea, zailtasunak, aldaketak... Kontu kontari elkarrizketa saio bat da, mimoz egina eta garai bateko gure herriak, ohiturak eta zenbait pasadizo hura bizi izan duten herritarren istorioen bitartez ezagutzeko aukera eskainiko duena.

Lehenengo denboraldian, Debagoieneko bederatzi herrietan izango da Goiena, eta herri bakoitzean pertsona bana elkarrizketatuko du. Pertsona hori izango da ezaguna herrian, bizipen asko dituena eta istorioak kontatzen abila. Istorio horien bitartez, ikusleak ezagutu ahal izango du protagonista bera, hark bizitakoa, baina baita herria, beste sasoi bateko gizartea eta kontuak ere, kontu asko eta asko.

Elkarrizketatzaileak beti desberdinak izango dira. Batzuetan Goienako kazetariak, baina ez derrigorrean. Hori bai, beti-beti, elkarrizketatzen den pertsona horren herrikoa edo herria ondo ezagutzen duena izango da berbaldia gidatuko duena.

Asun Arzuaga, lehenengoa

Dagoeneko hasiak dira grabaketa lanetan, eta, lehenengo saioan, Oñatira egingo dute. Bertan, duela 93 urtetik herriko plazan bizi den Asun Arzuaga Lasagabaster izango da protagonista. Arzuaga Kale Zaharrean jaio zen 1930eko abuztuan, baina sei hilabete zituela plazara joan ziren bizitzera. Han egin du bizitza osoa, eta plazan denbora gehien daraman herritarra da gaur egun. Arzuagak gidoigintzan ere lan handia egin du azken bi hamarkadatan; izan ere, Pake Lekuko Ikusi Makusi antzerki taldeko antzezlanen gidoilaria da. Gidoilaria bakarrik ez, baita zuzendaria ere.

Plazako haren etxean grabatu zuen Errosaixo Bixamonaren biharamunean Goienak elkarrizketa. Hartan, gerrako kontuak, gerra ostea, errazionamendua, eskola, maistra izan zenekoak, XX. mendeko Oñatiko komertzioaren gainekoak, elizako kontuak, apaizen sermoiak, jaiak, lagunekin bizi izandakoak eta gehiago kontatu zizkion Goienari, eskuzabaltasunez. Elkarrizketa goxoa eta istorioz betea izango da Kontu kontari saio berriko lehenengoa. Garai bateko Oñatiren ingurukoak gehiago ezagutzeko aukera polita.

Lehenengo saioa ikusi ahal izango da hilaren 19an, eguena, 19:30ean, 21:30ean eta 23:30ean, Goiena telebistan.

Oñatitik Aretxabaletara

Oñatin hasita, esan bezala, Debagoieneko bederatzi herriak zeharkatuko ditu Goienak Kontu kontari saioarekin, eta bigarrena Aretxabaletako Manolo Zubillagarekin (Aretxabaleta, 1940) egingo du.

Zubillaga ezaguna da herrian, herrigintzari eskaini baitizkio urte asko eta asko. Gainera, pilotaren ingurukoak –Asegarce enpresan egin du lan 22 urtean– eta txirrindularitzaren gainekoak kontatzeko pertsona ezin hobea da Zubillaga. Ez hori bakarrik, UDAko eta Alkar elkarteko presidente izana da, eta baita zinegotzia ere. Kontu kontari-ko bigarrena ere berezia izango da, haren alaba Itxaro Zubillagak egingo baitio elkarrizketa aitari.

Kalitatezko ikus-entzunezkoak

Goiena telebistaren asmoa da, lehenengo denboraldiaren ostean, Kontu kontari-ren beste bati ekitea. Izan ere, gure nagusien jakinduria eta ezagutza batzeari ekin dio saio honekin Goienak, eta jarraitu gurako luke lanketa horrekin. Saioa kalitatezko ikus-entzunezko lana izango da, eta Goiena telebistan ez ezik, Goiena.eus-en ere ikusgai egongo da. Estreinaldia, aurreratu bezala, urriaren 19an, eguena, 19:30ean, 21:30ean eta 23:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak